Euskal Herriko teilatu gaineko energia instalaziorik handiena eraiki du Ennerak
Ennerak, CAF enpresaren energia berriztagarrien filialak, Euskal Herrian dagoen teilatu gaineko energia instalaziorik handiena egin du Beasainen. CAF lantegiko teilatuan, 7.500 metro koadroko instalazio fotoboltaikoa jarri dute, Conergyren kalitatearen...
Ennerak, CAF enpresaren energia berriztagarrien filialak, Euskal Herrian dagoen teilatu gaineko energia instalaziorik handiena egin du Beasainen. CAF lantegiko teilatuan, 7.500 metro koadroko instalazio fotoboltaikoa jarri dute, Conergyren kalitatearen aldeko apustua eginez.
Instalazio horrek, Conergy Power Plus motako 4.500 modulo baino gehiago ditu, eta megabatio bateko potentzia du. Sortzen duen energia horri esker, Ennerak Ataunen sustatu duen Sarecar proiektuak dituen bost auto elektrikoek, 145.000 kilometro ibiltzeko gaitasuna izango dute. Enpresaren arduradunek azaldu dutenez, sistema honi esker “gas kutsatzaileen emisioa bi modutara saihesten da: alde batetik, ekoitzitako energiak urtero 300 tona CO2 saihesten ditu, eta gainera, bere sareko ibilgailuei esker beste 30 tona murriztuko dira”.
Garapen iraunkorraren aldeko apustua ez ezik, instalazio berriak “berme eta kalitate goreneko produktuen alde” egiten duela azaldu dute. Iker Zubiaurre, Ennerako merkataritza saileko arduradunaren arabera, “Frankfurten egon ginen Conergy moduluen ekoizlearen instalakuntzak bisitatzen, eta harrituta gelditu ginen, bereziki Conergy Power Plus moduluen fabrikazio fase bakoitzean ematen den etengabeko kalitate prozesua ikustean”. Modulu horiek “kalitatea eta konfiantza” eskaintzen dituztela eta “irradiantzia baxuko lekuetan errendimendu altua” dutela azaldu du Zubiaurrek.