Arrantza sasoia hasi da
Ibaietan eta urtegietan arrantza egiteko denboraldia igandean zabaldu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta uztailaren 31ra arte baimenduta egongo da jarduera herrialdeko erreketan, hartarako izendatutako ibai-tarteetan. Astearteetan izan ezik, egunero ibili ahalko dute arrantzaleek, egunsentia baino ordubete lehenagotik ilunsentia baino ordubete beranduagora arte. Orokorrean arrantza arautegiak ez dakar aldaketa nabarmenik aurten. Aldundiak eta Gipuzkoako Arrantza Kontseiluak urtarrilaren 31n egin zuten bilera, eta han zehaztu zituzten foru aginduaren eduki nagusiak, aldizkari ofizialean martxoaren 26an argitaratua. Hala, arrantzale bakoitzak eguneko gehienez hiru arrain ale harrapatu ahalko ditu ibaietan. Goierriri dagokionez, bi motatako esparruak bereizi ditu aldundiak. Batetik, ibaietako eta erreketako arrantza; bestetik, Arriaran eta Lareo urtegietako arrantza barrutian. Azken bi gune horietan arrantza sasoia irailaren 30era arte luzatu dute. Arrantza egitea erabat debekatuta dagoen ibai edo itsaso tarteetan salbu —zerrendako errekak eta legeak eragozten dituen guneak—, arrantzaleek baimendutako gutxieneko neurriko honako arrainok harrapatu ahalko dituzte: amuarrain arrunta (22 zentimetro gutxienez, Lareon eta Arriaranen 20; eta gehienez 35), barboa (20 zm), izokin atlantiarra, zamoa, loina txikia, lupina arrunta, korrokoia eta platuxa. Espezie exotiko inbaditzaile gisa katalogatutako arrainak ez dira uretara itzuli behar. Harrapatu eta berehala akabatu behar dira, duen neurria daukala, foru aginduaren arabera. Bi kainabera gehienez Arrantzaleak kainabera beste aparailurik ezingo du erabili. [...]
Ibaietan eta urtegietan arrantza egiteko denboraldia igandean zabaldu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta uztailaren 31ra arte baimenduta egongo da jarduera herrialdeko erreketan, hartarako izendatutako ibai-tarteetan. Astearteetan izan ezik, egunero ibili ahalko dute arrantzaleek, egunsentia baino ordubete lehenagotik ilunsentia baino ordubete beranduagora arte.
Orokorrean arrantza arautegiak ez dakar aldaketa nabarmenik aurten. Aldundiak eta Gipuzkoako Arrantza Kontseiluak urtarrilaren 31n egin zuten bilera, eta han zehaztu zituzten foru aginduaren eduki nagusiak, aldizkari ofizialean martxoaren 26an argitaratua. Hala, arrantzale bakoitzak eguneko gehienez hiru arrain ale harrapatu ahalko ditu ibaietan.
Goierriri dagokionez, bi motatako esparruak bereizi ditu aldundiak. Batetik, ibaietako eta erreketako arrantza; bestetik, Arriaran eta Lareo urtegietako arrantza barrutian. Azken bi gune horietan arrantza sasoia irailaren 30era arte luzatu dute.
Arrantza egitea erabat debekatuta dagoen ibai edo itsaso tarteetan salbu —zerrendako errekak eta legeak eragozten dituen guneak—, arrantzaleek baimendutako gutxieneko neurriko honako arrainok harrapatu ahalko dituzte: amuarrain arrunta (22 zentimetro gutxienez, Lareon eta Arriaranen 20; eta gehienez 35), barboa (20 zm), izokin atlantiarra, zamoa, loina txikia, lupina arrunta, korrokoia eta platuxa.
Espezie exotiko inbaditzaile gisa katalogatutako arrainak ez dira uretara itzuli behar. Harrapatu eta berehala akabatu behar dira, duen neurria daukala, foru aginduaren arabera.
Bi kainabera gehienez
Arrantzaleak kainabera beste aparailurik ezingo du erabili. Bi kainabera izan ditzake gehienera, eskuerara. Arraina uretatik ateratzeko salabardoa da baimendutako osagarri bakarra. Zebra muskuilua hedatzea eragozteko, bai tresnak, bai botak desinfektatu egin beharko dira. Amutarako gaia ere zehaztuta dago legez: beita bezala ezin da arrainik erabili, ez uretako faunako intsekturik edo beldarrik.
Arrantza barrutiak, Goierrin, Arriaran eta Lareo urtegiak dira, eta arautegi bereziak daude haietan jarduteko. Lareon eguneko 15 baimen emango dituzte, jaiegun ez diren astearteetan izan ezik. Arriaranen 20koa da kopurua. Batean zein bestean arrantzale bakoitzak bost amuarrain atera ahalko ditu gehienez, bakarra 40 zentimetro baino handiagoa (buruaren aurreko muturretik isatsaren erdiko puntura neurtuta).
Barrutietan aritzen diren arrantzaleek Gipuzkoako Arrantza Federazioari jakinarazi beharko diote harrapaketen berri, 15 egunen barruan, baita baimena erabili ez badute edo ezer harrapatu ez badute ere. Ibaietan bezalaxe, urtegietan arrantzatutakoa ezin da merkatuan saldu.
Eskualdeko bi arrantza barrutietako baimenak Beasaingo Aitzorrotz elkartean emango dira.
Hil gabeko arrantza tarteak ere zehaztuta daude. Goierri hartzen duen gune bakarra dago: Oria ibaian, Ordizian Amundarain ibaiaren bokaletik Usurbileraino. Tarte horretan harrapatutako arrainak uretara itzuli behar dira berehala.
Arrantza debekatutako tarteak
Ibaiak eta urtegiak
- Agauntza. Lazkaon, saihesbideko zubitik Domardako bidegurutzeraino. Ataunen, Uerkain presatik San Gregorioko errotaraino, eta Aitzarte errekaren ibai-ahotik San Martin elizako zubiraino.
- Amundarain. Zaldibia. Urtsuerrekaren ibai-ahotik Berdillari baserriraino, eta Osinberde eta Arkalako zubia arteko erreka guztiak.
- Arriaran urtegiko errekak. Beasain, Ezkio-Itsaso. Garin eta Arriaran errekak, urtegian isurtzen dutenak.
- Barrendiola. Legazpi. Jaiotzen denetik urtegira arte.
- Eztanda. Gabiria. Jaiotzen denetik Errotaberri baserriraino.
- Ibaieder. Beasain, Ezkio-Itsaso, Beizama. Jaiotzen denetik ur-emaria neurtzeko estazioraino; Junto, Erroitz, Zoatz (Zaraia) errekak eta Ibaiederren isurtzen duten guztiak, urtegiraino.
- Ibiur urtegia eta erreka. Gaintza, Abaltzisketa, Baliarrain, Orendain. Urtegia bera eta hara doazen errekak.
- Troi urtegia. Gabiria, Mutiloa. Urtegiaren muga barruan.
- Urola. Legazpi. Tren geltokiko zubitik Olaberriko presaraino.
- Urtsuaran. Idiazabal. Orian isurtzen duenetik N-1 errepideko zubiraino.
- Urtsuerreka. Zaldibia, Abaltzisketa. Jaiotzen denetik (Labain) Urtsuerrota baserriraino.
- Zubin-Berostegi. Legorreta. Jaiotzen denetik Oria ibairaino.