Goierri Fundazioarentzat agindutako dirua ekartzeko eskatu dio udalak Espainiako Gobernuari
Ordiziako udalbatzak aho batez eskatu dio Espainiako Gobernuari Goierri Fundazioarentzat aurreikusitako dirua ekartzeko. 2011ko aurrekontuetan milioi bat euroko partida izendua zuen Madrilek Goierriko enpresei lagundu eta berrikuntzarako proiektuak sustatzeko, baina PPren gobernuak uko egin dio diru hori bideratzeari, eta “kolokan” utzi du Goierri beheko berrikuntza proiektua martxan jartzeko bideragarritasun ekonomikoa. Atzoko osoko bilkuran hartu zen eskaera hori egiteko erabakia, Bilduren, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Iban Asenjo Bilduko zinegotziaren arabera, Espainiako Gobernuak Goierriren kontra hartutako erabakia da diru hori ez bidaltzea, eta gaineratu du Tolosaldean eta Urola Kostan ere antzera gertatu dela. Halaber, EAJk eta PSOEk partida horren negoziazioa egiteko 11 hilabete izan dituztela esan zuen, eta denbora tarte horretan ez dutela ezer egin. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “eskuzabaltasuna” eskertu zuen, 300.000 euro bideratu baititu Goierriko berrikuntza proiektuak sustatzeko. Asenjok EAJri eta PSOEri egindako kritikek eztabaidatu piztu zuen osoko bilkuran. Iñaki Dubreuil PSE-EEko bozeramaileak esan zuen bere asmoa mozioaren alde bozkatzea zela, eta kritika horiek entzunda ez dakiela zer bozkatu. Jose Migel Santamaria EAJren eleduna ere antzera mintzatu zen, eta esan zuen ez duela onartuko EAJri gestio falta leporatzea. “Mozioarekin ados gaude, baina ez Ibanek [Asenjo] egindako kritikekin”. Mozioak dioenez, Espainiako Gobernuko Ikerkuntza, Berrikuntza eta Garapenerako Estatuko Idazkariak bidalitako fax [...]
Ordiziako udalbatzak aho batez eskatu dio Espainiako Gobernuari Goierri Fundazioarentzat aurreikusitako dirua ekartzeko. 2011ko aurrekontuetan milioi bat euroko partida izendua zuen Madrilek Goierriko enpresei lagundu eta berrikuntzarako proiektuak sustatzeko, baina PPren gobernuak uko egin dio diru hori bideratzeari, eta “kolokan” utzi du Goierri beheko berrikuntza proiektua martxan jartzeko bideragarritasun ekonomikoa. Atzoko osoko bilkuran hartu zen eskaera hori egiteko erabakia, Bilduren, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin.
Iban Asenjo Bilduko zinegotziaren arabera, Espainiako Gobernuak Goierriren kontra hartutako erabakia da diru hori ez bidaltzea, eta gaineratu du Tolosaldean eta Urola Kostan ere antzera gertatu dela. Halaber, EAJk eta PSOEk partida horren negoziazioa egiteko 11 hilabete izan dituztela esan zuen, eta denbora tarte horretan ez dutela ezer egin. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “eskuzabaltasuna” eskertu zuen, 300.000 euro bideratu baititu Goierriko berrikuntza proiektuak sustatzeko.
Asenjok EAJri eta PSOEri egindako kritikek eztabaidatu piztu zuen osoko bilkuran. Iñaki Dubreuil PSE-EEko bozeramaileak esan zuen bere asmoa mozioaren alde bozkatzea zela, eta kritika horiek entzunda ez dakiela zer bozkatu. Jose Migel Santamaria EAJren eleduna ere antzera mintzatu zen, eta esan zuen ez duela onartuko EAJri gestio falta leporatzea. “Mozioarekin ados gaude, baina ez Ibanek [Asenjo] egindako kritikekin”.
Mozioak dioenez, Espainiako Gobernuko Ikerkuntza, Berrikuntza eta Garapenerako Estatuko Idazkariak bidalitako fax baten bidez jakin dute iragarritako diru hori ez dela iritsiko. “Diru laguntza izendu hori ezinbestekoa da 2012an eskualdeko berrikuntza proiektua martxan jartzeko eta bere bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko. Partida izendu hori berehala jaso ezean, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa kolokan geratuko da”. Mozioaren lehen puntuak Goiekik eta Goierri Fundazioak urteetan berrikuntzaren alde egin duen lana goraipatzen zuen, eta bigarrenak agindutako dirua bidaltzekoa.
Igor Eguren alkateak azaldu zuen, juristekin hitz egin ondoren, helegitea sartua dutela erabaki horren aurka, Espainiako Gobernuak bidalitako ebazpenak “ez hankarik ez bururik” ez duelako. Helegiteari lau hilabeteko epean erantzungo diotela esan zuen alkateak, eta erantzuna kontrakoa bada, erreklamazioa jarriko dutela. Azalpen horiek entzunda, eta aurrez izandako ika-mikak alde batera utzita, alderdi guztiek bozkatu zuten mozioaren alde.
Cartonajes Nadalen erosketa, bi zatitan
Joan den martxoaren 28an onartu zen Ordiziako udal aurrekontua, eta inbertsiorik nagusiena Herri Antzokiaren azpian dagoen Cartonajes Nadal enpresa erostea zen, herriko kultur azpiegitura hobetu nahian. Adostutako prezioa 377.370 eurokoa da, eta eskualdatze zergaren %7 gehituta, guztira 403.785 euro ordaindu beharko ditu Etxezarreta kaleko 7. zenbakiko 130 metro koadroko lokal bat erosteagatik, eta baita kale bereko 9. zenbakian dagoen 635 metro koadroko beste lokal bat erosteagatik.Belen Maiza kultur zinegotziak esan zuen 2012an 210.000 euro bideratuko dituztela lokal horien erosketara, eta gainontzeko 193.785 euroak 2013. urtean.
Santamariak (EAJ) esan zuen bere alderdiak puntuaren aurka bozkatu zuela, ez erosketaren aurka dagoelako, baizik eta ez zaiolako iruditzen erosketa hori egiteko momentu egokia denik krisi garai hau. “Erosketa hitzartzeko une egokia izan daiteke, baina ez erosketa egitekoa”. Dubreuilek (PSE-EE) esan zuen puntuaren alde bozkatuko zuela, aurretik zetorren gai bat zelako, eta “joko asko” emango duen lokala izango delako. Eguren alkateak ere hartu zuen hitza. “Aspaldiko premia bat zen, eta lokal jabeekin negoziatuta, ikusi genuen ezin genuela aukera pasatzen utzi”. Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin atera zen aurrera puntu hori.
Trenbidea desbideratzea San Bartolomen
Udal planeamenduko arau subsidiarioen 22-San Juan H.I.E.an, 40.6.2 eraikuntza unitatearen xehetasun azterketa behin betiko onartu zen aho batez, eta baita udal planeamenduaren batzordea aholkulariaren araudi aldaketa ere.
Galde-erreguen txandan, Jose Migel Santamariak galdetu zuen ea zertan den San Bartolome parean trenbidea desbideratzeko kontua. Esan zuen EAJk 1,4 milioi hitzartu zituela Madrilen desbideratze horren proiektua idazteko, eta galdetu zuen udalak zer gestio egin duen. “Madrilekiko gestiorik ez da egin”, erantzun zion Egurenek. “Udalaren asmoa Madrilera bisita hori egitea da, eta hori nola bideratu aztertzen ari gara. Iazko azaroan Espainiako Hauteskundeak zirelako erabaki genuen gai hori hauteskundeak pasa arte ez hartzea. Jaurlaritzarekin biltzekoak gara, eta asmoa da Madrilera Jaurlaritzaren babespean joatea”.
Publiko artetik, hirigintza batzordeko kide Enrike Redondok hartu zuen hitza ondoren. “Hirigintza batzordean baloratu zen udal bezala bakarrik joan, edo Jaurlaritzaren babesa lortzea Madrilera joateko. Izan ere, Jaurlaritzak PTPren (Plan Territorial Parcial) barruan dauka sartuta dauka desbideratze hori egitea”. Santamariak, orduan, honakoa bota zuen: “Orduan, Madrilekiko gestiorik ez du egin udalak. Diru hori galtzen bada, gero guri leporatu behar al diguzue?”. Egurenek Santamariari erantzun zion nahi zuen titularra lortu duela EAJk, baina ez dela eztabaida horretan luzatuko.














