‘Euskaraz Bizi’ eguna antolatu dute Beasainen larunbaterako
“Beasain euskalduna eraikitzeko asmoz, eta euskarak gaur egun dituen harresiak eta oztopoak herri indarrez irauli nahian”, Euskal Herrian Euskaraz taldea sortu dute Beasainen. Hainbat gazte elkartu eta euskararen normalizazioaren bidean urr...
“Beasain euskalduna eraikitzeko asmoz, eta euskarak gaur egun dituen harresiak eta oztopoak herri indarrez irauli nahian”, Euskal Herrian Euskaraz taldea sortu dute Beasainen. Hainbat gazte elkartu eta euskararen normalizazioaren bidean urrats bat gehiago eman nahi izan dute. Helburu horrekin, Euskaraz Bizi Eguna antolatu dute Beasainen, larunbat honetarako. “Herritarrek, euskara lanabes hartuta, pilota partida, trikipoteo eta goi mailako bertsolariek alaitutako afariaz gozatzeko beta” izango dute, antolatzaileek azaldu dutenez.
Beasaingo Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideek, egunerokoan “euskaldunok nozitzen ditugun hizkuntza eskubideen urraketak” salatu eta horren inguruko gogoeta eragin nahi dute gizartean. Euskararen herrian, “euskara erdararen menpekoa” dela diote, eta “hizkuntza politikaren bitartez alor guztietan nagusi izateko tresnak” behar dituela euskarak. Hala, “euskara Euskal Herriko hizkuntza izanik, hizkuntza nazionala, ofiziala eta lehentasunezkoa izendatu beharra” dagoela uste dute.
Euskaraz Bizi Eguna (martxoak 3, larunbata):
- 18:00: Pilota partidak, Nafarroa etorbideko frontoian.
Ion Diez-Iraeta / Urteaga-Rodriguez
Goikoetxea / Mendia (4 t’erdian) - 20:00: Trikipoteoa, Mikelarena eta Urdangarin trikitilariekin.
- 21:30: Bertso afaria plaza azpian, Aitor Sarriegi, Iñaki Apalategi eta Beñat Iguaran bertsolariekin.
- Afarirako txartelak aurrez erosi behar dira Irizar, Arrano eta Baxakana tabernetan, 12 euroren truke. Egunean bertan 15 euro balioko dute.