1ne enpresako garbitzaileak greban daude «lan hitzarmen duin bat» eskatzeko
CAF enpresan garbiketa lanak egiten dituen 1ne Limpiezas Industriales enpresako langileak greba egiten ari dira lan hitzarmen duinago bat eskatzeko. Tren ekoizle enpresako bulegoak, lantegia, herdoil geruzazko fosak, labeak… garbitzen dituzten 50 langile baino gehiagok bat egin du zortzi eguneko greba deialdiarekin.
Goizean CAFeko sarrera nagusiaren ondoan egindako agerraldian Mari Jose Urretabizkaia langileak azaldu duenez, «2009tik Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen garbikuntzarako hitzarmena sinatu gabe dago», eta 1ne enpresako langileen «soldatak hizoztuta daude». Hala, egoera horren aurrean, 2010ean, langileak elkartu egin ziren «hitzarmen propioa negoziatzeko», eta ELA, LAB eta CCOOko bost ordezkarik osatutako batzordea eratu zuten.
Mentu honetan, ordea, negoziazioak hautsita daudela jakinarazi du Urretabizkaiak, eta lan erreformarekin orain arteko proposamena «harrokeria handiz kendu» dietela salatu du: «Proposamena ekonomikoa bakarrik zen, KPI gehi %2 2013ra arte». Lan erreformarekin «langileen eskakizunak gehiegizkoak» direla jakinarazi diete. Langileek, ordea, haien eskubideen alde egingo dute, haiek ere «zikinkeria eta zarata jasan» behar izaten dutelako «miseriazko soldaten» truke.
Bost egun gehiagoz greba
CAFek azken urteetan izan dituen onurak kontuan hartuta, «langile askoren soldata 1.000ra ere iristen ez denean» lan baldintzak hobetu nahi izatea «gehiegi eskatzea» al den galdetu dute 1neko langileek. Egoera horren aurrean, ELA eta LAB sindikatuetara afiliatutako langileak zortzi eguneko greba ari dira egiten. Dagoeneko hiru egun daramatzate greban eta hurrengo lanuzteak hilaren 20tik 22ra eta 27an eta 28an egingo dituzte. CCOOek ez du bat egin grebarekin. CAFen «jokoa» ere salatu dute langileek, «beste enpresa bat kontratu nahi dutelako», eta hau hasiera besterik ez dela aurreratu dute 1nekoek.