
Martxoaren 29ko greba orokorraren testuinguruan, mobilizazio eguna deitu du LAB sindikatuak larunbat honetarako Goierrin. Hainbat ekintza daude aurreikusita, nagusienak Urretxun eta Zumarragan eta Beasainen izango dira.
Horren inguruko xehetasunak emateko, agerraldia egin zuen astelehenean Goierri garaiko LAB sindikatuak Urretxun. Bertan adierazi zutenez, mobilizazio egunaren muinean Rajoiren gobernuak berriki onartu duen lan erreforma dago. Usua Lasa, LAB sindikatuko ordezkariaren hitzetan, «2008an krisia hasi zenetik, langileen eskubideen aurkako azken kolpe bortitza» izan da.
Krisi honek gizarte guztiari eragin diola esan zuen Lasak agerraldiaren hasieran, baina «emakumeak, gazteak, etorkinak eta pentsiodunak dira krisiaren eragina bereziki jasaten ari direnak», gaineratu zuen. Horregatik, larunbatean egingo dituzten ekintzetan kolektibo guzti horiei egin diete parte hartzeko deia.
Goierri egoera larrian dago
Rajoiren gobernuak hartutako azken neurriek, eta aurretik onartu diren beste lan erreformek «porrot» egin dutela esan zuen Beñat Idiakez Urretxuko eta Zumarragako gazte mugimenduko kideak agerraldi berean. Horren adibide gisa jarri zuen egun eskualdeak bizi duen egoera. Goierri beheko datuei begiratuta «2008an 741 langabetu izatetik, gaur egun 1.551 langabetu izatera pasa gara», esan zuen. Goierri beheko datuei erreperatuta Josu Amenabar LAB sindikatu kideak esan duenez «1.140 zen langabetu kopurua orain lau urte Goierri behean. Gaur egun, otsaileko datuek diotenez, 2.358 dira».
Eskualdean horrelako ondorioak utzi dituzten lan erreformen helburua «kontratazioa bultzatzeko lan merkatua malgutzea dela saldu digute», esan zuen Urretxun Lasak, «baina gezurretan ari dira, krisiaren errudunak langileak garela sinistarazi nahi digute», gaineratu zuen.
Ekintzak eskualdean
Horregatik, hainbat ekintza antolatu dituzte larunbaterako. Goierri garaian adibidez, kotxe karabana aterako da 17:00etan Legazpiko industriagunetik. Ondoren, 18:00etan manifestazioa egingo dute Urretxu- Zumarragako Areizaga-Kalebarrenen hasita.
Goierri behean 11:30ean manifestazioak aterako dira lau herri ezberdinetatik: Legorretatik, Zaldibiatik, Idiazabaldik eta Ormaiztegitik. Oinez egingo dute guztiek Beasainera arteko bidea, bertan 13:00etan ekitaldi nagusia egingo baitu LABek herriko plazan.
Soldata murrizketen aurka bildu dira Legazpiko Bellota Herramientas enpresan
Soldata murrizketarik ez lelopean elkarretaratzea egin zuten atzo Bellota Herramientas enpresako langileek Legazpin. Pasa den martxoaren 8an enpresa zuzendaritzak bulegoetan lan egiten duten langileei soldatak euren borondatez %10 murrizteko eskatu zien. Langileen batzordeak ez du begi onez ikusten neurri hau. Andoni Aizpurua batzordeko ordezkariak esan duenez «aurrekariak sortu ditzakelako». Neurri honekin enpresak «195.000 euro besterik ez lituzke aurreratuko», gaineratu du, eta «enpresaren egoera hain txarra izanda honekin bakarrik ezer gutxi egin dezake». Horregatik enpresako lankideei soldatetan murrizketarik ez onartzeko eskatu diete. Atzoko protesta ekitaldiari jarrituz gaur Ordiziako merkatuan bilduko dira 10:30etik 12:00etara.