Juan Karlos Tebar eta Xiberoko Boza aste honetako Bixi-Bixi saioan
Irlandan bizi den eta “hemen jaioa ez izan arren Euskal Herriari oso lotua dagoen” Juan Karlos Tebar izango da aste honetako Segura irratiko Bixi-Bixi saioan. Segura irratian, Euskara Biziberritzeko Planaren barnean, asteazkenero Bixi-Bixi...
Irlandan bizi den eta “hemen jaioa ez izan arren Euskal Herriari oso lotua dagoen” Juan Karlos Tebar izango da aste honetako Segura irratiko Bixi-Bixi saioan.
Segura irratian, Euskara Biziberritzeko Planaren barnean, asteazkenero Bixi-Bixi irratsaioa eskaini ohi dute, Segurako Udalaren babesean eta Hitz edo irri euskaraz elkarri euskara taldeak bultzatuta. 12:15ean hasi ohi dute emankizuna. FMko 89.2 frekuentzian entzun daiteke zuzenean. Goierriko Hitzaren webguneak ere eskaini ohi du saioa: zuzenekoaren grabazioa, alegia.
Hilabetean behin euskaraz ikasi edo ikasten ari diren kanpotarrak elkarrizketatu ohi dituzte, eta oraingoan Juan Karlos Tebar izango dute solaskide. Iparra-Hegoa kultur astea burutzen ari dela baliatuz, Iparraldeko euskal irratietako bat den Xiberoko Bozarekin bat egingo dute ere saioan zehar. Honekin batera, astero bezala, Santos Belokik Euskara jalgi hadi plazara atala aurkeztuko du eta Aitor Calvillok, berriz, Euskara Biziberritzeko Plana Seguran zertan den azalduko du. Maizpide euskaltegiko kideak euskara aberasten ataleko lagun izango dituzte. Bestalde, herrietako albisteek eta ohiko sailek, eta Gillermo Roak gidatutako eta aurkeztutako Elhuyar zientzia elkartekoen emankizunak osatuko dute asteazken honetako saioa. Ohiko moduan, Lierni Elortzak gidatuko du irratsaioa.
Etzuleek ere parte har dezakete bertan, edozein iradokizun eta proposamen eginez. Bi bide dituzte horretarako: bixibixi@euskalerria.org helbidera idatziz edo irratiko telefonora (943 801041) deituz.