Cadizko 37 sukaldari Goierrin izango dira etzi
Gaurtik etzira bitarte Espainiako XIV. Ostalaritza Kongresua egiten ari dira Donostian, eta horren harira, etziko iragarrita dauden bisita gidatuetan, Cadizko (Espainia) 37 sukaldarik Goierriko hainbat txoko bisitatuko dituzte asteazkenean.
Gaur eta bihar hitzaldiak izango dira, eta etziko bost bisita gidatu antolatu ditu kongresuaren idazkaritzak eta Eusko Jaurlaritzak (Donostia, Bilbo, Arabar Errioxa, Getaria-Zumaia eta Goierri). Bost horietatik Bilboko eta Goierriko irteera aukeratu dituzte sukaldariek, eta hori dela eta, Cadizko sukaldariek Goiturrek proposatutako bisita egingo dute.
Ordiziatik Idiazabalera
Sukaldariak 10:00etan iritsiko dira Ordiziako D’elikatuz zentrora, eta bertan harrera egin ondoren, Ordiziako azoka bisitatuko dute. Handik Beasaingo Igartza jauregira joango dira, txakolin eta gazta uztartzea dastatzera. Idiazabalen bukatu dute bisitaldia: lehendabizi Aranburu gaztandegian izango dira, eta ondoren, Ion Aierbe eta Iker Markinez sukaldariek Elizalde elkartean prestatutako bazkaria dastatuko dute.