Lodosako haurrak bisitan
Nafarroa da egunotan Seguran egiten ari diren Iparra-Hegoa ekimenaren gaia, eta Nafarroarekin lotutako ekintzak antolatu dituzte. Ekintza horien barruan, eta bizi duten egoera ekonomiko larria kontuan hartuta, Lodosako eta Sartagudako Ibaialde Ikastola...
Nafarroa da egunotan Seguran egiten ari diren Iparra-Hegoa ekimenaren gaia, eta Nafarroarekin lotutako ekintzak antolatu dituzte. Ekintza horien barruan, eta bizi duten egoera ekonomiko larria kontuan hartuta, Lodosako eta Sartagudako Ibaialde Ikastolako haurrak eta irakasleak gonbidatu ditu Iparra-Hegoak. Zortzi eta hamabi urte arteko 40 haur eta lau irakasle izan ziren atzo eta herenegun. Segurako aterpetxean hartu zuten ostatu.
Astelehenean harrera egin zien Segurako Udalak, Eluska Gerriko alkatea buru zela. Ongi etorria egiteaz gain, azken hilabeteetan, Seguran, Lodosa-Sartagudako ikastolarentzat dirua biltzeko antolatu diren ekimenetan bildutako 3.000 euro eman zizkien Lodosako ordezkariei.
Segura ezagutzeko eta harremanak sendotzeko balio izan du ekimenak. Hasiera batean, ostegunean eta ostiralean ziren Lodosako haurrak etortzekoak, baina Iparra-Hegoa ekimenak greba orokorrarekin bat egin duenez, aste guztiko ekintzako birmoldatu behar izan dituzte. Ostiralean beraz, Senpereko eta Azkaingo haurrak joango dira Segurara, bertako herri eskolako haurrekin egun pasa egitera.
Gartxot
Astelehenean, beste ekintza bat ere izan zen Seguran Iparra-Hegoak antolatuta: Gartxot konkista aitzineko konkista filma. 75 gazte eta heldu elkartu ziren Kultur Etxean. Arturo Kanpionek, XIX.mendean sortu zen nafar idazleak, ezagutuarazi zuen Itzaltzuko bardoan oinarrituta, Gartxoten kondaira kontatzen da filman. Proiekzioa hasi aurretik, Asisko Urmeneta ekoizela joatekoa bazen ere, Edorta Barruetabeña durangarrak filmaren nondik norakoak azaldu zituen.