Lazkano donostiarra garaile Goierriko bola txapelketan, Berasategi Lehendakarin
Goierriko 24. Bola Txapelketak garaile donostiarra du. Pedro Lazkano bolari beteranoak irabazi du eskualdeko aurtengo lehiaketa gorena, zazpi jardunalditan erregulartasuna eta puntuazio altua lortuta, eta bukaera borobila eginda. Mutiloan bukatu zen txapelketa, larunbatean, eta zalantzarako zirrikiturik utzi gabe jantzi zuen txapela Lazkanok: 49 birla bota, eguneko tiraldia berak irabazi, eta hutsik egin ez zuen Antonio Agirre aurkari segurarrari bi puntuko aldea atera zion. Izan ere, aurreko sei jardunaldietatik dena airean zela iritsi zen txapelketa Mutiloara. Lazkano bera zegoen, azken tiraldiaren faltan, lidertzan; puntu bakarrera Agirre. Segurarrak goizean bota zuen, eta 48ko jokoarekin, tiraldi guztietan asmatzera behartu zuen liderra arratsalderako. Eta ez zuen hutsik egin Lazkanok: 49 puntu lortu zituen —txapelketa osoan beste behin bakarrik ikusia, Joakin Izagirrek Legazpin lortua—, zazpi seiko eta zazpiko bat botata. Sailkapen orokorrean, lehenbiziko zazpi bolariek jaso zituzten sariak —tartean lau segurar—, tiraldiak jokatu diren herri bakoitzak jarriak: Gabiria, Idiazabal, Segura, Zerain, Legazpi, Olaberria eta Mutiloa. Txapela azken udalerri horrek ipini du, urtero txandan tokatzen zitzaion bezala. Txapelketan 29 bolarik zuten izena emanda, eta 23k osatu dute zirkuitu osoa. Jokoa bukatutakoan Mutiloako Txerri Gorri elkartean afaria egin zuten gero partaideek. Datorren urtean zilarrezko ekitaldia izango du Goierriko bola txapelketak, hogeita bosgarrena. Finala Olaberrian jokatuko da. Berasategi [...]
Goierriko 24. Bola Txapelketak garaile donostiarra du. Pedro Lazkano bolari beteranoak irabazi du eskualdeko aurtengo lehiaketa gorena, zazpi jardunalditan erregulartasuna eta puntuazio altua lortuta, eta bukaera borobila eginda.
Mutiloan bukatu zen txapelketa, larunbatean, eta zalantzarako zirrikiturik utzi gabe jantzi zuen txapela Lazkanok: 49 birla bota, eguneko tiraldia berak irabazi, eta hutsik egin ez zuen Antonio Agirre aurkari segurarrari bi puntuko aldea atera zion.
Izan ere, aurreko sei jardunaldietatik dena airean zela iritsi zen txapelketa Mutiloara. Lazkano bera zegoen, azken tiraldiaren faltan, lidertzan; puntu bakarrera Agirre. Segurarrak goizean bota zuen, eta 48ko jokoarekin, tiraldi guztietan asmatzera behartu zuen liderra arratsalderako. Eta ez zuen hutsik egin Lazkanok: 49 puntu lortu zituen —txapelketa osoan beste behin bakarrik ikusia, Joakin Izagirrek Legazpin lortua—, zazpi seiko eta zazpiko bat botata.
Sailkapen orokorrean, lehenbiziko zazpi bolariek jaso zituzten sariak —tartean lau segurar—, tiraldiak jokatu diren herri bakoitzak jarriak: Gabiria, Idiazabal, Segura, Zerain, Legazpi, Olaberria eta Mutiloa. Txapela azken udalerri horrek ipini du, urtero txandan tokatzen zitzaion bezala. Txapelketan 29 bolarik zuten izena emanda, eta 23k osatu dute zirkuitu osoa. Jokoa bukatutakoan Mutiloako Txerri Gorri elkartean afaria egin zuten gero partaideek.
Datorren urtean zilarrezko ekitaldia izango du Goierriko bola txapelketak, hogeita bosgarrena. Finala Olaberrian jokatuko da.
Berasategi ere txapeldun
Asteburuan, Goierrin bertan, Gipuzkoa mailako beste bola lehiaketa bat ere ebatzi da, Lehendakari txapelketa. Bosgarren eta azken jardunaldia Olaberrian izan zen igandean, eta kasu horretan txapelduna goierritarra da: Andoni Berasategi idiazabaldarra.
Txapeldunorde beste goierritar bat da, Antonio Agirre. Hain justu, zapatu-igandeetan jokatu diren bi lehiaketetan bigarren postuekin geratu da segurarra.
Herrialdeko bola egutegiak ez du atsedenik hartuko oraindik. Aste Santuaren ondoren Gipuzkoako Kopa hasiko da, bost jardunaldikoa. Usurbilen apirilaren 15ean hasi eta Hernanin maiatzaren 13an bukatuko da, horietatik bi Mutiloan eta Legazpin.
Sailkapenak
Goierriko 24. Txapelketa
1. Pedro Lazkano (Donostia) 334
2. Antonio Agirre (Segura) 332
3. Martin Retegi (Zegama) 329
4. Martzelino Agirre (Idiazabal) 329
5. Zeferino Agirre (Segura) 323
6. Markos Madina (Legazpi) 321
7. Jesus Intxausti (Segura) 317
Lehendakari txapelketa
1. Andoni Berasategi (Idiazabal) 232
2. Antonio Agirre (Segura) 230
3. Josu Lazkano (Donostia) 228
4. Imanol Iruretagoiena 227
5. Pedro Lazkano (Donostia) 226
6. Antonio Goenaga (Hernani) 226












