
GoiBEren uzta zaretelako» esaldi xume bezain esanguratsu hori dute Aitor Sarriegik eta Iñaki Apalategik jaso duten oroigarriek. Askoren izerdiz eta jakintzaz ongarritutako bertso-lurraren fruitu dira bi beasaindarrak, 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan txapeldun eta laugarrena izan zirenak, eta lehenagotik Goierriko Bertso Eskolako kide. Igandean omenaldia egin zieten, eskualdeko eragile, lagun, kide eta bertsolaritza-egituraren gorazarrea jasota.
Neurri batean bertso eskolari berari egindako gorespena ere izan zen. 30 urte dira bertsolariak trebatzen hasi zela, eta «lehena, oraina eta geroa» elkartu zituzten une-espazio berean. Lazkaoko Zelaian hasi zen festa, Lazkao Txiki aitzindaria gogoratuz, eta Ataunen jarraitu zuen eskolaren festak, sagardotegiaren baratzean.
Joxe Migel Iztuetaren estatuaren aurrean bildu ziren aurrena Goierriko bertsolariak. Lazkao Txiki eta Andres Barandiaran omendu zituzten, duela 19 urte hila bat, hilabete eskas bestea. Musikaz, kantuz eta antzerkiz eskaini zieten ikasleek ikuskizuna, Joxepa Madariagak aurkeztua. Herrika lanean ari diren taldeek askotariko mezuak zabaldu zituzten, beti ere aurrekoei erreferentzia eginez eta eskertza aitortuz. Ordiziako, Beasaingo, Lazkaoko eta Ataungo ikasle taldeek kantatu zuten, Lazkaotxiki musika eskolakoen doinu-musiketara.
Jon Lasak gogoratu zuen Andres Barandiaran herri mailako bertsolaria eta lehen lerroko bertsozalea, hitzak Lazkao Txikiren ahotan paratuz. «Bertsozale, bertsolari, kontalari eta lagun, horixe haiz niretzat. Bertsoa izan genian gidari bizitzan, eta bertsoa gidari heriotzan. Zenbat gozatu genian elkarrekin, zenbat doinu, neurri, errima eta txalo. Zenbat lagun, zenbat maitasun. Gaurko egunez fin etortzen hintzen ekitaldi honetara, nire aurrera, bisitari, bertsoak entzun eta gozatzera. Gozatu, noski; zer egingo diagu bada, besterik, hainbeste ume eta gaztetxo bertsotan entzunda?», errezitatu zuen Lasak.
Bi lazkaotarrei eskainitako bertso-musikatuak interpretatu zituzten, Jon Agirrek idatzitako letrekin. Ondoren omenaldia jasoko zuten Sarriegi eta Apalategi ere atera ziren Zelaira. Haurren agerraldien balioa, Lazkao Txikiren estatuak «irribarre» egina, «lehena, oraina eta geroa» bildu izana, Lazkao Txikirekin plazan kantatu ezaren pena, eta «omenaldi bat merezi duen jende ugari» dagoela bota zuten biek.
Mendizabal, Murua eta Igartzabalek egin zuten eguneko bi omendu-multzoen arteko zubi lana. «Artalde handia da honuntza etorri, baina larrerik gabe zelai zola gorri, baztarrak josi dira errima ta neurri, bertso aldetik ongi daukagu Goierri», borobildu zuten, koplatan. «Bertso artaldea larre onean» eta «artzaina atzealdean» zegoela irudikatu zuten.
Omenaldia, sagardotegian
Egunaren bigarren zatian, bazkariaren ondoren goratu zituzten Sarriegi eta Apalategi. Inaxio Usarraldek aurkezpenak egin, eta belaunaldi askotako lagunak jarri zituen bertsotan. Aurrena Aiestaran, Eguren, Aranburu eta Elortza, omenduen eskola-jirakoak laurak.
Bi beasaindarrei oroigarri bana oparitu zieten jarraian, Joxe Mari Barandiaran ataundar-ordiziarrak Apalategiri eman zion zurezko koadroa, eta Mikel Mendizabal itsasondoarrak Sarriegiri, GoiBEren uzta zaretelako esaldiarekin eta Goierrin eta egunaren datarekin berezituta.
Muruak, Mendizabalek berak, Altzo Txikik eta Igartzabalek errepaso sakona jo zioten Goierriko bertsogintzari. Entzuleen artean ziren mugimendua sortu, abiatu, egonkortu eta hazi duten langile asko: bertso erakusleak, haurrak ikastetxeetatik bertso eskolara joateko bultzatzaile izan diren maisu-maistrak, umeen taxilari-lanetan aritu direnak, udaletan diru laguntzak bideratu dituztenak… Han falta ziren bertsolari gehiago ere gogoan zituzten.
Ikaskideekin eta irakasleekin hasitako bertsoaldiak Sarriegiren eta Apalategiren ikasleek jarraitu zituzten. Beren eskuetatik pasatutako Lopez, Igartzabal eta Maiz adibidez, ziri giroan jardun ziren, klaseak oroituz. Egun ikaskuntza fasean diren zortzi neska-mutikok ere ez zuten hutsik egin, ez presentzian, ez kantuan. Berrogei bat lagunek gozatu eta goratu zituzten Sarriegi, Apalategi, bertso eskola eta multzo guztia.
Udaberriko lehenengo igandea uztaren jaia izan da Goierriko Bertso Eskolarentzat eta bertsolaritzarentzat, lehengo, oraingo eta geroko txapeldunek bat egin dutenekoa.