Lazkaoko Udalbatzak zabor eredua aldatzea jarri du helburu, eta atez ateko bilketa onetsi
Lazkaoko Udalbatzak aurreko astean egin zuen osoko bilkuran hiri hondakinen bilketarako atez ateko sistema jartzearen alde egin du. Bilduko zazpi zinegotziek babestu zuten Ingurumen Batzordearen proposamena; EAJko bostek eta PSE-EEko bakarrak kontra bozkatu zuten. Gehiengo osoz onartutako mozioaren arabera, Udalari Lazkaon atez ateko bilketa sistema jartzeko eskatu dio udalbatzak, «ahalik eta hondakin gutxien sortzeko». Bestetik, zaborrik ez sortzeko bidean «urratsak» egitea agindu du, eta dagokien erakundeei —Sasieta, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, foru aldundia eta Batzar Nagusiak— erabakiaren berri emateko. Mozioak dioenez, «behar-beharrezkoa da produktuen kontsumoaren ikuspuntua aldatzea eta hondakinekin eredu zirkularrerako pausoa ematea», behin erabili eta botatzeko eredua alboratuz. Natur baliabideen ustiaketa «ahalik eta txikiena» izan dadin, baliabide horiek naturara edo bizitzaren ziklora «itzuli» beharra dagoela dio onartutako testuak. Bide horretan, hondakinak erraustuta «baliabideak pozoi» bihurtzen dira ohartarazi du, «gure osasuna kaltetzen duelako, bai arnasketa bidetik, bai elikadura katetik, eta ekonomikoki hipotekatzen gaituelako». «Eraginkorrena» atez atekoa Zaborraren gaian denbora «agortu» da. Gaur egun Lazkaon bost edukiontziren bilketa sistema dago, organikoaren ontziak giltza elektronikoz kontrolatuta. Bereizte tasa %43 da, udalaren arabera. «Garapenean gorantz jarraitzeko, sistemarik eraginkorrena atez atekoa dela uste dugu, zero zabor bidean. Errausketari alternatiba jarri behar zaio». Azeari Andonegi alkateak, bilketaren kontua baino lehen, zaborra sortzen duen eredua bera jarri [...]
Lazkaoko Udalbatzak aurreko astean egin zuen osoko bilkuran hiri hondakinen bilketarako atez ateko sistema jartzearen alde egin du. Bilduko zazpi zinegotziek babestu zuten Ingurumen Batzordearen proposamena; EAJko bostek eta PSE-EEko bakarrak kontra bozkatu zuten.
Gehiengo osoz onartutako mozioaren arabera, Udalari Lazkaon atez ateko bilketa sistema jartzeko eskatu dio udalbatzak, «ahalik eta hondakin gutxien sortzeko». Bestetik, zaborrik ez sortzeko bidean «urratsak» egitea agindu du, eta dagokien erakundeei —Sasieta, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, foru aldundia eta Batzar Nagusiak— erabakiaren berri emateko.
Mozioak dioenez, «behar-beharrezkoa da produktuen kontsumoaren ikuspuntua aldatzea eta hondakinekin eredu zirkularrerako pausoa ematea», behin erabili eta botatzeko eredua alboratuz. Natur baliabideen ustiaketa «ahalik eta txikiena» izan dadin, baliabide horiek naturara edo bizitzaren ziklora «itzuli» beharra dagoela dio onartutako testuak.
Bide horretan, hondakinak erraustuta «baliabideak pozoi» bihurtzen dira ohartarazi du, «gure osasuna kaltetzen duelako, bai arnasketa bidetik, bai elikadura katetik, eta ekonomikoki hipotekatzen gaituelako».
«Eraginkorrena» atez atekoa
Zaborraren gaian denbora «agortu» da. Gaur egun Lazkaon bost edukiontziren bilketa sistema dago, organikoaren ontziak giltza elektronikoz kontrolatuta. Bereizte tasa %43 da, udalaren arabera. «Garapenean gorantz jarraitzeko, sistemarik eraginkorrena atez atekoa dela uste dugu, zero zabor bidean. Errausketari alternatiba jarri behar zaio».
Azeari Andonegi alkateak, bilketaren kontua baino lehen, zaborra sortzen duen eredua bera jarri du auzitan, atzo egindako adierazpenetan. «Atez atekoa bilketa mota bat da, eta bilketa gaiaren atal bat besterik ez. Harago joan nahi dugu, jendeak xahutzen duen baliabideen kontzientzia hartzera, eta kontsumo horren joera iraultzera». Hondakin gutxiago sortze aldera, gaur egun bilketa modurik onena atez atekoa dela berretsi du.
EAJk, kontrako botoa argudiartzerakoan, zabor «sorkuntza, bilketa eta tratamendua» bereizi nahi izan zituen, eta auzitan dagoena bilketa dela erantsi. Itsasondoko eredua hobetsi du, hondakinen %90 bereizten dela gaineratuz. Han zabor arruntaren ontzirik ez dago kalean, bai bereizita jasotzeko besteak. Errefusa astean bitan soilik biltzen dute.
PSE-EEk, bere aldetik, atez atekoa «inposaketa» dela eta «osasun egoeran nahiz kaleen baldintza estetikoetan atzerakada, eta elikadura jarraibide jakinak inposatzen» dituela deitoratu du, beste mozio bat aurkeztuz. Ekonomikoki «kostuen gorakada» ekarriko duela esan du