Matxura eta Bad Sound System taldeek joko dute Melmatronik jaialdian
Beasaingo Gaztetxeak hirugarren urtez antolatu du Melmatronik musika elektroniko eta alternatiboaren jaialdia. Hamabost talde eta bakarlari gonbidatu dituzte, 16 ordu iraungo duen musika jaialdirako. Larunbat honetan izango dira kontzertuak, 22:00etan ...
Beasaingo Gaztetxeak hirugarren urtez antolatu du Melmatronik musika elektroniko eta alternatiboaren jaialdia. Hamabost talde eta bakarlari gonbidatu dituzte, 16 ordu iraungo duen musika jaialdirako. Larunbat honetan izango dira kontzertuak, 22:00etan hasi eta goizaldera arte. Aurretik, 18:00etatik 20:00etara, binilozko diskoen merkatua eta elkartrukea egingo dute. Norberak bere diskoak eraman eta beste jende batenarekin trukatzeko edo salmenta egiteko aukera izango du.
Jaialdiari dagokionean, estilo askotariko taldeak etorriko dira, denak ere, oinarri elektroniko bat dutenak, baina alor ezberdinetakoak; hala, teknopunka, rock industriala, Reggae, Tribe, Drum Live, Hard Tekno edota Breakbeat estiloak entzuteko aukera izango da, besteak beste. Kartelburu moduan, Mikel Anestesia baxujoleak osatu duen talde berria, Matxura izenekoa gonbidatu dute. Harekin batera ordea, Bad Sound System, Neo Kaos, Platiblond Extreme, Fobia, Hueso y Peyejo eta beste dozena bat talde eta musika jartzaile ariko dira gaztetxean.
- 18:00-20:00: Binilozko diskoen merkatua eta elkartrukea.
- 22:00: Kontzertuak: Neo Kaos, Matxura, Bad Sound System, Platiblond Extrema, Fobia, Hueso y Peyejo, Punto, 2-15, Krisis, ADN7, Winki, R-Kanuto, Jokinskywalker, Unaikox eta Tutupadak taldeekin.