Zeraingo herri proiektuaren “aurka egindako erasoak” salatu dituzte hainbat herritarrek
Hainbat herritarrek jakitera eman dutenez, Zeraingo herri-proiektuaren eta ereduaren «kontrako zuzeneko borroka» jarri du martxan Zerainen zenbaitek. «Eraso» horrek helburu argia du beraien ustez: «Herrian azken 40 urteotan landu den herri-proiektua eta auzolanean oinarritutako eredua geratzea eta deuseztatzea». Gertaera azken boladan «hartzen ari den neurria» eta herriak duen «arriskua» ikusita, zeraindarrek erantzutea erabaki dute. Batetik, herri proiektuaren aurkako «erasoak» kritikatu dituzte, eta bestetik, Zerainen martxan dagoen herri-proiektuaren eta ereduaren aldeko apustua berretsi dute. Urte hauetan herrigintzan aritu direnei eta egun dihardutenei ere babesa eman diete. Herriko plazan 50 herritar inguru elkartu dira gaur arratsaldeko seietan, “erasoak” kritikatu eta herri proiektuari babesa emateko helburuarekin. Horien artean ziren orain arte Zerainen alkate eta zinegotzi izandakoak, herriko garapen sozio-ekonomikoari esker herrian enpresak jarri edo proiektu ekonomikoak hasi dituztenak, herriko elkarteetako arduradunak nahiz hainbat zeraindar. Guztien izenean Antonio Gartziak (alkatea 1979-1987 eta 1995-1999 urteetan) eta Iñaki Berasategik (alkatea 1987-1995 eta 2003-2007 urteetan) hitz egin dute. “Etengabeko erasoak” salatu dituzte, zuzenak eta zeharkakoak. “Ez dugu onartzen elkarrizketa erabili ordez etxe guztietara dokumentu anonimoak zabaltzea, eta dauden guneetan lan egin ordez, aparteko gune paraleloak sortzea, kontra egite hutsagatik”. Era berean Zerainek azken 40 urteetan egin duen bidea babestu dute, eta Zerainen oraina eta etorkizuna eraikitzeko “bide [...]
Hainbat herritarrek jakitera eman dutenez, Zeraingo herri-proiektuaren eta ereduaren «kontrako zuzeneko borroka» jarri du martxan Zerainen zenbaitek. «Eraso» horrek helburu argia du beraien ustez: «Herrian azken 40 urteotan landu den herri-proiektua eta auzolanean oinarritutako eredua geratzea eta deuseztatzea». Gertaera azken boladan «hartzen ari den neurria» eta herriak duen «arriskua» ikusita, zeraindarrek erantzutea erabaki dute. Batetik, herri proiektuaren aurkako «erasoak» kritikatu dituzte, eta bestetik, Zerainen martxan dagoen herri-proiektuaren eta ereduaren aldeko apustua berretsi dute. Urte hauetan herrigintzan aritu direnei eta egun dihardutenei ere babesa eman diete.
Herriko plazan 50 herritar inguru elkartu dira gaur arratsaldeko seietan, “erasoak” kritikatu eta herri proiektuari babesa emateko helburuarekin. Horien artean ziren orain arte Zerainen alkate eta zinegotzi izandakoak, herriko garapen sozio-ekonomikoari esker herrian enpresak jarri edo proiektu ekonomikoak hasi dituztenak, herriko elkarteetako arduradunak nahiz hainbat zeraindar. Guztien izenean Antonio Gartziak (alkatea 1979-1987 eta 1995-1999 urteetan) eta Iñaki Berasategik (alkatea 1987-1995 eta 2003-2007 urteetan) hitz egin dute. “Etengabeko erasoak” salatu dituzte, zuzenak eta zeharkakoak. “Ez dugu onartzen elkarrizketa erabili ordez etxe guztietara dokumentu anonimoak zabaltzea, eta dauden guneetan lan egin ordez, aparteko gune paraleloak sortzea, kontra egite hutsagatik”. Era berean Zerainek azken 40 urteetan egin duen bidea babestu dute, eta Zerainen oraina eta etorkizuna eraikitzeko “bide onena” auzolana dela azpimarratu dute. Bi alkate ohiek, guztien izenean, babesa eman diete momentu honetan herriaren alde ardurako lekuetan lanean ari diren herritarrei, “herri proiektuaren eta ereduaren kontrako eraso zuzenenak haiek jasan baitituzte”. Azkenik, Zerainen alde, lehen bezala orain eta orain bezala gero, lan egiteko konpromisoa berretsi dute.
Dokumentua irakurri eta gero sinatu egin dute bertan bildutako guztiek. Orain gainerako herritarren artean sinadura bilketa egingo dute, eta beste zenbait ekimen ere jarriko dituzte abian.