Leire Markinez: «Esperimentatzea gustatzen zait, teknika ezberdinak nahastea»
Gaztetatik sartu zitzaion artearekiko zaletasuna, Leire Markinezi (Beasain, 1978). Arte Ederreak ikasi eta gero, bere sorkuntza lanak eta Tolosan ematen dituen pintura eskolak uztartzen hasi zen. Gustatzen zaiona eginez bizi da, eta zentzu horretan, zorte ona izan duela dio. Bere azken lanak Beasaingo Aterpe tabernan daude ikusgai, martxoaren 16ra arte. Herrian bertan jarri duzu erakusketa, baina ez da aurrenekoa, ezta? Bai, hemen [Aterpen] jarri dudan hirugarren erakusketa izango da, bakarkakoa. Gero kolektiboak gehiago izan dira. Urtean zehar, pare bat erakusketa egiten ditugu Goierriko artisten artean. Eta bakarka saiatzen naiz ahalik eta gehien egiten, baina beti ere egindako lanaren arabera. Hemen adibidez, azkena egindako lanen aukeraketa bat egin da, espazioa kontuan hartuta. Eta zure obran, tematika jakinen bat jarraitzen al duzu? Ez, tematika jakin batean baino gehiago, texturak eta konposizio ezberdinak lantzen saiatzen naiz. Aurreko lanekin alderatuta, hauek arinagoak direla esan daiteke; aurrekoak sendoagoak ziren, bai material eta bai kolore aldetik. Hauetan berriz, aukeratutako pinturak arinagoak dira, mugimendu gehiago dago, eta teknika ezberdinak uztartu ditut; haien artean sortzen diren erreakzioak gustatzen zaizkit. Gai bezala, espiritualagoak dira agian, kolore eta arintasun horregatik. Eta jendearen partetik, ze erreakzio edo iritzi jaso duzu? Jao izan dudan aurreneko erreakzioa izan da, kasu gehienetan, aurreko lanarekin alderatuta aldaketa handia dagoela. [...]
Gaztetatik sartu zitzaion artearekiko zaletasuna, Leire Markinezi (Beasain, 1978). Arte Ederreak ikasi eta gero, bere sorkuntza lanak eta Tolosan ematen dituen pintura eskolak uztartzen hasi zen. Gustatzen zaiona eginez bizi da, eta zentzu horretan, zorte ona izan duela dio. Bere azken lanak Beasaingo Aterpe tabernan daude ikusgai, martxoaren 16ra arte.
Herrian bertan jarri duzu erakusketa, baina ez da aurrenekoa, ezta?
Bai, hemen [Aterpen] jarri dudan hirugarren erakusketa izango da, bakarkakoa. Gero kolektiboak gehiago izan dira. Urtean zehar, pare bat erakusketa egiten ditugu Goierriko artisten artean. Eta bakarka saiatzen naiz ahalik eta gehien egiten, baina beti ere egindako lanaren arabera. Hemen adibidez, azkena egindako lanen aukeraketa bat egin da, espazioa kontuan hartuta.
Eta zure obran, tematika jakinen bat jarraitzen al duzu?
Ez, tematika jakin batean baino gehiago, texturak eta konposizio ezberdinak lantzen saiatzen naiz. Aurreko lanekin alderatuta, hauek arinagoak direla esan daiteke; aurrekoak sendoagoak ziren, bai material eta bai kolore aldetik. Hauetan berriz, aukeratutako pinturak arinagoak dira, mugimendu gehiago dago, eta teknika ezberdinak uztartu ditut; haien artean sortzen diren erreakzioak gustatzen zaizkit. Gai bezala, espiritualagoak dira agian, kolore eta arintasun horregatik.
Eta jendearen partetik, ze erreakzio edo iritzi jaso duzu?
Jao izan dudan aurreneko erreakzioa izan da, kasu gehienetan, aurreko lanarekin alderatuta aldaketa handia dagoela. Baina nik hori atsegin dut. Momentuz esperimentatzen ari naiz, eta oraingoz ez daukat bide garbi bat. Esperimentatzea gustatzen zait, une bakoitzean interesatzen zaidanaren arabera. Gehienek esaten dutena hori da, aldaketa dagoela eta gustatu zaiela.
Nolakoa da zure lan egiteko modua? Alegia, ba al duzu ohitura edo pauta finkorik?
Normalean teknika ezberdinak lantzen ditut, pintura ezberdinak. Akuarelak daude, tinta, akrilikoak, oleoa, esmaltea, papela… denetik dago. Eta hori gustatzen zait, teknika ezberdinak erabiltzea eta bakoitzak eskaintzen duen texturarekin eta koloreekin jokatzea. Eta batez ere interesatzen zaidana da beraien artean sortzen diren erreakzio horiek, askotan kontrolatu gabeak direnak. Hori da nire lan egiteko modua. Garrantzia teknikari berari eta pinturari berari ematen diot, gai edo tematika jakin bati baino gehiago. Pintura erabili beharrean zerbait esateko, pintura bera da gaia.
Goierriko artistak aipatu dituzu lehen. Zuen artean zer nolako harreman duzue?
Ona, oso harreman ona daukagu. Urtean behin gutxienez elkartzen gara denon artean zerbait egiteko. Eguberri inguruan beti egiten dugu erakusketa kolektibo bat, eta orain bigarren bat antolatzen hasi gara. Oraintxe bukatu berria da Ordizian, Altarten egin berri duguna, eta asmoa badugu hori ohitura bezala hartzeko. Eta gure artean saiatzen gara elkartzeko aitzakiak bilatzen. Azkenean beharrezkoa da mundu honetako jendearekin hitz egitea eta elkar kritikatzea, hortik ere ikasi egiten delako.
Kultur etxeetatik aparte, erakusketak egiteko leku askorik ez dago Goierrin. Zer iruditzen zaizu Aterpe bezalako taberna batek aukera hori ematea?
Oso ondo iruditzen zait, eta benetan azpimarratzekoa da Txominek [Ferreira] egiten duen lana. Datorren urtean 25 urte egingo ditu, eta denbora horretan beti izan ditu erakusketak. Eta lan hori bere kabuz eta artearengatik duen pasioagatik egitea, eskertzekoa da. Hemen inguruan ez dago horrelako taberna askorik.
Artearen munduan askok kanpora joan behar izaten dute bizimodua ateratzeko, baina zuk lortu duzu hortik bide bat egitea, ezta?
Bai, ez dakit zortea izan dudan edo zer, baina 2004an eskolak ematen hasi nintzen, eta harrezkero horretan nabil. 2006an Chillida Leku museoan ere hasi nintzen lanean, hezkuntza arduradun moduan. Hura itxi zuten eta orain eskolekin nago bakarrik, baina bizimodua ateratzen dut.
Aurrera begira, ba al duzu beste proiekturik esku artean?
Bai, momentuz margotzen jarraitzen dut, eta aurten bakarkako erakusketa bat izango dut Ordiziako Altarten. Eta han egon den erakusketa kolektiboa leku gehiagotatik ere pasako da. Gero beste zerbait ere sortuko da agian, baina momentuz pausoz pauso jarraituko dugu. Baina buruan ideiak beti izaten ditugu.