Goierriko 22 udalak Aldundiari 4,8 milioi itzuli beharrean dira
Laugarren urtez jarraian, Goierriko 22 udalek eta Gipuzkoako gainerako 66ek iaz jasotako diruaren zati bat itzuli egin beharko diote Foru Aldundiari, UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2011ko likidazioa egin ondoren, udalerriei aurreikusitakoa baino %12,64 gutxiago dagokielako. Eskualdeko udalerriek iazko urtean zehar lau ordainketatan guztira 39,2 milioi jaso bazituzten, horietatik 4,96 milioi atzera eman beharko dituzte. Aldundiaren ekarpen osagarri baten laguntza tarteko, azkenik 4,8 milioitan geratu da ordainkizuna. Foru ogasunak zerga bidez uste baino diru gutxiago bildu izanari zor zaio saldo negatiboa. Izan ere, UFFFtik udal bakoitzak jasoko duena biztanle kopuruaren eta aldagai fiskalen arabera kalkulatzen da. Aurreikuspen fiskalarekin izendatzen du Foru Aldundiak entitate lokalen finantzaketa funtsa, urte hasierarako. 2008tik ohiko den bezala, 2011n ere aurre-kalkuluak goitik egin zirela ikusi da orain, behin likidazioa burutu ostean. Lehendik udalek duten egoera ekonomiko-finantzarioa konplikatua bazen —batez ere inbertsio berriei ekiteko ezinagatik—, azken ekitaldiko UFFFren emaitzak eskuak gehiago lotu dizkie. Diru gutxiago jasotze hori gastatutako diru bat itzuli beharra da azken batean, udalek 2011ko aurrekontuetan erabili baitzuten. Diputazioak aurten kobratuko ditu jaso beharrekoak. Ostiralean Donostian egindako bileran adostu zuten foru agintariek eta udal ordezkariek kobrantza nola gauzatu: urte honetan zehar eta kopuru berdineko lau zatitan. Otsailaren 25ean —etzi—, maiatzaren 25ean, abuztuaren 25ean eta azaroaren [...]
Laugarren urtez jarraian, Goierriko 22 udalek eta Gipuzkoako gainerako 66ek iaz jasotako diruaren zati bat itzuli egin beharko diote Foru Aldundiari, UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2011ko likidazioa egin ondoren, udalerriei aurreikusitakoa baino %12,64 gutxiago dagokielako. Eskualdeko udalerriek iazko urtean zehar lau ordainketatan guztira 39,2 milioi jaso bazituzten, horietatik 4,96 milioi atzera eman beharko dituzte. Aldundiaren ekarpen osagarri baten laguntza tarteko, azkenik 4,8 milioitan geratu da ordainkizuna.
Foru ogasunak zerga bidez uste baino diru gutxiago bildu izanari zor zaio saldo negatiboa. Izan ere, UFFFtik udal bakoitzak jasoko duena biztanle kopuruaren eta aldagai fiskalen arabera kalkulatzen da. Aurreikuspen fiskalarekin izendatzen du Foru Aldundiak entitate lokalen finantzaketa funtsa, urte hasierarako. 2008tik ohiko den bezala, 2011n ere aurre-kalkuluak goitik egin zirela ikusi da orain, behin likidazioa burutu ostean.
Lehendik udalek duten egoera ekonomiko-finantzarioa konplikatua bazen —batez ere inbertsio berriei ekiteko ezinagatik—, azken ekitaldiko UFFFren emaitzak eskuak gehiago lotu dizkie. Diru gutxiago jasotze hori gastatutako diru bat itzuli beharra da azken batean, udalek 2011ko aurrekontuetan erabili baitzuten.
Diputazioak aurten kobratuko ditu jaso beharrekoak. Ostiralean Donostian egindako bileran adostu zuten foru agintariek eta udal ordezkariek kobrantza nola gauzatu: urte honetan zehar eta kopuru berdineko lau zatitan. Otsailaren 25ean —etzi—, maiatzaren 25ean, abuztuaren 25ean eta azaroaren 25ean kenduko zaie udalei iaz gehigarri iritsi zitzaien dirua; 2012ko UFFFren kuota jasoko duten egun beretan deskontua eginda, hain zuzen.
Ostiraleko erabakiaren aurretik beste ordainketa sistema batzuk planteatu zituen Foru Aldundiak. Erakundeko iturriek Goierriko Hitzari jakinarazi diotenez, «legearen arabera %100 otsailaren 25ean ordaindu beharra» zeukaten udalek. Baldintza hori malgutu zen; %50 data horretan, eta gainerakoa beste hiru kuotatan kitatzea proposatu zen hurrena. «Baina azkenean alkate batzuek proposatu duten planteamendua jarraituko da, lau zati berdinetan itzultzea, alegia».
Ekarpen osagarria aldunditik
Aurreko urteetan egon ez den ekarpen osagarri bat egingo die Aldundiak udalei, bestetik. Guztira 1,74 milioi euro jarri ditu, eta 88 udal gipuzkoarren artean banatu, UFFFren banaketa-proportzio berean. Goierriko udalei denera 168.528 euro dagozkie aparteko poltsatik, itzuli beharrekoari %3,39ko arindua eragingo diona.
Ekarpen osagarria, aldundiak azaldu duenez, «iaz zerga bidez modu berezian eta aurreikusi gabe» jasotako kopurutik bideratuko die udalei, 2011ko UFFFren itzulketan erabil dezaten. «Aukera bazegoen dirutza hori aldundiaren aurrekonu propioan sartzeko, baina UFFFra bideratzea erabaki da, udalei zorraren zatitxo bat badarik ere kentzeko», dio aldundiko ordezkari batek.
Iazko puskari, gainera, 2009ko gainbeheraren ondorioak gehitu behar dizkiete udalek, oraindik ordainkizun dutelako duela hiru urteko itzulketa-kopuru altua. Orduan %22,26koa izan zen UFFFren aurrekontuaren eta likidazioaren arteko defizita. Goierrin 9,4 milioi dira. Hamabi kuotatan ordainduko dute udalek, iaz hasi, aurten segi, eta 2013an bukatzeko. Hiruhilean behin jasotzen duten dirutik deskontatuko zaie.
Krisia 2008ko udan azaleratu zen, eta urte hartako ekitaldian dagoeneko %11,84 behera egin zuen udalentzako foru ordainketak. Zortzi kuotatan zatituta, 2009an eta 2010ean itzuli zuten orduko zorra. 2010ean ere Aldundia geratu zen aldeko saldoarekin, jaitsiera beste urteetan baino xumeagoa gertatu zen arren (%0,77). Iazko lehen kuotan, otsailean, deskontatu zieten udalei, aldi bakarrean.
Halako egoeran, likidezia lortzeko modu desberdinak aukeratu dituzte udalek. Batzuek maileguak eskatzera jo dute, ordaintzeko dituzten kopuruak estaltzeko. Gehienek altxortegia hustuko dute, edo inbertsioen atalerako izan ohi ziren diruak erabiliko dituzte, gehiago zorpetu gabe.
Aldundiak jakinarazi duenez, herrialdeko udal gehienek norbere baliabideekin aurre egingo diete itzulketei, 88 herritatik 72ren kasuan. Beste 11 udalek mailegua eskatuko dute, eta bost zer egin erabakitzen ari dira.
2012ko funtsa %6,4 gehiago
Aurtengo ekitaldirako foru aurrekontuetan, bestetik, UFFFrako 396 milioi txertatuta daude. Goierriko 22 udalentzat hortik 38,2 milioi dira. 2011 hasierako aurreikuspenarekin alderatuta, aurtengo diru-kontua %2,6 gutxiago da; baina iazko likidazioa —benetan dagoen dirua, alegia— baino %6,4 haziagoa.
Aurrekontua goratzeko, Gipuzkoako Batzar Nagusietan itxitako akordio fiskalak eragina izan du, «zerga itunduetan udalek duten partaidetza handitu» egingo delako. Bestetik, EAEn zerga gehiago jasoko den kalkulua egin du Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak, sarrera handienak dituztenei ondarearen gaineko zerga berreskuratzearekin eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) igotzearekin.
UFFFren kalkulurako aplikatzen den koefiziente bertikala %57tik %57,5era pasako da aurten (3,5 milioi euro gehiago), eta %58ra 2013an (7 milioi gehiago). «Hazkunde hori jasota dago 2012ko udalentzako foru funtsaren aurreikuspenean, eta horrek esplikatzen du, neurri batean, UFFF %6,4 hazi izana 2011tik 2012ra, nahiz eta sarrerak %4,1 bakarrik hazi».
Hala eta guztiz, «zuhurtzia» izango duela aurreratu du aldundiak UFFFren aurkezpenean, «Estatuari Rover auziagatik egin beharreko itzulketen egutegiak eta kupoaren kalkuluak desadostasunak sortu dituzte, eta itxi gabe daude oraindik. Horrek areagotu egiten du zuhurtasun premia», dio aldundiak txostenean.
Bien bitartean, EAJk Udalak finantzatzeko beste eredu bat behar dela esan du Bilduk
Hego Euskal Herriko udalek gaur egun duten «egoera kaxkarra» hobetzeko gogoeta egin beharra dagoela esan zuten Bilduko hainbat ordezkerik, herenegun, Donostian. Udalak finantzatzeko beste eredu bat behar dela aldarrikatu zuten, gaur egungo ereduak «porrot» egin duela eta.
Udalen Legea alderdi guztien parte-hartzerik gabe egin zela gogorarazi zuten, eta udalen finantzaketan arazoak horren eraginez sortu direla. Eragileen eta alderdien arteko eztabaida egitea proposatu du Bilduk.
Bestetik, zerga politika aldatzea «ezinbestekoa» dela dio, «gehien dutenek gutxien dutenei lagundu behar diete». Egoeraren erruduntzat EAJ, PSOE, UPN eta PP jo ditu, «azpiegitura erraldoien alde eginez, diru xahuketa bultzatuz, erakunde asko dirurik gabe utzi dituzte».
Bestetik, EAJk kritika egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, UFFFren iazko itzulketan «agindu besterik ez» duela egin gaitzetsiz. Zenbateko osoa aurten itzuli beharrean, hurrengo lau urteetan ordaintzea nahi zuen EAJk.
Datuak
- 19,6 milioi euro. Goierriko udalek 2008tik 2011ra arteko UFFFen likidazio/aurrekontu defizitagatik 19.661.089 euro itzuli beharko dizkiote aldundiari. Jasotakoaren eta berez dagokienaren artean gainbehera handiena 2009an izan zen: %22,6koa. Iaz aurreikusitakoa baino %12,64 gutxiago geratu da likidazioa.
- 38,2 milioi euro. Udalak finantzatzeko foru funtsetik eskualdeko 22 udalerrietara 38.287.585 euro iritsiko dira 2012an, aurrekontuaren arabera. Iazko aurreikuspena baino %2,6 gutxiago da, eta likidazioa baino %6,4 gehiago. Udalek lau zatitan jasoko dute, otsailean, maiatzean, abuztuan eta azaroan.
ALKATEEI ELKARRIZKETA
IGOR EGUREN (Ordiziako alkatea)
«Arduraz jokatzea da udalak berriro zorpetzen ez uztea»
Arkaitz. Apalategi — Ordizia
Aldundiari itzuli beharreko diru kopuruak makina bat buruhauste eragin du udalerri gehienetan. Igor Eguren Ordiziako alkateak, aurrekontuak atzeratzeko arrazoi nagusia hori dela azaldu du. Hala ere, aldundiak malgutasunez eta arduraz jokatu duela dio.
Aurten itzuli beharko duzuen diru kopurua kontuan hartuta, zein da Ordiziako Udalaren egoera?
Gainontzeko udalerriak bezala, aurrekontuak ixteko izugarrizko arazoekin gabiltza. Hain zuzen ere, hori da aurrekontuak oraindik itxi gabe izateko arrazoi nagusia. Arduraz jokatu ezkero, ordainketa behar bezala egin daitekeela uste dugu, baina horrek aurrekontua bera asko eta askotan aldatzea eragin du. Bestetik, datorren urtera begira egon daitekeen beherapena kontuan hartu dugu, eta aurreikusi dugu %5 eta 8 arteko jaitsiera izan daitekeela hurrengo urteko zerga bilketan. Horrela, zauria egin aurretik tapatzen saiatu gara.
Ez al zegoen beherakada hori lehenago aurreikusteko modurik?
Bai, eta zentzu horretan, zalantzan jarriko nuke gauzak aldez aurretik nola egin diren; alegia, aurreikuspen horiek orain arte zergatik ez diren egin, ikusita ekonomiaren egoera zein zen, eta horrek beherapen bat ekarri behar zuela. Hori ez da behar bezala aurreikusi, eta orduko egoeragatik gatoz orain gatozen lekura.
Aldundiarekin bilera batzuk egin eta gero, epeka ordaintzeko aukera eman zaie udalei.
Udalen egoera larria eta kezkagarria da, eta uste dut foru aldundiak malgutasunez jokatu duela, dirua modu ezberdinetan bueltatzeko aukera emanda. Ezinbestean aldundiak eskatu diguna da, diru hori 2012an ordaindu behar dugula. Horren arrazoia zen den? Ba ez litzatekeela arduraz jokatzea izango udalak berriz ere epe luzerako zorpetzen uztea. 2009an ere antzeko zerbait gertatu zen eta udalei hiru urtean ordaintzeko aukera eman zitzaien, baina hainbat udalerri, Ordiziakoa barne, oraindik hori ordaintzen ari gara. Orain ere ez luke zentzurik legealdi osorako zorpetze batean sartzeak, baldin eta pixka bat estututa, hori zuzentzerik badago.
Horrelakoetan inbertsioen arloa izan ohi da kaltetuenetako bat.
Gauden egoeran ezin dugu pretentsio haundirik izan. Garaiak eskatzen duena da ahalegin guztiak herriaren funtzionamendu egokira bideratzea. Bakoitzaren kudeaketaren arabera geldituko da gelditzen zaigun gutxi horrekin zer egiten den.
AXIER MUJIKA (Aramako alkatea)
«Ekarpena jaisten bada, gure sarrerek behera egiten dute»
A. Apalategi — Arama
Herri bakoitzak aldundiari ordaindu beharreko kopuruetan alde handiak daude, herri horrek dituen biztanleen eta tamainaren arabera. Kopuru txikiena ere, zulo handia bihur daiteke herririk txikienen kasuan. Axier Mujika Aramako alkatearen ustetan, «ordaindu beste erremediorik» ez dute udalek.
Foru funtsera itzuli beharreko dirua dela eta, zein egoeratan dago Aramako Udala?
Guri, oraingo honetan, 24.000 euro bueltatzea tokatu zaigu. Azkenean ez dago beste erremediorik bueltatzea baino; gehiegi eman zaigun kopuru bat da, eta ez dago beste bueltarik.
Kopuru hori, Arama bezalako herri batentzat, dezente izango da, ezta?
Bai. Guretzako aurrekontuaren %8 inguru esan nahi du, gutxi gorabehera. 350.000 euroren inguruan gabiltza, beraz pentsa, 24.000 euro zuzenean horretara joango dira aurten, eta hori asko da, bai. Gu bezalako herri txiki batek, aurrekontuaren erdia baino gehiago fondo horretatik jasotzen du, eta hori jaisten den heinean, gure sarrerek ere behera egiten dute.
Horrek inbertsioetarako diru gutxiago egongo dela esan nahi du.
Bai, egia esan, maniobrarako tarte txikia gelditzen zaigu. Azkenean, kaxa bat izan ezkero, hortik tiratu dezakezu, baina beti hortik tiraka arituz gero, kaxa hustu egiten da. Orain, edozein gauza txikiri ere begira aritu behar dugu.
2011. urtekoaz gain, aurreko urteetako ordainketak ere egin behar dira aurten.
Bai, aurreko urteetakoak ere ordaintzen ari gara. Azkenean 2009tik bueltatu beharrekoa ere ari gara pagatzen.
Aldundiarekin bilera batzuk izan dira, eta azkenean epeka ordaintzeko aukera eman zaizue udalei.
Berez otsailerako ordainduta egon behar luke, baina udalen egoera ikusita, aldundiak erabaki zuen ordainketa hori lau zatitan egitea. Baina azkenean, denok ordaindu behar dugu.
Hainbat udalek maileguak eskatu behar izan dituzte kopuru hori ordaintzeko.
Bai, ordaintzeko zailtasunak dituenari aldundiak berak mailegu batzuk emango dizkio, baldintza onekin. Baina zorionez, hori ez da gure kasua. Aldunditik 88 herrietara galdetegi bana bidali zuten; 83k erantzun zuten galdetegi hori, eta 11 izan dira mailegua azkenean eskatu dutenak. Guk azkenean ordaindu egingo dugu eta kitto, ahaztu egingo gara kontu horrekin.