Gazte asanblada prest da Lazkaon lehenengo aldiz Gazte Eguna ospatzeko
Urte askoan etenaldian egon ondoren, Lazkaon etzi (larunbata) berreskuratuko dituzte gazteen arteko festak. Gazte Asanbladak antolatutako I. Gazte Egunak jardunaldi osoa hartuko du, goizetik goizaldera. Herriko gazteen arteko harremanak sendotzea da fe...
Urte askoan etenaldian egon ondoren, Lazkaon etzi (larunbata) berreskuratuko dituzte gazteen arteko festak. Gazte Asanbladak antolatutako I. Gazte Egunak jardunaldi osoa hartuko du, goizetik goizaldera. Herriko gazteen arteko harremanak sendotzea da festaren helburu nagusia.
Goizeko hamaiketan hasiko dute egitaraua, gazte olinpiadak ospatzeko. Taldeka banatuta, jokoak eta probak egingo dituzte, plazan. Talde bakoitza arduratu da jarduera jakin banarekin.
Lagun arteko bazkaria ere plazako pilotalekuan izango da. Makarroiak —bertan prestatuak— eta haragi-bolak jango dituzte. Ehun lagunetik gora elkartzea aurreikusi dute antolatzaileek, saltzeko jarri zituzten 150 txarteletatik gehienak erosi baitira. Aurrez erosita 12 euro da txartela.
Bazkalondoren argazki emanaldia egingo dute, frontoian bertan. Gazte asanbladak garatutako ekitaldietako irudiak botako dituzte proiektagailuak: gabonetakoak, gaztainak erretzen, inauterietako mozorro festa, pailazo ikuskizunekoak…
Lazkaoko trikitilariek alaituko dute giroa, bai bazkal garaian, bai 19:00ak aldera hasiko den kalejiran eta txikiteoan.
Gauean kontzertuak
Udaletxeko arkupeetan hiru rock taldek joko dute, gauean, 22:00etatik aurrera. Limbo Bridge (Lazkao), The Last Strenght (Beasain) eta Cold Revenge (Bergara) ariko dira.
Ikuspegia Gazte Egunetik harago jarria dute asanbladakoek. Hurrena Lazkaoko jai nagusiak egokituko dira. Txosnetako egitaraua prestatzen tartean aritu dira gazte taldekoak. Bilkurak larunbatero 11:00etan egiten dituzte, udaletxean. Herriko gazte guztiei iritsarazi nahi diete gonbita, bileretarako nahiz biharko jairako.