
Antonio Prada (Zumarraga, 1963) Zumarragako Udal Agiritegiko artxibozaina da. Historian doktorea da, eta bere tesia lehenengo karlistaldian kokatu zuen; Goierri garaiko herrietako bizimodua aztertu zuen. Historiaren inguruan daukan jakin-minak beste zenbait gairi buruzko artikuluak idaztera bultzatu du, baita Zumarragako Udalaren webgunean, zumarraga.net, eskaintzen den informazio historikoari bereziki erreparatzea ere.
Lan horren guztiaren isla ikus daiteke jada Zumarragako webgunean. Artxiboak gehitu dituzte, eta datu baseetan ematen den informazioa zabaldu.
Nola ordenatu zenuen agiritegiko informazioa?
Hiru ataletan zatitu nuen historiako alorra. Zumarragarekin zerikusia duten eta zientifikoak diren lanak igo genituen; historia liburuak, alegia. Liburu gehiago sartzeko asmoa daukagu. Artikuluak beste atal batean sartu genituen; ikerketen emaitzak dira, gehienak nik neuk idatzitakoak diren arren, ikerlariei jakinarazi nahi diet atal honetarako ateak zabalik dauzkatela. Azkeneko atala datu baseen bilatzaileena da.
Zein datu aurkitu daiteke?
1870. urtera arte ez zen egoera zibileko erregistroaren legea egin. Ordura arte, eliza kristauak zituen bataioen, ezkontzen eta heriotzen datuak. Guk, Donostiako Eliz Barrutitik atera ditugu datu horiek, eta 1900. urtera artekoak osatu ditugu. Gipuzkoako parrokia guztietako sakramentu liburuak
mendezmende.org webgunean daude. Informazio horri heriotzaren zergatia edo jaioberriaren gurasoak nondik zetozen gehitu diogu. Izan ere, datu horiek populazioaren mugimenduaren berri ematen dute.
Zumarragako erakundeek hartutako akordioen datu basea ere osatu duzue.
Bai. 1652. urtetik Zumarragako edozein organok hartutako erabakiak jaso ditugu, eta bakoitzetik laburpen bat egin dugu. Orain, trantsizioaren garaiko dokumentuen laburpenak egiten ari gara.
Zertarako balio duela esango zenuke?
Dokumentazio honek guztiak herriaren bilakaera nolakoa izan den agertzen du. Osoko bilkuren gai zerrendak daude, gobernu batzordeenak, XIX. mendeko herri batzarretakoak…
Datu base horretako informazioa 1936. urtera artekoa da. Zergatik?
36.ko Gerrara arte iritsi gara. Hor, guretzat labainkorra den aro bat hasten da. Agiritegian Zumarragan izandako purgatzeen eta salatzeen berri dago, esate baterako.
Informazio horiek publikoak al dira?
Ez. Legeak ezarrita, hiru dira agiritegian eman ezin ditugun informazioak: norbanakoen intimitateari erasotzen diotenak, delituen frogak izan daitezkeenak eta estatuaren segurtasuna arriskuan jartzen dutenak. 36.ko Gerrarekin, gerra ondorenarekin eta trantsizioarekin lotutakoak lehenengo taldean daude.
Emango al da inoiz ezagutzera historiaren zati hori?
Zaila izango dela uste dut. Beharbada protagonistak ez daudenean… Hala ere, ondorengoak egongo dira, eta ez da erraza izango.
Gerra garaiari bakarrik al dagokio debeku hau?
Gerra ondorengoan eta trantsizio garaian ere gai asko daude, oso zailak direnak. Euskal Herriko gatazka politikoaren harira, egoera mota asko sortu da.
Egin duzuen lanak zertarako balio dio zumarragar bati?
Bertako arbasoak baditu, bere zuhaitz genealogikoa egin ahal izango du ordu erdian. Gaur egundik hasi, eta Erdi Aroraino iritsi ahal izango da; hamasei belaunaldi inguru ezagutu ahal izango ditu.