Pello Biain: «Gure emozioekin nahiz besteen emozioekin ez dugu jakiten zer egin»
Pello Biain (Zumarraga, 1962) irakaslea da Uglen, Zumarragako lanbide eskolan. Bertan jaso zituen adimen emozionalaren gaineko lehenengo ikastaroak, duela hamar urte inguru. Gaiak harrapatu zuen, eta aditu titulua lortu ondoren, ikastaroak eskaintzen hasi zen han eta hemen.
Filosofoa da ikasketaz, eta dioenez, adimen emozionalaren gaiak filosofiarekin eta psikologiarekin lotura estua du.
Nola sortu zitzaizun adimen emozionalarekiko interesa?
Duela hamar urte inguru Gipuzkoako Foru Aldundiak gaiari bidea egiteko ahalegina egin zuen. Lehenengo eta behin, hezkuntza sisteman txertatu nahi izan zuten, eta irakasle guztiok ikastaroa jaso genuen. Nik, ondoren, bigarren eta hirugarren mailako ikastaroak egin nituen, eta amaitzeko, aditu titulua lortu nuen. Bilboko aholkulari enpresa batean ikastaroak jaso eta eman nituen. Ordutik, Bergaran, Urretxun, Oñatin eta hemen, Zumarragako lanbide eskolan, ikastaro ugari eskaini ditut.
Zer da adimen emozionala?
Zure emozioak eta besteenak kudeatzen jakitea da, beti ere, zure eta besteen ongizatea areagotzeko helburuarekin.
Zergatik harrapatu zintuen gaiak?
Hasieran jabetu nintzen filosofiarekin eta psikologiarekin lotutako gaia zela. Niretzat oso eremu interesgarria izan zitekeela otu zitzaidan, nire lanean txertatu zitekeelako. Filosofiak betidanik izandako kezka da emozioena, zer dira? Aldi berean, niretzat, pertsonalki, lagungarria izan zen. Garai hartan nolabaiteko krisi profesionala sentitu nuen, eta aita izan berritan, aitatasuna pentsatu baino zailagoa zela konturatu nintzen. Adimen emozionalaren gaiari heltzeak bi eremu horietan lagundu zidan: profesionalean eta pertsonalean.
Zeintzuk dira emozioei erreparatzeak dakartzan onurak?
Adimen emozionalaren teoriek hiru konpetentziatan garatu behar direla diote. Norbanakoari dagozkion konpetentziak ondokoak dira: autokontzientzia, autoerregulazioa eta autonomia. Konpetentzia horien dimentsio sozialak beste hiru konpetentzia jasotzen ditu: kontzientzia soziala, autoerregulazio soziala eta ongizate komuna.
Adimen emozionalak filosofiatik eta psikologiatik edaten duela diozu.
Bai. Psikologiaren korronte batzuek gaiari buruz teorizatu dute. Filosofiako hainbat korronte humanistek ere erreparatu diote. Gainera, neurozientzia eta neurobiologiaren alorrean egindako aurrerapenek informazio gehiago eman digute: non sortzen diren emozioak, nolakoak diren zirkuituak, zein informazio daramaten…
Zer diote emozioek?
Gure oinarrizko beharrei buruzko informazioa ematen digute. Pizten den argi batekin alderatu daiteke. Argiak intentsitate handia badu, ase gabeko oinarrizko behar bati buruz ari da. Triangelu bat da, hiru elementu lotzen dituena: pentsamendua, emozioa eta jokaera. Halako pentsamenduak, horrelako emozioak.
Esango zenuke egungo gizartean emozioek dagokien tokia dutela?
Gure gizarteko eredua arrazionalista da, arrazoimenari garrantzia handiagoa ematen zaio. Emozioekin zer egin ez dugu inoiz jakin. Eskolan ekuazioak nola ebatzi erakusten diegu gaztetxoei, baina tristura edo beldurra nola kudeatu behar dituzten ez diegu erakusten.
Eredu arrazionalista hori ezbaian jartzen al duzu?
Arrazoia baztertu gabe, emozioei tokia egin behar zaiela uste dut. Irtenbidea arrazoiaren eta emozioen arteko akordioa lortzea da, hau da, sentitzen duzuna eta pentsatzen duzuna bat etortzea.
Emozioak, dena dela, kultura batean txertatu daude, ezta?
Bai. Emozioak kulturalki partekatzen ditu gizaki bakoitzak. Kultura bakoitzean adierazpide ezberdinak dituzte. Adibidez, gure kulturan haserrea gizonezkoarekin lotu ohi da, eta tristura emakumezkoarekin. Baina, gizonezkoaren haserrearen azpian ez al dago tristurarik? Edota, emakumezkoaren tristuraren azpian haserrerik? Kultura jakin batean txertatuta egonda, emozioak inoiz ez dira neutroak, beti karga bat daukate.
Mitoa al da euskaldunok kostata adierazten ditugula barruko emozioak?
Hitz gutxikoak garela esan ohi da. Ez da bakarrik euskaldunon kontua, baina, egia da, guri izugarri kostatzen zaigula emozioak adieraztea. Komeni da emozioak egunerokoan agertzea, ez bakarrik festa giroan. Ondokoari sentitzen duguna erakutsi behar diogu.
Zer irabaziko genuke?
Osasuna eta harreman hobeak. Pertsona batek bere emozioei buruz zintzotasunez hitz egiten duenean loturak sortzen dira. Emozioak hitz egiten lantzen dira, hala ere, zaila egiten zaigu emozioak hitz bihurtzea.
Hitz egitea zaila dela diozu, eta entzutea?
Entzutea ere bai. Entzutean arreta eta denbora eskaintzen diogu besteari, baina epaitu gabe egin behar dugu. Iritzia eman gabe entzun behar da, modu neutroan eta epaitu gabe, bestela hitz egiten ari dena itxi egingo da. Nolanahi ere, entzuteak deserotasuna sor dezake entzulearengan. Azken batean, gure emozioekin nahiz besteen emozioekin ez dugu jakiten zer egin.