Gurpilak biraka, itxuraz borobil
Euskal Herriko lasterketa gorena antolatuko ez ote den zalantza plazaratutako une berean ekin dio errepideko txirrindularitzak 2012ko denboraldiari. Larunbatean hasi zen, Zumaian (Gipuzkoa), eta irailaren azkenera arte ia astero jokatuko da lasterketaren bat. Goierrin 35 proba izango dira, Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoaren egutegiaren arabera, haurretatik profesionaletara. Gipuzkoako probak eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan banatzen diren txapelketa guztiak —Euskaldun eta Lehendakari torneoak, edo EAEko eta Euskal Herriko kopak— kontuan hartuta, Goierrikoak guztizkoaren %34 dira, hiru probatik bat. Goierriko lehen lasterketa martxoaren 10ean da, haurrena, Beasaingo herrigunean jokatuko dena. Itxiera, iaz bezala, eskualdean izango da: irailaren 29an Zaldibiako II. Sari Nagusia, eta biharamunean juniorren Udazkeneko Kriteriuma, Urretxun. Denera 35 lasterketa dira, eta adin-kategoriaka honela daude sailkatuta: UCIko profesionalen bat (Ordiziako Klasika); amateurren hamar (Euskaldun txapelketako zazpi, Lehendakariko bat eta bi klasika), juniorren 13, kadeteen sei, eta infantilen beste sei. Iragarrita dauden lasterketa guztiak gauzatuko diren beste kontu bat da, baina txirridulari elkarteetako arduradunak itxaropentsu daude, orokorrean. Segurako Txirrindulari Elkarteko kide eta Gipuzkoako federazioko epaile Juan Mari Gereñuk, esate baterako, egutegiko «denak» egingo diren iritzia du. «Afizioa badago, eta nik uste dut proba txiki hauek denak egingo direla. Laguntzaileei eta babesleei ez zaie diru asko ere eskatzen, eta eman ohi dute. Kosta egiten [...]
Euskal Herriko lasterketa gorena antolatuko ez ote den zalantza plazaratutako une berean ekin dio errepideko txirrindularitzak 2012ko denboraldiari. Larunbatean hasi zen, Zumaian (Gipuzkoa), eta irailaren azkenera arte ia astero jokatuko da lasterketaren bat. Goierrin 35 proba izango dira, Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoaren egutegiaren arabera, haurretatik profesionaletara.

Profesionalen tropela, iazko Ordiziako Klasikan, Altzon gora. Arg.: Aimar Maiz
Gipuzkoako probak eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan banatzen diren txapelketa guztiak —Euskaldun eta Lehendakari torneoak, edo EAEko eta Euskal Herriko kopak— kontuan hartuta, Goierrikoak guztizkoaren %34 dira, hiru probatik bat.
Goierriko lehen lasterketa martxoaren 10ean da, haurrena, Beasaingo herrigunean jokatuko dena. Itxiera, iaz bezala, eskualdean izango da: irailaren 29an Zaldibiako II. Sari Nagusia, eta biharamunean juniorren Udazkeneko Kriteriuma, Urretxun.
Denera 35 lasterketa dira, eta adin-kategoriaka honela daude sailkatuta: UCIko profesionalen bat (Ordiziako Klasika); amateurren hamar (Euskaldun txapelketako zazpi, Lehendakariko bat eta bi klasika), juniorren 13, kadeteen sei, eta infantilen beste sei.
Iragarrita dauden lasterketa guztiak gauzatuko diren beste kontu bat da, baina txirridulari elkarteetako arduradunak itxaropentsu daude, orokorrean. Segurako Txirrindulari Elkarteko kide eta Gipuzkoako federazioko epaile Juan Mari Gereñuk, esate baterako, egutegiko «denak» egingo diren iritzia du. «Afizioa badago, eta nik uste dut proba txiki hauek denak egingo direla. Laguntzaileei eta babesleei ez zaie diru asko ere eskatzen, eta eman ohi dute. Kosta egiten da, eta zaila dago, baina aurrera aterako da».
Beasaingo Loinatz elkarteko Iñaki Telleriak urtea «lehengo antzera» joango dela iragarri du, proben antolakuntzari buruz. «Babesle batzuk atzeratu dira, baina berriak sartu ere bai. Momentuan, eusteko moduan gara. Inoxcra enpresak beste bi urterako babesletza du, taldea mantentzeko. Errifekin-eta ateratzen dugu gainerakoa».
Afizionatuen talde berria
Euskal Herriko Itzulia galtzea eragozpena litzateke. «Erreferentzia handia da. Hala ere, nik uste egingo dela», gehitu du Gereñuk.
Belaunaldi aldaketagatik edo, Beasainen aurten 9 gazte dituzte harrobian, eta beste lau mendiko bizikletako taldean. Iaz 22 ziren. «Bederatzi ez da hain gutxi ere. Normala ez zen 22 egotea», esan du Telleriak.
Umiltasunean, Goierriko ziklismoaren loraldiaren erakusgarri litzateke Ordizian sortu duten afizionatuen talde berria: Gopar-Ikolan Lanaldi. Tolosako eta Andoaingo klubekin batera eta federazioaren laguntzarekin eratu dute. 23 urtepeko 14 ziklista ditu, jubeniletatik afizionatuetara igo diren bertako mutilak eta kanpokoak. Gaur-gaurkoz, Goierrin amateur talde bakarra da.
Txirrindularitza egutegia 2012an Goierrin