Ireki dituzte Aralarko larreak
Gaur goiz eguerdi partean egin dute Larraitzen (Abaltzisketa) Aralarko larreak irekitzeko festa. Goizean goizetik sumatzen zen jende asko bilduko zela Zamaoko atsedenlekuan, eta halaxe izan da. 10:00etarako zabalik zeuden esku langileen eta bertako produktuen saltzaileen postuak, bainak 11:00ak alderako hartu du festa itxura Larraitzek. Gaurtik urriaren bukaerara arte 18.000 ardi eta 1.400 bat behi eta behor larratuko dira Enirio-Aralar mankomunitateko lurretan.
Gipuzkoako Mendiko behor eta zaldien III. lehiaketa izan da eguneko lehen ekitaldi nagusia. Mendiko behor onenaren saria Zaldibiko Ana Mari Otamendik jaso du, eta zaldi onenarena Idiazabalgo Aitzol Mendizabalek. Baserritartasun saria, berriz, Amezketako Arantxa Eizmendiren behor batek jaso du, eta zaldietan, Abaltzisketako Asensio Otamendirentzat izan da.
Zaldia nagusi bi idien aurka
Zamaoko langa ireki eta lehen behi saldoa Aralarrera bidean jarri denean hasiko da eguneko ikusgarri nagusia. Zaldibiako Roman Elosegiren Terreña arrazako bi idik 1.100 kilo harriari egin behar zioten tira, eta Hernaniko Imanol Paollaren zaldi batek 1.000 kiloko harriari. 20 minutuan zeinek plaza gehiago egin zen erronka, eta zaldiak irabazi du, 71 plazarekin. Idiek 59 plaza egin dituzte. Idiak lanean hasi eta berehala sekulako zaparrada bota du, eta horrek zertxobait zapuztu du ikusmina.
Atertzearekin batera Hegazti harraparien erakustaldia egin dute Belatz Handi elkartekoek. Jende sakabanatu egin da ondoren, eta bakoitzak bere otordua egin ondoren, arratsaldeko erromeriaren zain geratu da. 17:00etan hasiko da Triki Beltz taldearen erromeria Larraitzen.