Amaia Iturriotz eta Imanol Uria sailkatu dira Osinalderako
Amaia Iturriotz (Zumarraga) eta Imanol Uria (Algorta) dira apirilaren 14an Gabirian jokatuko den 41. Osinalde Sarirako sailkatu diren azken bi bertsolariak. Joan den larunbatean jokatu zen Ordiziako Argi Berri elkartean Bertsolari gazteen XV. Argi Berri saria, eta epaileen arabera, bi bertsolari horiek egin zuten ondoen bertsotan. Entzuleen saria, eta beraz, Argi Berri sariaren irabazlea, Endika Igartzabal gabiriarra izan da. Sei bertsolari aritu ziren kantuan. Aipatutako hirurez gain, Maindi Murua (Azkaine), Manex Mantxola (Urretxu) eta Josu Sanjurjo (Lesaka) eseri ziren Argi Berriko mahaiaren bueltan. Gai-jartzaile lanetan Igor Eguren aritu zen, eta bertsolariek koplak kanta zitzaten, Ander Matxain eta Mikel Urdangarin aritu ziren trikitia eta panderoa joz. Umore kutsuko gaiak eta gai serioak jarri zituen Egurenek; hala nola, zabor bilketa, elkarbizitza, Durangoren bonbardaketa, desjabetzak, langabezia, energia berriztagarriak… Aurten 58 lagun elkartu ziren Argi Berrin afaltzera, baina saioa entzutera jende dezente inguratu zen, adin guztietakoa. Osinalde sariketan parte hartutako bertsolariaren bat edo beste ere joan zen saioa entzutera, eta baita Aitor Sarriegi Gipuzkoako bertsolari txapelduna. Mikel Mendizabal Itsasondoko bertsolariaren urtebetetze eguna ere bazen, eta zorionak ere kantatu zioten. Osinalderako seikotea Endika Igartzabalek Maitane Terradillos elkarteko lehendakariaren eskutik jaso zuen Argi Berri sariketaren irabazleari ematen dioten Txikia saria. Antton Mendizabalek egindako eskultura bat da, [...]
Amaia Iturriotz (Zumarraga) eta Imanol Uria (Algorta) dira apirilaren 14an Gabirian jokatuko den 41. Osinalde Sarirako sailkatu diren azken bi bertsolariak. Joan den larunbatean jokatu zen Ordiziako Argi Berri elkartean Bertsolari gazteen XV. Argi Berri saria, eta epaileen arabera, bi bertsolari horiek egin zuten ondoen bertsotan. Entzuleen saria, eta beraz, Argi Berri sariaren irabazlea, Endika Igartzabal gabiriarra izan da.
Sei bertsolari aritu ziren kantuan. Aipatutako hirurez gain, Maindi Murua (Azkaine), Manex Mantxola (Urretxu) eta Josu Sanjurjo (Lesaka) eseri ziren Argi Berriko mahaiaren bueltan. Gai-jartzaile lanetan Igor Eguren aritu zen, eta bertsolariek koplak kanta zitzaten, Ander Matxain eta Mikel Urdangarin aritu ziren trikitia eta panderoa joz. Umore kutsuko gaiak eta gai serioak jarri zituen Egurenek; hala nola, zabor bilketa, elkarbizitza, Durangoren bonbardaketa, desjabetzak, langabezia, energia berriztagarriak…
Aurten 58 lagun elkartu ziren Argi Berrin afaltzera, baina saioa entzutera jende dezente inguratu zen, adin guztietakoa. Osinalde sariketan parte hartutako bertsolariaren bat edo beste ere joan zen saioa entzutera, eta baita Aitor Sarriegi Gipuzkoako bertsolari txapelduna. Mikel Mendizabal Itsasondoko bertsolariaren urtebetetze eguna ere bazen, eta zorionak ere kantatu zioten.
Osinalderako seikotea
Endika Igartzabalek Maitane Terradillos elkarteko lehendakariaren eskutik jaso zuen Argi Berri sariketaren irabazleari ematen dioten Txikia saria. Antton Mendizabalek egindako eskultura bat da, Lazkao Txiki bertsolariaren itzala Txidokirekin uztartzen du. Egurrez eta arbelez eginiko oroigarri bat da. Bertsolari guztiek Irriz eta malkoz bertso bilduma jaso zuten.
Argi Berrikoa da Osinalderako hirugarren eta azken kanporaketa, eta horrenbestez, sei bertsolari hauek ariko dira kantuan apirilaren 14an Gabiriako elkartean: Idiazabalen sailkatutako Peio Ormazabal eta Maddi Ane Txoperena, Aztirin sailkatutako Nekane Zinkunegi eta Josu Oiartzabal, eta Argi Berrin sailkatutako Amaia Iturriotz eta Imanol Uria.















