
Martxoan Bertsoa zikloak aurrera darrai. Horren adibide dira asteburu honetan jokatu diren bi kanporaketak, taldekako txapelketari dagozkionak, hain zuzen.
Ostiralean, urteroko geldialdia egin zuen txapelketak Aldiri tabernan. Taberna jendez bete zen bertsolarien jarduna bertatik-bertara jarraitzeko, eta giroa bikaina izan zen hasieratik bukaerara. Hiru talde aritu ziren lehian: Gu ta Gutarrak (Aitor Lizarazu, Gorka Santesteban, Manex Agirrezabal), Be(k)tore Okocha (Amaia Iturriotz, Mikel Iturriotz, Beñat Torres) eta Trikitilariak (Aitor Zabaleta, Iñaki Larrañaga, Eugenio Gisasola). Unai Kerejetak jarri zituen gaiak, eta bertsolariek lan bikaina egin zuten.
Iturriotztarrek maila altua emango zutela espero zitekeen, baina besteak ere ez ziren atzean geratu. Trikitilariek lan oso txukuna egin zuten, eta Aitor Zabaleta dizdiratsu bati esker, oraindik ere finalean sartzeko aukerak dituzte. Gutarren taldean, Manex Agirrazabalek debuta egin zuen Martxoan Bertsoan, eta lan bikaina egin zuen entzuleen harridurarako. Iturriotz anai-arrebak eta Torres nagusi eta finalean egoteko aukera handiak dituzte, nahiz eta datorren asteburuko azken bi kanporaketen zain egon beharko duten.
Larunbatean Igartubeitin
Larunbatean, berriz, Ezkio-Itsasora salto egin zuen txapelketak. Igartubeiti baserrian jokatu zen kanporaketa, garai honetan ohikoa den barrikotearen atariko gisa. Jende dexente bildu zen Igartubeitin, eta saioa maila oso altukoa izan zen. Itziar Etxezarretak jarri zituen gaiak.
Hiru talde aritu ziren Igartubeitin kantuan: Ezkio-Itsaso (Asier Sasieta, Xabier Elgarresta, Eneko Zabaleta), Gabiri1 (Jokin Murua, Oier Oiarbide, Aratz Igartzabal) eta Lasatarrak (Antton Fernandez, Uxue Fernandez, Ander Gabirondo). Agur umoretsuen ostean, lan puntuagarriari eman zioten paso eta, bertan, Lasatarrak izan ziren nagusi hasieratik bukaerara. Uxue Fernandezek goia jo zuen bakarkako lanean, eta Antton anaia ere txukun aritu zen, baina arratsaldeko sorpresarik atseginena Ander Gabirondok emandako maila bikaina izan zen. Talde honek, hanka eta erdi du Gaztelekuko finalean, eta txapela lortzeko hautagai sendoa dela erakutsi zuen. Gabiriarrak ondo aritu ziren, hain eurena duten umoreari tira eginez, eta Ezkio-Itsasoko taldeak ere saio txukuna egin zuen, hilabetetan egindako lana agerian utziz.
Saioa amaitutakoan, barrikotea izan zen Igartubeitin. Bertaratutako denek izan zuten sagardoa dastatzeko eta mokadu bat egiteko aukera, Elortza anaien trikiti doinuek lagundurik.
Azken bi kanporaketak
Asteburu honetan jokatuko dira aurtengo txapelketako azken bi kanporaketak. Orduan erabakiko da nork kantatuko duen Gaztelekun hilaren 23an egingo den finalean. Ostiralean, Fox tabernan 23:00etatik aurrera arituko dira PPP (Itziar Pildain, Gaizka Oiartzabal, Jorge Andueza Pitu), Gazte Txoroak (Jon Mendizabal, Joseba Salegi, Jon Gurrutxaga) eta Gabiri2 (Gorka Maiz, Endika Igartzabal, Mikel Asurabarrena). Larunbatean, Motz tabernan izango da kanporaketa. 23:00etan emango diote hasiera eta ondoko taldeak arituko dira: Emakumeak, Gizonak eta Bizebertso (Manex Mantxola, Maialen Akizu, Iker Soraluze), Hgezurralde (Asier Iriondo, Julen Agirreburualde, Igor Iñurritegi) eta Jaka & Cia (Andoni Jaka, Gorka Ojanguren, Aitor Zaldua).
Kanporaketa hauez gainera, larunbatean Asier Iriondok hitzaldia eskainiko du. Zelai Ariztin izango da, 11:30etik aurrera. Igandean, berriz, Ezetz lortu haurrentzako txapelketa egingo dute.