Martxoan Bertsoanen barruan haurrentzako trebezia lehiaketa antolatu dute
Martxoan Bertsoa ekimenaren barruan aurten lehendabiziko aldiz umeentzako trebezia lehiaketa antolatu dute. Ezetz lortu! ipini diote izena. Gorka Azkarate antolatzaileak jakitera eman duenez martxoaren 18rako jarri zuten hitzordua, baina haur askok eman dute izena, guztira 216k, eta beraz, beste egun batean ere egingo dute lehiaketa. Hilaren 18ko kanporaketaren ondoren, final modukoa apirilaren 1ean jokatuko dute.
Lehiaketa hori 7 eta 9 urte arteko haurrei dago zuzenduta, eta partehartzaileek hainbat trebezia proba egin beharko dituzte, sariak eraman nahi badituzte behintzat. Probetako batean esaterako lau globo emango dizkiete haurrei puztuta, eta airean mantendu beharko dituzte guztiak batera. Beste batean sei kutxa partituko dizkiete. Barruan zintzarriak egongo dira, eta ateratzen duten soinuaren arabera ordenatu beharko dituzte. Gisa horretako probak izango dira guztiak.
Sarrera librea
Trebezia lehiaketa Labeaga aretoan egingo dute martxoaren 18an, arratsaldeko bostetatik aurrera, eta sarrera librea izango da saioa bertatik-bertara jarraitu nahi duten ikusle guztientzat, berdin gazte zein heldu. Apirilaren 1eko finala noiz izango den aurrerago zehaztuko dute.