Haur lapurtuen trama eta drama
“Trama antolatua, giza eskubide ugariren urraketa, krimena, sarraskia, delitua, bukatu ez den gizaki-trafikoa”… Jaio berritan ostutako umeen auzia izendatzeko SOS Haur Lapurtuak elkargoaren hitzetako batzuk dira. Geroz eta ugariagoak dira salaketak, egunetik egunera usteak susmo bihurtzen zaizkio jende gehiagori, eta askotan oldozpen txarren atzean zerbait gertatu zela baieztatzen duten datuak —edo datu falta— aurkitzen dira. Akaberarik ez duen auzia dirudi haur lapurtuenak, eta dagoeneko Hego Euskal Herri osoa zipriztindu duten kasuak irten dira. Horieatik hamarka batzuk, Goierrin. Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkargoko arduradunek Lazkaon emandako hitzaldian egoera gordinak aurkeztu dituzte: lehen pertsonan kontatutako kasu sinesgaitzak, baita entzuleen ahotik ere, eta haurrak lapurtzeko eta saltzeko antolamenduaren alderdi orain arte ezkutua erakutsi dute. 1936ko gerraren ondoren emakume errepublikazaleek sufritu zuten errepresio eta hondoratze neurri bezala hasi zen ume jaio berriak lapurtzea. Gero, ordea, dirua egiteko «negozio» bihurtu zen, motibazio politikorik, erlijiosorik edo sozialik eduki ez arren, lehengo jarduera antolatu, isilpeko eta ilunarekin jarraituz. Justiziak 1940-1990 urte arteko epea mugarritu du antzemandako «anomaliak» ikertzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 600 kasu baino gehiago izan litezke. Susmoak, 1995era arte SOS Haur Lapurtuak elkartearen iritziz 1990az aurrerago zabaldu beharra dago ikerketa. «Azkeneko exhumatzea 1993ko kasu batena izan da, eta hobia hutsik zegoen. 1995eko kasuak ere badaude. [...]
“Trama antolatua, giza eskubide ugariren urraketa, krimena, sarraskia, delitua, bukatu ez den gizaki-trafikoa”… Jaio berritan ostutako umeen auzia izendatzeko SOS Haur Lapurtuak elkargoaren hitzetako batzuk dira. Geroz eta ugariagoak dira salaketak, egunetik egunera usteak susmo bihurtzen zaizkio jende gehiagori, eta askotan oldozpen txarren atzean zerbait gertatu zela baieztatzen duten datuak —edo datu falta— aurkitzen dira. Akaberarik ez duen auzia dirudi haur lapurtuenak, eta dagoeneko Hego Euskal Herri osoa zipriztindu duten kasuak irten dira. Horieatik hamarka batzuk, Goierrin.
Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkargoko arduradunek Lazkaon emandako hitzaldian egoera gordinak aurkeztu dituzte: lehen pertsonan kontatutako kasu sinesgaitzak, baita entzuleen ahotik ere, eta haurrak lapurtzeko eta saltzeko antolamenduaren alderdi orain arte ezkutua erakutsi dute.
1936ko gerraren ondoren emakume errepublikazaleek sufritu zuten errepresio eta hondoratze neurri bezala hasi zen ume jaio berriak lapurtzea. Gero, ordea, dirua egiteko «negozio» bihurtu zen, motibazio politikorik, erlijiosorik edo sozialik eduki ez arren, lehengo jarduera antolatu, isilpeko eta ilunarekin jarraituz. Justiziak 1940-1990 urte arteko epea mugarritu du antzemandako «anomaliak» ikertzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 600 kasu baino gehiago izan litezke.
Susmoak, 1995era arte
SOS Haur Lapurtuak elkartearen iritziz 1990az aurrerago zabaldu beharra dago ikerketa. «Azkeneko exhumatzea 1993ko kasu batena izan da, eta hobia hutsik zegoen. 1995eko kasuak ere badaude. Gainera, oraindik ere badago umeen trafikoa; Osakidetzako txartela lortzeko, ama batek urte berean lau haur izan dituela adierazten duten egoerak badaude», azaldu du Amadeli Diazek, Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkartearen koordinatzaileak. Haurraren osasun txartelean amaren argazkia ipini beharra galdegin dute.
Erakundeen aldetik, laguntza emango dieten «promes asko» jaso dutela dio elkartak, «baina ez dira iristen». Bestetik, aferan nahasita egon litezkeen kliniken eta ospitaleen partetik «eragozpen asko» topatzen ari direla salatu dute, bai elkarteko kideek, bai biktima anonimoek: beharrezko paperak biltzeko ezintasuna, auzia argitzeko borondaterik eza, edo ezkutukeria, tartean.
Azaldu dutenez, 1961etik historia kliniko guztiak Donostiako Ospitalean daude, garai bateko erresidentzia zenekoak. Urte horretatik atzera, eta batik bat klinika pribatuetan, informazioa biltzeko «arazoa» dute afektatuek. «Oraindik ere ez dira ari kolaboratzen ospitaleak, nahiz eta itxura egin. Ez gaituzte serio hartzen agirien edo historia klinikoen bila joaten garenean», gaitzetsi zuen entzuleen artetik pertsona batek.
Afera gizartean azaleratu denetik, azken hilabeteetan etengabe ari dira susmoak ugaltzen eta kasuak egiaztatzen. Elkartearen lehen helburua «sarraskia» bistaraztea eta arduradunentzat zigor erantzukizunak eskatzea da; beste zeregin bat, sarritan oso zaila den arren, duela hainbat urte borondatez kontra banandutako haurrak eta guraso biologikoak elkartzea litzateke, hartarako nahia edo gogoa dutenengan bederen, «beti ez delako posible».
DNA laginak hartzen dizkiete umea kendu zietela uste duten gurasoei eta adopzioan beste familia batean jaso zuten pertsonei, eta berezko aita-amak zeintzuk diren jakin nahi dutenei. «Orain ez dugu ume haien bizitza bat-batean aldatu nahi, onartu beharra daukagu. Baina egia jakin nahi dugu, baita ere».
Susmoen aurrean, salaketa
Lazkaoko hitzaldian, esate baterako, entzuleen artetik atera zen beste kasu bat izan daitekeena. Emakume batek kontatu du nola denbora baino lehen erditu behar izan zela haur batez. «Haurdunaldiko bost hilabete eta erdira jaio zen umea, pisuan 600 gramo zela esan zidaten. Biharamunean, senarra erietxera joan zenean, hari esan zioten hil zela. Hain goiztiarra izanda, ez genuen bestelako susmorik hartu, harik eta gaur egun ateratzen ari diren kasuen berri jaso arte. Orain zalantzak ditugu gure ume hura hil zen ala ez», azaldu zuen.
Haurrak lapurtzeko tramaren jokamoldearekin bat datozen adibideak eman zituen. «Gorpua ikusten ez ziguten utzi, ehorzketaz erietxea arduraduko zela agindu ziguten. Baina inon ez dugu aurkitu heriotza agiririk, ez abortu-dosierrik». Hain zuzen, susmoa are kezkagarriago bilakatzen da ustez hildako umea inork ikusi ez zuenetan, edo ehorzketaz erietxea bera arduratuko zela hitza ematen eta berrematen zietenetan, ospitaleak ez baitu —eta ez zuen lehen ere— inori lur emateko eskumenik.
SOS Haur Lapurtuen ordezkariek salaketa jartzeko animatu zuten goierritarra, esandakoarekin ez fidatzeko aholkatuz. Elkargoaren Euskadiko lehendakari Flor Diazek azaldu duenez, paperetan ipinitakoa ere zalantzakoa izan daiteke sarritan. «Fiskalak, adibidez, arreta gehiago ipintzen dio agiriak zeinek sinatu dituen, bertan dioenari baino».
Bestetik, askotariko kasuak atera dira argitara, umea osteko modu eta egoera ugari erabiltzen zituztelako. Haur goiztiarren jaiotzetan, kasu, horien heriotza justifikatzeko errazagoa zelako. «Inkubagailuan eduki zitzaketen behar beste denboran, gero saltzeko. Sehaskategiko erizainei esaten zieten abandonatutako umeak zirela. Haietako batzuek aitortu dute harritzen zirela horrenbeste ume nola uzten ziren», dio Flor Diazek.
Jaio eta berehala «presaka» atera ohi zuten haurra erditze-gelatik. «Ama batzuk hil ere egin ziren odolustuta, karenarekin bertan uzten zituztelako. Normalean, gainera, aitari esaten zioten haurra hil egin zela, eta emazteari hark esan beharko ziola. Egoera horretan, esan beharrekoagatik larrituta, ez zuten bestetan pentsatzeko aukerarik izaten. Oso gutxitan esaten zuen medikuak zuzenean».
Oraingoz Gipuzkoako hiru udalerritako hilerrietan hilobi bana hutsik zeudela ikusi dute, horietako bat Itsasondon. Guztiaren erakusgarri, datu bat nabarmendu dute: Tolosan, 1976an, ume txiki bat hil zela dio erregistroak; hilerrian, aldiz, 29 haur lurperatu ziren. «Ez da egia fetoak edo jaio berriak hilerrietan ez zirela erregistratzen. 1939tik dago indarrean araudia, eta dio hilerrian sartzen den guztia inskribatu behar dela, inhumazio lizentzietan. Haurdunaldiko 1,5 hilabeteko fetoak badaude erregistratuta. Beraz, erregistratuta ez dagoen umea hilerrian ez da inoiz sartu. Gainera, umearen hezurdurak denboran irauten du, ez da erabat desegiten eta desagertzen. Hori beste gezur bat da».
Erietxeak, ustezko lapurretak izan daitezkeen kasuetan, hilotza erakusteari uko egiten zion: «Malformazioa zuela esan ohi zuten, edo beharrik gabeko trauma zela hilotza ikustea. Zenbaitzuri beste ume baten hilotza erakusten zieten, batzuetan bendatan bildua. Gure amari, adibidez, 2-3 hilabete zituen ume bat erakutsi zioten, hilda. Familia gehiagori ere, geroztik jakin izan dugunez, hilotz berbera jarri zieten aurrean», azaldu du Flor Diazek. Bi senide «lapurtu» zizkieten susmoa dute Flor eta Amadeli Diaz ahizpek.
Biktimen hautaketari dagokionez, zenbaitetan ama ospitalean sartzerako unean begiz jotzen zuten. «Baldintzak betetzen bazituen lehen txostenean gurutze potentzatu baten marka egiten zuten paperean. Gurasoak sanoak baziren, senideak sanoak… merkantzia salgarritza jotzen zuten jaiotzera zihoana».
Ezaugarri edo egoera batzuk gehiago baliatzen zituzten. «Emakume gaztea, engainatzeko errazagoak zirelako, eta ume gehiago edukiko zituela esanez kontsolatzen zituzten. Edo ume asko zituztenak, hildakoarekin ahaztu eta arreta besteengan jartzeko aholkatuz; edo bikiak izaten zituztenak, sanoena zen beti hiltzen zena. Eta, ama ezkongabeei… haiei ez zieten aukerarik uzten; nahi eta nahi ez kentzen zieten». Halako kasu asko eta asko goizaldean erditutakoei jazo zitzaizkien. «Mediku eta erizain berak egoten ziren orduan».
Erditzetik hurrengo 24 orduak izan ohi ziren susmoa duten kasuetan haurra hiltzen zena, normalean. «Pertsona gisa kontuan hartua izateko 24 orduko bizia eta pertsona itxura edukitzea behar ziren. Aurretik hiltzen baziren aborto gisa kontsideratzen zen, eta erregistro zibilean ez ziren inskribatzen, abortu-dosierra egin baizik. Gehinak 24 orduren aurretik hiltzen ziren».
Jaiotza inguruko (perinatal deitua) heriotza-tasa «Afrikan baino altuagoa» zen Gipuzkoan, elkarteko ordezkarien arabera. «Urte batean, ikusi dugunez, 89 ume hil zirela dio estatistikak, eta 253 hilobiratu zirela deskubritu dugu».
Baina haur lapurreta ez zen jaio berrietara bakarrik mugatzen. «5-6 hilabeteko haurrak ere bai. Katarro batengatik ingresatu, eta biharamunean umea hil egin zela esan zieten kasuak badaude. Orduan haurrek ez zuten eskubiderik erietxeko gelan gurasoekin egoteko. Aita-amei egunean bi orduz uzten zieten ohe ondoan egoten, txandaka», dio Flor Diazek.
Gipuzkoan eta Bizkaian jarduteko beste modu bat ere garatu zuten ustezko iruzurgileek: umea jaio zen klinikatik herrialdeko erietxera aldatzea, osasun arazoak zituela argudiatuta. «Nahi izanez gero, oso erraza zen haurra lapurtzea. Inpunitate osoarekin aritzen ziren. Medikuaren figura autoritatea zen. Umea hil zela bazioen, kito. Askok bazuten erditzean profesionalen aldetik arduragabekeria egon zen sentsazioa, baina salatzen ez ziren ausartzen, zereginik ez zegoelako. Gainera, inork ez zuen pentsatzen salmentarik zegoenik».
Ustekabean haurra hiltzen zen kasuetan, eta oraingo ikerketak frogatzen ari direnez, amarru ugari erabili ohi zituzten medikuek: «Sindrome oso arraroa zuela umeak, askotan zilborrestearekin benetako korapiloa deritzona gertatu eta ito zela —ez d ezinezkoa, baina bai oso-oso arraroa—, zilborrestearekin ito zela —moztu arte ez da arnasarik hartzen—. Gipuzkoako klinika batean buruhezur zati bat falta zutela diagnostikatutakoen tasa normala baino asko altuagoa da», kontatu du Amadeli Diazek.
Sarritan haurdunei loarrarazi egiten zieten, kloroformoarekin. «Haietako askori esan zieten umea hilda jaio zela. Hori ezinezkoa da. Ama lo badago, ume hila ezin da bakarrik atera, zesarea egin beharra dago». Edo haurdunaldian zehar zegoeneko hilda zegoela fetoa: «amak nabaritzen du sabeleko haurra hiltzen denean. Pisu beheraldi bat sentitzen du, botagurea, zorabioak…».
«Hau sarraskia izan da», esanez laburbildu dute afera SOS Haur Lapurtuak elkargoaren arduradunek.
(Goiberri astekariak ostiral honetan, martxoak 17, ustez haur jaio berria lapurtu zioten goierritar batekin elkarrizketa argitaratuko du).