Kiroldegiko lanetan hainbat arau urratu zirela esan du herri kontuen epaitegiak
Beasaingo udalbatzak hala eskatuta, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak udalaren eta udal sozietateen 2009. urteko jardun ekonomikoa aztertu du. Txostenak dionaren arabera, orokorrean «indarreko araudia zuzentasunez» bete bada ere, hainbat arau urratu dira, kontratazioei dagokionean. Besteak beste, Antzizar kiroldegia handitzeko lanetan, udal haurtzaindegiko lokala egokitzeko lanetan, eta udalak kontratatutako zenbait zerbitzutan egon dira urraketa horiek. Antzizar kiroldegiari dagokion atala da denetan zabalena. Txostenak, «kontratazioen aratuegian hainbat ez-betetze» azaleratu ditu Beasain Lantzen udal sozietatearen jardunean. Obretako bi kontratutan, hasieran aurreikusitako kopurutik %77ko eta %54ko igoerak izan ziren, hurrenez hurren. Kontuen auzitegiaren arabera, «ez dago behar bezain justifikatuta aldaketa horiek beharrizan berrien eta ustekabekoen ondorio direnik». Kontratu horietan handiena, igerileku estaliak egiteko lanena, 5,5 milioi euroan esleitu zen; lanen benetako kostua, ordea, 9,7 milioi eurokoa izan da. Igoera horrek «kontratuen xedea ez ezik, kontratuaren bolumena ere desitxuratu» egiten duela dio auzitegiak. Bestalde, kiroldegiko bi obra kontratu egiterako garaian «publizitate eta lehia printzipioak» urratu zirela esan du txostenak. Izan ere, zuzenean esleitutako kontratu bat ez baitzen aldizkari ofizialetan argitaratu, nahiz eta zenbatekoa kontuan hartuta, hala izan behar zukeen. Kontratista nagusiak, 1,2 milioi euroko balioa zuten hainbat obra osagarri zuzenean egin zituela dio txostenak. Kasu horretan «kontratazio independentea bideratu behar zatekeen, metatutako zenbatekoa aintzat hartuta». Uretako txirristaren hornidura ere zuzenean eta [...]
Beasaingo udalbatzak hala eskatuta, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak udalaren eta udal sozietateen 2009. urteko jardun ekonomikoa aztertu du. Txostenak dionaren arabera, orokorrean «indarreko araudia zuzentasunez» bete bada ere, hainbat arau urratu dira, kontratazioei dagokionean. Besteak beste, Antzizar kiroldegia handitzeko lanetan, udal haurtzaindegiko lokala egokitzeko lanetan, eta udalak kontratatutako zenbait zerbitzutan egon dira urraketa horiek.
Antzizar kiroldegiari dagokion atala da denetan zabalena. Txostenak, «kontratazioen aratuegian hainbat ez-betetze» azaleratu ditu Beasain Lantzen udal sozietatearen jardunean. Obretako bi kontratutan, hasieran aurreikusitako kopurutik %77ko eta %54ko igoerak izan ziren, hurrenez hurren. Kontuen auzitegiaren arabera, «ez dago behar bezain justifikatuta aldaketa horiek beharrizan berrien eta ustekabekoen ondorio direnik». Kontratu horietan handiena, igerileku estaliak egiteko lanena, 5,5 milioi euroan esleitu zen; lanen benetako kostua, ordea, 9,7 milioi eurokoa izan da. Igoera horrek «kontratuen xedea ez ezik, kontratuaren bolumena ere desitxuratu» egiten duela dio auzitegiak.
Bestalde, kiroldegiko bi obra kontratu egiterako garaian «publizitate eta lehia printzipioak» urratu zirela esan du txostenak. Izan ere, zuzenean esleitutako kontratu bat ez baitzen aldizkari ofizialetan argitaratu, nahiz eta zenbatekoa kontuan hartuta, hala izan behar zukeen. Kontratista nagusiak, 1,2 milioi euroko balioa zuten hainbat obra osagarri zuzenean egin zituela dio txostenak. Kasu horretan «kontratazio independentea bideratu behar zatekeen, metatutako zenbatekoa aintzat hartuta». Uretako txirristaren hornidura ere zuzenean eta lehiaketarik gabe esleitu zen. Horrenbestez, «publizitate eta lehia printzipioak urratu» direla dio epaitegiak.
Gainontzean, eta salbuespen horiek kenduta, Beasain Lantzen sozietate publikoak «ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia zuzentasunez» bete du, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arabera.
Zuzenean emandako lanak
Antzizar kiroldegiko lanez gain, beste hainbat urraketa ere azaleratu ditu epaitegiaren azterketak, Beasaingo Udalaren 2009. urteko jardunari dagokionen. Hala, udalak hainbat gastu «kontratazioko arautegian legez ezarritako prozedurak saihestuta» egin dituela dio txostenak.
Horietako bat, udal haurtzaindegia handitzeko erositako lokalaren egokitze lanei dagokio. Lan horiek, gremio ezberdinetako hainbat enpresek «zuzenean exekutatu» zituzten. Gastu osoa 452 mila eurokoa izan zela kontuan izanda, espediente bakar batean eta publizitatea emanda izapidetu behar ziren lan horiek.
Udal eraikinetako argindar lanek eta argiteriak, 114.995 euroko kostua izan dute urtean zehar. Epaitegiaren ustez, «gastu horiek guztiak bereizita fakturatutako zerbitzuei badagozkie ere, zerbitzu bat bera osatzen dute». Horrenbestez, bidezkoena publizitate bidezko prozedura egitea litzatekeela uste du epaitegiak. Igartza jauregiko egiturazko analisia egiteko kontratua, «publizitaterik gabeko prozedura negoziatu bidez» esleitu zen, eta kontratista horrek berak zuzenean gauzatu zituen beste bi proiektu, kasu horretan ere, publizitate eta lehia printzipioak urratuz.
Udal eraikinak garbitzeko zerbitzua eta parkeak eta lorategiak mantentzeko zerbitzuak kontratatu ziren 2009. urtean, baina ez ziren aldizkari ofizialetan argitaratu. Bide garbiketarako zerbitzua, berriz, 2002. urtean kontratatu zen, 8 urterako. Kontratu horrek «hasieran esleitutako zenbatekoarekiko %40ko igoera» izan du; egin diren aldaketek lehia printzipioa urratzen dutela uste du herri kontuen epaitegiak.













