Murumendi Pilota Eskolaren aldeko jaialdia antolatu dute hilaren 30erako
Murumendi Pilota Eskolaren alde dirua biltzeko jaialdia egingo dute gaur zortzi. Binakako bi partida jokatuko dituzte; bata promozio txapelketakoa, Olazabal-Larrinaga eta Urrutikoetxea-Zabala bikoteen artekoa; eta bestea eskuz binakakoa, Saralegi-Peñagarikano eta Olaetxea-Zabaleta bikoteen artekoa. Pilota jaialdia 22:30ean izango da, Antzizar kiroldegian. Murumendi Pilota Eskolak eta Beasaingo Udalak elkarlanean antolatu dute ekitaldia, Asegarce enpresarekin batera. Hiru erakunde horietako ordezkariek gaur aurkeztu dute jaialdia, Antzizar kiroldegian bertan. Koldo Agirre alkatearen hitzetan, eskola horrek duen herriarentzat duen garrantzia ikusita, «udala beti saiatu izan da euskal pilota bultzatzen, eta une honetan esan genezake Beasainen indartzen ari dela». Ikasle aldetik «pilota eskola egoera onean» dagoela azaldu du, «ume dezente» dabiltza eta. Gaur egun, 7 eta 11 urte arteko 30 ikasle ditu pilota eskolak. Hilaren 30eko jaialdiari begira, «helburua ahalik eta jenderik gehien» biltzea dela esan du Agirrek. Hori dela eta, sarrerak «prezio onean» jartzen saiatu dira; 10 euroan jarri dituzte salgai, Akelarre, Arrano eta Basakana tabernetan. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira, kiroldegiko sarreran, 15 euroan. Gainera, sarrera bakoitzeko, gonbidapen bat oparitu egingo dute. Asegarce pilota enpresaren izenean, Manu Zubillagak hartu du hitza. Esker ona agertu die Beasaingo Udalari eta Antzizar kiroldegiko arduradunei, «hau ez baita honera etortzen garen aurreneko urtea; promozio txapelketako final aurrekoetako partida bat urtero jokatzen dugu hemen». [...]
Murumendi Pilota Eskolaren alde dirua biltzeko jaialdia egingo dute gaur zortzi. Binakako bi partida jokatuko dituzte; bata promozio txapelketakoa, Olazabal-Larrinaga eta Urrutikoetxea-Zabala bikoteen artekoa; eta bestea eskuz binakakoa, Saralegi-Peñagarikano eta Olaetxea-Zabaleta bikoteen artekoa. Pilota jaialdia 22:30ean izango da, Antzizar kiroldegian.
Murumendi Pilota Eskolak eta Beasaingo Udalak elkarlanean antolatu dute ekitaldia, Asegarce enpresarekin batera. Hiru erakunde horietako ordezkariek gaur aurkeztu dute jaialdia, Antzizar kiroldegian bertan. Koldo Agirre alkatearen hitzetan, eskola horrek duen herriarentzat duen garrantzia ikusita, «udala beti saiatu izan da euskal pilota bultzatzen, eta une honetan esan genezake Beasainen indartzen ari dela». Ikasle aldetik «pilota eskola egoera onean» dagoela azaldu du, «ume dezente» dabiltza eta. Gaur egun, 7 eta 11 urte arteko 30 ikasle ditu pilota eskolak.
Hilaren 30eko jaialdiari begira, «helburua ahalik eta jenderik gehien» biltzea dela esan du Agirrek. Hori dela eta, sarrerak «prezio onean» jartzen saiatu dira; 10 euroan jarri dituzte salgai, Akelarre, Arrano eta Basakana tabernetan. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira, kiroldegiko sarreran, 15 euroan. Gainera, sarrera bakoitzeko, gonbidapen bat oparitu egingo dute.
Asegarce pilota enpresaren izenean, Manu Zubillagak hartu du hitza. Esker ona agertu die Beasaingo Udalari eta Antzizar kiroldegiko arduradunei, «hau ez baita honera etortzen garen aurreneko urtea; promozio txapelketako final aurrekoetako partida bat urtero jokatzen dugu hemen». Ostiraleko jaialdiari begira, lehia polita ikusteko aukera izango dela uste du. «Iaz hemen irabazi zuen bikoteak irabazi zuen promozio txapelketa, eta aurten ere, jokatuko duten bi bikoteek dute txapela irabazteko aukera».
Pilota txapelketa herrikoia
Beasaingo gazteen artean pilotarekiko afizioa handitu bada, neurri handi batean pilota eskolari esker izan da. Baina bada beste ekimen bat, helburu horretan lagundu duena: Beasaingo pilota txapelketa herrikoia. Aurten hirugarren urtez egingo dute, eta azken bi edizioetan, «arrakasta» izan duela azaldu du Koldo Agirrek. Txapelketa apirilaren 13tik maiatzaren 20ra jokatuko dute.
Bertan parte hartu nahi dutenek, zabalik dute izena emateko epea. Horretarako, Sasoian kirol zentrora edo Antzizar tabernara jo behar da martxoaren 27a baino lehen. Bikoteko 27 euro ordaindu behar da.