Asanbladatan parte hartu duten hamar goierritarretatik bederatzik baiezkoa eman diote grebari
LAB eta ELA sindikatuek etzi, martxoak 29, egingo den Greba Orokorrerako antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 5.134 langilek hartu dute parte orain arte enpresatan, udaletxeetan eta eskolatan egin diren asanbladetan, eta hauetatik 4.690ek baiezkoa eman diote grebari. Beren aldetik, Urretxuko eta Zumarragako Bilduk eta Aralarrek “justizia sozialean oinarritutako alternatiba eraikitzeko lanean laguntzeko konpromisoa” hartu dute.
Bi sindikatuek batera eskaini duten prentsa agerraldi batean, Goierrin grebari baiezkoa eman dioten enpresetako datuak eman dituzte. Bozketa egin den enpresa gehienetan, baiezkoaren alde egin dute. Gure eskualdeko enpresa “esanguratsuenetariko” batzuen datuak ere eman dituzte:
• CAF (Alde %96,86)
• Indar (Alde %94)
• Jaso-Itsasondo (Alde %100)
• CIE-Legazpi (Alde %96,24)
• Carrefour (Alde %91,84)
• Bellota (Alde %95,2)
• Orbegozo (Alde %96)
• Irizar (Alde %86,9)
ELA sindikatuko Mikel Zabaletak datuak “historikotzat” definitu ditu. Grebak jarraipen “Arrakastatsua” izango duela ere aurreikusi du Zabaletak: “Jendea grebarekiko oso jarrera positiboa agertzen ari da. Eskualde honetako enpresen emaitzak ikaragarriak izaten ari dira”.
Eman dituzten emaitzak ez dira enpresetara mugatu. Esan dutenez, “Goierriko udaletxe eta eskola guztietan langileak greba orokorraren alde atera dira”. Ez hori bakarrik. “Urte askotan zehar grebak egin direnean jarduna gelditu ez duten” hainbat enpresak ere, martxoaren 29an ateak itxi egingo dituztela eman dute jakitera sindikatuetako ordezkariek. Leku hauetako asanbladetan grebaren aldeko jarrera “gehiengo osoz” ateratzen ari dela ere gehitu dute.
Goierrin, enpresa guztien datuak kontuan hartuta, orain arte egindako asanbladetan 5.134 langilek hartu dute parte. Grebaren alde 4.690 langile agertu dira; aurka 331; eta txurian 113k bozkatu dute. Asanbladetan parte hartu duten langileen %91,35ak grebaren alde egin du.
Haizea Mendia, LAB sindikatuko ordezkariak esan duenez, asanbladetako emaitzak “oso onak” izaten ari dira: “langileek gehiengo handi batekin eman diote baiezkoa grebari”. Honekin batera, langileak eta herritarrak 29an egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte. Ekintzetan parte hartzea “garrantzitsutzat” jo dute: “bai 29an, eta baita aurrerago egingo diren ekimenetan ere”.
Grebaren egunean, goizean Donostin Gipuzkoa mailako manifestazioa egingo dute. Goierritarrak 11:30ean Anoeta futbol zelaitik abiatuko den zutabean dute hitzordua. Hiru zutabe izango dira osotara, bidearen amaieran elkartu egingo direnak.
Arratsaldean, berriz, Urretxun eta Beasasinen manifestazioak egingo dituzte, 18:30ean. Areizaga-Kalebarren eta Zubimuxu plazetatik abiatuko dira mobilizazioak, hurrenez hurren.