Eskualde izaera sendotu beharrean
Pasatako garaiak hobeak zirela esateko joera du adineko jende askok. Ingurura begiratuta, ordea, hobera edo okerrera egin du Goierrik? Azken belaunaldietan eskualdean eta bertako herrietan izan diren aldaketak aztergai izan dituzte Bixi-Bixi irratsaioan, Segura Irratiak eta Goierriko Hitza egunkariak elkarlanean antolatutako bigarren mahai-inguruan. Belaunaldi ezberdinetako hiru lagun elkartu dituzte horretarako: Joxe Bikuña ataundarra, Iñaki Murua gabiriarra eta Tere Madinabeitia legazpiarra.
Azken hamarkadetan izan den aldaketarik handienetako bat, Goierriren izaera bera izan dela uste dute hiru hizlariek. Iñaki Muruaren ustez, «garai batetik hona Goierriren kontzeptua asko aldatu da». Goierriko behealdearen eta goialdearen arteko lotura hori, ordea, gero eta estuagoa dela uste dute. Tere Madinabeitiak ere, Urretxun, Zumarragan eta Legazpin goierritar izaera hori gutxi nabaritu izan dela aipatu zuen. «Zatitu egin gintuzten eta beste mankomunitate bat sortu zen, Urola garaia izenekoa. Eta Goierriko Hitzarekin, eta orain GoiBerri-rekin, lotura hori etorri da, eta orain badago nolabaiteko sentimendu bat, Goierri batzearen aldekoa».
Eskualdea bera asko aldatu bada ere, «herritartasun hori mantentzen da, norbera bere herrikoa da, eta nortasun hori mantentzea oso garrantzitsua» dela uste du Madinabeitiak. Bikuñarentzat, nortasun hori mantentzen bada ere, «bakoitzaren herrimina edo kontzientzia gutxitzen» ari da. Horretan, herritarrek herri batetik bestera mugitzeko duten joerak ere zerikusi handia duela uste dute. «Gure garaian erromeria egitera San Martindik San Gregoriora joaten ginen; gaur berriz, Donostiara bezala Iruñera, Gasteizera edo noranahi joaten da bat».
«Bakoitza bere aldetik»
Herrien arteko harremanari dagokionean, orain arte «bakoitza bere aldetik» ibili dela uste du Joxe Bikuñak. «Administraziotik herri bakoitzak ahal duen etekinik handiena atera du, aldameneko herriak kontuan hartu gabe». Zentzu horretan, egungo ekonomia krisia onerako ere izan daitekeela uste du Bikuñak, «gerrikoa estutzearekin garai bateko beste bide batzuk hartzera behartuta egongo gara, eta Goierrik eskualde izaera handiagoa hartuko du».
Murua ere bat dator baieztapen horrekin. «Goierriko Herrien Ekintza fundazioa hor dago, eta zenbait ekintza garatu dira eskualde osoa kontuan hartzen dutenak, baina turismo aldetik eta kanpora begira. Barrura begira eta barne egiturak batzeari begira, ez dut uste kohesio hori bilatzen denik. Bakoitzak bere frontoiak, igerilekuak… bakoitza berea eraikitzen ari da, denok denona egin beharrean». Hori, neurri handi batean, «erosotasunagatik» dela uste du Madinabeitiak, baliabide horiek denak «norberak bere etxe ondoan» nahi dituelako.
Euskara
Euskara bera ere asko aldatu da garai batetik hona. Hitz asko galdu diren bitartean, teknologia berriekin lotuta hitz berriak sortu dira. Aldaketa hori, hein handi batean «normala» dela uste du Joxe Bikuñak. «Baserriaren inguruko lanbidea bukatzen ari da, eta horrekin lotuta zeuden zenbait hitz horrekin batera bukatuko dira, ez dut uste beste bueltarik duenik. Hiztegietan hor geldituko dira, baina erabilerik ez dutenez, hil egingo dira».
Madinabeitiaren ustez, «euskararen aldetik aldaketa nabarmena izan da, eta orain, ezagutza askoz ere handiagoa da. Orain ume guztiek ikasten dute eskolan». Zentzu horretan, Muruak ere aldaketa handia ikusten du. «Hezkuntza sarea eta euskarak sare horretan duen presentzia ikaragarri aldatu da. Kalean, ordea, ez hainbeste». Hizkuntzari dagokionean, euskaldun zahar askoren jarrera aldatu behar dela dio, batez ere euskaldun berriei dagokionean. «Oso zaleak baikara gaizki hitz egiten duenari barre egiten, baina erdaraz lasai ari denarekin geu ere erdaraz hasten gara».
Aurrera begira
Iragana eta oraina aztertu eta gero, etorkizuneko Goierri nolakoa ikusten duten galdetu zitzaien hizlariei. Muruak, Goierrik gauza onak eta txarrak badituela dio, baina batez ere, «bertako sentiarazten gaitu, eta hori pribilegio bat da». Madinabeitiaren ustez «erosotasunean eta zerbitzuetan irabazi egin dugu lehengo garaietatik ona».
Aurrera begira, «Goierri osatzen» joango dela uste du Bikuñak, eta «eskualde izaera handiagoa» izango duela. «Orain arteko bakarka jokatze horiek bukatzen joango dira eta Goierri hiri handi bat izatera iritsiko da; bere herriekin eta bakoitza bere nortasunarekin, baina elkartuta».