Gobernu taldeak ikerketa batzordea sortu nahi du, «irregulartasunak azken muturreraino» ikertzeko
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak azalerazitako “irregulartasunak azken muturreraino” ikertu nahi ditu Beasaingo udal gobernu taldeak. Hori dela eta, ikerketa batzordea sortzea proposatuko du hurrengo udablatzan. Zentzu horretan, udal gobern...
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak azalerazitako “irregulartasunak azken muturreraino” ikertu nahi ditu Beasaingo udal gobernu taldeak. Hori dela eta, ikerketa batzordea sortzea proposatuko du hurrengo udablatzan. Zentzu horretan, udal gobernua “beasaindarron kontuen gardentasuna bermatzera behartuta” dagoela uste dute, eta ikerketa hori, HKEEren lankidetzarekin eta “udalaren esku ego daitezkeen tresna guztiekin” egiteko prest daude, “gertatutakoaren ardurak noraino doazen zehazteko”. Datozen asteetan gainontzeko alderdi politikoekin bilduko dira, gai honen inguruan duten iritzia jakiteko.
Koldo Agirre alkateak eta Aitor Larburu eta Mari Mar Zelaia zinegotziak prentsaren aurrean agertu dira gaur, udal gobernuan gai horren inguruan duen ikuspegia azaltzeko. Gobernua, orain arte “ixilik” egon dela azaldu dute, “ikerketa burutu eta behin betiko txostena izan arte”. Otsailaren 16an atera zen txostenean, Beasaingo Udalak 2009. urtean egindako hainbat irregulartasun jasotzen direla gogorarazi dute. Hala, “esan dezakegu arau hausteak, kudeaketa iluna eta irregulartasunak errepikatu zirela PNVk aurreko legealdian izan zuen kudeaketan”. Zentzu horretan, legealdi berria hasi zenetik urtebetera, “hainbat aldiz entzun ditugu PNVko kideak batzuen zein besteen kudeaketarako ezgaitasunaz hitz egiten, edota ezer ez dela egiten esaten. Garbi zegoen porlanaren urrezko garai haietan interes asko zeudela Beasainen, eta ikusten da arau hauste larriak egin direla”. Hori guztia ikusita, “PNVren kudeaketa irregulartasun larriez betea” izan dela ondorioztatu dute.