Iker Lasa: «Espektatiba handiegiak sortzea ez da ona, nahiago dut partidaz partida joan»
Denboraldi borobila egiten ari da Beasain, eta azken partidetako emaitza onei esker, igoera fasea jokatzeko postuetan sartu da taldea. Igande honetan partida garrantzitsua jokatuko dute, sailkapenean arerio zuzena duten Barakaldoren kontra. Iker Lasa (Legorreta, 1977) entrenatzailea gustura dago taldea egiten ari den denboraldiarekin, baina ez du espektatiba handiegirik sortu nahi, eta nahiago du partidaz partida joan. Bost jardunaldiren faltan, 3. postuan dago Beasain. Orain arte denboraldi borobila egin duzue. Orain arte bai. Egia esateko urte osoan egon gara aurreko postuetan, ez aurreneko lauetan, baina bai aurrealdean. Orain azken txanpan sartu gara, eta azken partidetako emaitzak ikusita, espektatiba batzuk ari dira sortzen. Ez dakit hori ona den, baina horrek esan nahi du denboraldi ona egiten ari garela. Hala ere, nahiago dut benetako balorazioa denboraldia bukatzen denean egin behar da; jendea azkenean horrekin gelditzen da, eta ez aurretik egindakoekin. Sailkapena nahiko estu dago, eta bost partida horietan aldaketa asko gerta daitezke. Bai, egutegia ikusita, aurreko postuetan gabiltzan denok, elkarren artean jokatu behar dugu azken jardunaldietan. Horrek esan nahi du, gaur hirugarren egonda ere, asteburuan galduz gero, berriz ere play off postuetatik bi puntura egon gaitezkeela. Asteburuan Barakaldoren kontra jokatuko duzue. Sailkapenaren aurrealdeko postu horietan, zuen arerio zuzenetako bat da. Bai. Futbolean topiko [...]
Denboraldi borobila egiten ari da Beasain, eta azken partidetako emaitza onei esker, igoera fasea jokatzeko postuetan sartu da taldea. Igande honetan partida garrantzitsua jokatuko dute, sailkapenean arerio zuzena duten Barakaldoren kontra. Iker Lasa (Legorreta, 1977) entrenatzailea gustura dago taldea egiten ari den denboraldiarekin, baina ez du espektatiba handiegirik sortu nahi, eta nahiago du partidaz partida joan.
Bost jardunaldiren faltan, 3. postuan dago Beasain. Orain arte denboraldi borobila egin duzue.
Orain arte bai. Egia esateko urte osoan egon gara aurreko postuetan, ez aurreneko lauetan, baina bai aurrealdean. Orain azken txanpan sartu gara, eta azken partidetako emaitzak ikusita, espektatiba batzuk ari dira sortzen. Ez dakit hori ona den, baina horrek esan nahi du denboraldi ona egiten ari garela. Hala ere, nahiago dut benetako balorazioa denboraldia bukatzen denean egin behar da; jendea azkenean horrekin gelditzen da, eta ez aurretik egindakoekin.
Sailkapena nahiko estu dago, eta bost partida horietan aldaketa asko gerta daitezke.
Bai, egutegia ikusita, aurreko postuetan gabiltzan denok, elkarren artean jokatu behar dugu azken jardunaldietan. Horrek esan nahi du, gaur hirugarren egonda ere, asteburuan galduz gero, berriz ere play off postuetatik bi puntura egon gaitezkeela.
Asteburuan Barakaldoren kontra jokatuko duzue. Sailkapenaren aurrealdeko postu horietan, zuen arerio zuzenetako bat da.
Bai. Futbolean topiko bat dela ematen du, eta askok barre egingo dute, baina partidaz partida joan beharra dago, ez dago besterik. Espektatiba handiegiak sortzeak, frustrazioa ekar dezake, eta horrek min handia egiten du. Baina helburua hurrengo partida baldin bada, gure lana hura prestatzea eta ahalik eta egoerarik onenean iristea da. Eta gero, konpetituz partida aurrera ateratzea lortzen badugu, ba oso ondo. Eta bestela aurkakoa zoriondu, eta aurrera.
Lauzpabost talde zaudete hor, puntu pare baten gora beheran.
Bai, aurrena Zalla dago, liderra, 66 punturekin; Barakaldo 65ekin, eta gero hiru talde gaude, 62 punturekin berdinduta, eta seigarrenak guk baino puntu bat gutxiago du. Kontutan izanda hamabost puntu daudela jokoan, talde asko dira oraindik aukera dutenak. Eta azkeneko partidetan denok denon aurka jokatuko dugu, ala tokatu da.
Nahi gabe ere, ligak bukaera polita izango du, beraz.
Bai, polita izango da, ikusteko behintzat bai… Bizitzeko ere bai, baina tentsio handia esan nahi du. Hala ere, hobe da goiko postu horiengatik borrokan aritzea, beheko postuetatik irteteko baino.
Eta taldea, animo aldetik, zer moduz dago?
Oso ondo. Berez da talde langilea, eta alde horretatik oso pozik gaude. Jokalariek ere dena ematen dute, eta egindako ahaleginaren sari modura ikusten dituzte partidaz partida lortzen ari garen emaitzak. Lana gogor eginda, hor aurrean gaudela ikusteak, bizia ematen dio taldeari. Jokalariak oso gustura daude, batez ere azken partida irabazi eta gero. Partida horrek gure buruarengan konfiantza gehiago eman digu, alegia, edonori irabazteko gauza garela, nahiz eta hori denboraldi osoan zehar ikusi dugun. Edozeini irabazi eta edonoren kontra galdu. Topiko bat dirudi baina partida batean edonork irabazi dezake, eta hirugarren mailan, aurten garbi gelditu da hori.
Azken txanpa horri begira, etxeko partidek garrantzia handia izango dute, ezta?
Normalean, etxean jokatzen ari garen partidetan emaitza onak atera ditugu, partida gutxi galdu ditugu etxean, eta hor goian egotearen arrazoia, neurri handi batean, etxeko partidak irabaztean datza. Gero kanpokoren bat ere irabazi beharko dugu, hor goian egon nahi badugu behintzat. Orain arte, etxetik kanpora ere errendimendu ona ateratzen ari gara. Baina egia da etxekoek garrantzia handia dutela.
Azken denboraldietan aurreko postuetan ibili da Beasain. Igoera fasea ere jokatu izan du. Hurrengo pausoa ematea, posible ikusten al duzue?
Hirugarren mailara jaitsi zenetik, Beasainek behin bakarrik jokatu du play offa. Ni prestatzaile fisiko eta bigarren entrenatzaile moduan egon nintzen 6 urteetan, behin bakarrik lortu genuen, Iñaki Eskisabelekin. Eta aurrenekoan kanporatuak izan ginen, Reusen kontra. Egia da beti espektatiba handiak sortu direla talde honen inguruan, 2.B mailatik jaitsi zenetik, Gipuzkoan 3. mailako erreferentziazko taldeetako bat izan delako. Urtero horretaz ari gara, baina behin bakarrik sartu da igoera fasean. Horrek esan nahi du ez dela horren erraza. Horregatik tentuz joan behar dela uste dut, gehiegi berotu gabe. Aurreneko lana horra iristea da. Gero zortea, taldea nola iristen den… faktore asko daude. Baina hori da, momentu honetan, gutxien kezkatzen nauena.
Aurretik taldean beste postu batzutan aritu izan zara, baina aurten eman duzu entrenatzaile izateko pausoa, ezta?
Prestatzaile fisiko bezala sei urte egin eta gero, utzi egin nuen, jubenilen taldea entrenatzeko. Urtebete egin nuen han, eta gero, Borja Urretabizkaia Ordizia entrenatzen hasi zenean, ea berari lagunduz han aritu nahi nuen galdetu zidan. Hala hasi ginen, baina denboraldia ez zen ondo joan eta ez genuen urtea bukatu. Urte gogorra izan zen, eta hurrengoan ez nuen ezer egin. Denboraldi honen hasieran, Koldoren [Zaldua] deia jaso nuen, eta sorpresa handia izan zen niretzat.
Erronka handia izango zen.
Kristoren erronka izan da niretzat. Baina kontziente naiz, aukera handia izan arren, taldeak arrisku handiko apustua egin zuela nirekin, eta zentzu horretan klubak korrontearen kontra egin zuen, Gipuzkoan entrenatzaile asko baitaude horrelako talde bat hartzeko irrikitan.
Azken urteetan Goierriko gero eta jende gehiago dago taldean. Nahita bilatutako zerbait al da?
Beasainek epe ertain batean lortu nahi duena, eskualdeko jende gehiago izatea da, eta eskualdea bera ere taldearekin gehiago identifikatzea. Hori epe motzean oso zaila da, baina iaztik hona aurrera pauso handia eman dugu.
Harrobiarekin ere gero eta lan handiagoa egiten da.
Bai, oinarrizko futbolean ere lan handia egin da azken urteetan. Jendea askotan 3. mailan zentratzen da, eta ahaztu egiten da hori, baina hor atzeko lan handia dago, ez bakarrik Beasainen, baita eskualdeko beste taldeetan ere. Nik ere ezagutu dut hori, eta maila baxuagoetan lana egiten eta bere orduak sartzen ari den jende horrek, sekulako meritua du. Beasainen sartu nintzenean, aurreko zuzendaritzak lan handia egin zuen zentzu horretan, nahiz eta jendeak asko kritikatu, lan handia egin zuen. Pentsa, 2.B mailatik jaitsi zirenean, bizpahiru talde bakarrik zeuden beheko mailetan. Hori indartzen joan da, eta oso azpiegitura zabala sortu da. Oraingo zuzendaritzak jarraipena eman dio lan horri, eta orain talde nagusiaz gain beste hamar talde daude beheko mailetan. Eta uste dut lan horrek bere emaitzak emango dituela.
Zaleei ze mezu emango zenieke.
Batez ere, ez dela ona espektatiba handiegiak egitea. Asteburu honetan galduz gero, hurrengo partida irabazeko sekulako presioa izango dugu, eta horrek taldeari kalte egiten dio. Aurrean gaude, eta ezin dugu beste aldera begiratu, baina egia da Beasainek momentu honetan behar duena hurrengo partidan zentratzea dela, partidaz partida joatea. Garrantzitsuena orain igandeko partida lasai jokatzea da. Lasai jokatzen badugu, partida ona egiteko aukera izango dugu, eta galdu behintzat ez dugu egingo.













