Lazkao Txiki eta Andres Barandiaran oroituko dituzte igandean Lazkaon
Bertsolaritzaren lehena eta orainak bat egingo dute igandean Lazkaon. Bertsolari antzinako, gaur egungo eta etorkizunekoak ardatz hartuta ospatuko da Lazkao Txiki gogoan ekitaldian, urteroko legez Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolari ospetsua hil zeneko dataren bueltan. 19 urte dira haren heriotzatik. Igande eguerdian osagai ugariko ekitaldia prestatu dute eragile ugarik. Batetik, Lazkao Txiki eta Andres Barandiaran lazkaotar bertsolari hil berria oroituko dituzte. Bestetik, Goierriko Bertso Eskolak urteko festa ospatzeko plaza eta une berbera aukeratu ditu, ekitaldiarekin bat eginez. Lazkaotxiki Musika Eskolak ere etzi ekingo dio kultur asteari. Lazkao Txiki Zelaian 12:00etan hasiko da ekitaldia. Oin-Arin dantza taldeko hiru dantzarik agurra egingo dute, hiru bertsolariren omenez: Lazkao Txikiri, Aitor Sarriegiri eta Iñaki Apalategiri eskainia. Bi beasaindarrak dira, hain zuzen, eguneko izen bereziak, Gipuzkoako txapelduna eta finalista omenduko dituztelako bertso eskolako kideek. Bertso sortak bi lazkaotarrei Musika eskolak bi bertso sorta musikatu prestatu ditu. Bat Lazkao Txikiren gomutan jarritakoa da, eta bestea Andres Barandiaranen gorazarrez. Martxoaren lehenean hil zen Barandiaran, 86 urterekin. «Lazkao Txiki gogoan ekitaldira sekula hutsik egiten ez zuen lazkaotar bertsolaria zen Barandiaran, Lazkao Txikiren lagun handia. Iazko ekitaldian bere emaztearen hileta izan zen, ordu berean; aurtengoan bera faltako zaigu», esan dute antolatzaileek. Goierriko Euskal Eskolak bultzatu du antolakuntza, beste [...]
Bertsolaritzaren lehena eta orainak bat egingo dute igandean Lazkaon. Bertsolari antzinako, gaur egungo eta etorkizunekoak ardatz hartuta ospatuko da Lazkao Txiki gogoan ekitaldian, urteroko legez Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolari ospetsua hil zeneko dataren bueltan. 19 urte dira haren heriotzatik.
Igande eguerdian osagai ugariko ekitaldia prestatu dute eragile ugarik. Batetik, Lazkao Txiki eta Andres Barandiaran lazkaotar bertsolari hil berria oroituko dituzte. Bestetik, Goierriko Bertso Eskolak urteko festa ospatzeko plaza eta une berbera aukeratu ditu, ekitaldiarekin bat eginez. Lazkaotxiki Musika Eskolak ere etzi ekingo dio kultur asteari.
Lazkao Txiki Zelaian 12:00etan hasiko da ekitaldia. Oin-Arin dantza taldeko hiru dantzarik agurra egingo dute, hiru bertsolariren omenez: Lazkao Txikiri, Aitor Sarriegiri eta Iñaki Apalategiri eskainia. Bi beasaindarrak dira, hain zuzen, eguneko izen bereziak, Gipuzkoako txapelduna eta finalista omenduko dituztelako bertso eskolako kideek.
Bertso sortak bi lazkaotarrei
Musika eskolak bi bertso sorta musikatu prestatu ditu. Bat Lazkao Txikiren gomutan jarritakoa da, eta bestea Andres Barandiaranen gorazarrez. Martxoaren lehenean hil zen Barandiaran, 86 urterekin. «Lazkao Txiki gogoan ekitaldira sekula hutsik egiten ez zuen lazkaotar bertsolaria zen Barandiaran, Lazkao Txikiren lagun handia. Iazko ekitaldian bere emaztearen hileta izan zen, ordu berean; aurtengoan bera faltako zaigu», esan dute antolatzaileek. Goierriko Euskal Eskolak bultzatu du antolakuntza, beste hainbat elkarte eta talderen laguntzaz.
Saioarekin aurrera jarraituta, Gipuzkoako txapeldun izan diren bi goierritarrak «parez pare» jarriko dituzte ondoren, Aitor Sarriegi —2011n irabazi zuen Gipuzkoakoa—, eta Lazkao Txikiren irudia —1964an izan zen txapeldun—. Apalategik ere kantatuko du. Erromeriarekin bukatuko da ekitaldiaren Lazkaoko zatia. Gero, Ataungo Urbitarten segiko du festak, aurrez izena emana dutenek bazkaria baitute.
Bertso-afaria gaur Lartxain
Lazkao Txikiren sehaskan, Lazkaomendin, bertso-afaria izango da gaur gauean, 20:30etik aurrera. Agin Rezola eta Jexux Mari Irazu jardungo dira bertsotan, biak ere azkeneko Gipuzkoako txapelketan finalista izanak.
Afaritarako lekurik ez dago dagoeneko. 40 bat lagun sartuko dira soziedadean.
Lazkaotxiki Musika Eskolak emanaldiak egingo ditu, astean zehar egunero
Lazkaoko bertsolari entzutetsuenaren izena duen musika eskolak aste osoko egitarauarekin egingo dio omenaldi partikularra ‘zaindariari’. Etziko ekitaldian partaide izanez hasi, eta ostiralera bitarte egunero musika saio bana egingo dute —ostegunean izan ezik—, kultur etxeko erakusketa aretoan, 18:00etan. Musika-tresna ugari joko dituzte aldiko, ordu eta laurden inguruan. Maila, adin nahiz estilo ugaritako aukera guztiak entzungo dira.
Bukaera berezia emango diote kultur asteari. Ostiraleko kontzertua bukatutakoan, trikitilari taldea eta irakasleak lagun hartuta, txikiteoa egingo dute Lazkaoko plaza inguruan. Ondoren, Ataungo Urbitarte sagardotegian afaria egingo dute, eskolan Ataungo —eta Ikaztegietako— ikasleak ere badituztela aintzat hartuta. Emanaldiak entzutera joateko dei egin diete herritarrei.
SARRIEGI ETA APALATEGI OMENDUKO DITU GOIERRIKO BERTSO ESKOLAK
Hogeita hamar urte bete ditu aurten Goierriko Bertso Eskolak, eta urteko festa bertako ikasle, irakasle eta kide den txapeldun bat omentzeko baliatuko dute, igandean, Lazkaon hasi eta Ataunen segi. Gipuzkoako bertsolari txapelketako iazko irabazle Aitor Sarriegiri, eta finalean laugarren sailkatu zen Iñaki Apalategiri gorespena egingo diete.
Lazkao Txiki gogoan ekitaldiarekin bat egingo dute, lehenik eta behin. Eskolako sei taldek saioa egingo dute Zelaian: Beasaingo eta Lazkaoko bina ikasle taldek, eta Ordiziako eta Ataungo banak parte hartuko dute. Ordiziarrek Sarriegiri bat-batean bertso ale batzuk ere botako dizkiote. Bi finalistek ere kantatuko dute.
Omenaldi giroko festak Ataungo Urbitarte sagardotegian izango du segimena, 14:30etik aurrera. Bat-bateko saioak egingo dituzte bertsolariek eta ikasleek. Bi beasaindarrei omenaldi-ekitaldia ere han egingo diete.
Bertso eskolaren uzta
Goierriko Bertso Eskolak, 30 urteko ibilbidea osatuta, txapeldun baten sorburu izatea ohorea du. «Urte hauek guztiek eman dute jada bere uzta: Gipuzkoako Txapelketa Nagusiko azken txapelduna GoiBE-ko kidea dugu, Aitor Sarriegi. Iñaki Apalategi ere finalean izan zen, eta laugarren egin zuen. Hark ere merezi du GoiBEren aldetik omenaldia».
Bien bitartean, Lazkao Txiki ere ez du ahaztu bertso eskolak, eta hura ere Gipuzkoako txapeldun izan zela gogorarazi du, «Goierriko lehen txapelduna».
Goierriko Bertso Eskolan 2011-2012 ikasturtean 55 ikasle dabiltza, herrika antolatutako multzoetan. Zortzi talde daude. «Guztiak elkartzeko juntadizoa» egingo dute etzi, bi txapeldunen anparoan, Lazkaon eta Ataunen.












