
Asteburu honetan jokatu da bertsolari gazteen 41. Osinalde Sariketaren bigarren kanporaketa, Gabiriako Aztiri Elkartean. Ikus-entzuleen artean ezkutuko lanean aritu ziren epaimahaikideen erabakiz, Nekane Zinkunegik eta Josu Oiartzabalek lortu zuten, Gabirian, apirilaren 14an jokatuko den finalerako txartela. Aztiri saria aldiz, entzuleen gustuko bertsolariak jasotzen duen saria, Gorka Maizek eskuratu zuen.
Sei bertsolari aritu ziren lanean: Aitor Salegi (Zestoa), Gorka Maiz (Gabiria), Asier Azpiroz (Zubieta, Gipuzkoa), Nekane Zinkunegi (Errezil), Josu Oiarzabal (Azpeitia) eta Izar Mendiguren (Gasteiz).
Zortziko nagusian eta zortziko txikian binaka, hamarreko txikian ere ofiziotan, bina puntu erantzuten eta bakarka, gaia emanda bi bertso borobiltzen aritu ziren bertsolariak koplatan jardun aurretik. Era guztietako gaiak izan zituzten arren, umore kutsuko saioa josi zuten guztien artean.
Aztiri Elkartean 80 lagun baino gehiago izan ziren. Ondoren, bertso saioa entzutera gerturatutakoak batu zitzaizkien, eta elkartea beteta egon zen. Entzuleria gaztea izan zen, oro har, eta aipatzekoa da, aurtengo Osinalde sariketan datozen kanporaketetan parte hartuko duten beste bertsolari batzuk ikusteko aukera ere eskaini zuela larunbat gaueko hitzorduak. Aurreko urteetan Osinalde sariketan izandako hainbat bertsolarik ere errepikatu dute aurtengoan.
Datorren larunbatean, martxoaren 31n, Ordiziako Argi Berri Elkartean jokatuko da 41. Osinalde Sariketako hirugarren eta azken kanporaketa. Bertan jakingo da, zeintzuk izango diren finalerako txartela eskuratuko duten beste bi sailkatuen izenak.
Manex Mantxola (Urretxu), Amaia Iturriotz (Urretxu), Josu Sanjurjo (Lesaka), Endika Igartzabal (Gabiria), Maindi Murua (Azkaine) eta Imanol Uria (Algorta) arituko dira kantuan Ordizian, 20:30etik aurrera.