Agirren, Eguren, Andonegi eta Maiza, gaur goizean Goiekin egin duten agerraldian.
Azken sei hilabeetan Goiekin egiten ari diren lanaz, egungo kudeaketari buruzko hausnarketaz eta etorkizunari begira dauden asmoez hitz egin du gaur Igor Eguren Ordiziako alkate eta Goiekiko presidenteak Goierri Bilduren izenean. Ideia argi bat plazaratu nahi izan du Egurenek: Goiekiko Administrazio Kontseiluaren orain arteko eraketa “mugatua” izan dela, eta Bilduren nahia kontseiluan “oreka bilatzea” dela. Horretarako, bilera txanda bat egin dute eskualdeko eragile politikoekin, enpresa mundukoekin eta eragile sindikal eta sozialekin.
Koldo Agirre Beasaingo alkatea, Azeari Andonegi Lazkaoko alkatea eta kontseiluko kidea, eta Belen Maiza Ordiziako alkateordea eta kontseilu kidea ondoan zituela atera da prentsaren aurrera gaur goizean Eguren.
Goiekiko Administrazio Kontseilu berriaren osaketa “zailtasunez betea” izan zela, eta “harreman ezaren ondorioz nahikoa trakestu” zela esanez hasi du agerraldia Egurenek. “Horren ondotik dator gure lehen hausnarketa. Goiekiren Administrazio Kontseilua mugatua geratzen dela iruditzen zaigu, mugatua izan dela, eta etorkizunean hor inziditu behar dela. Gure asmoa da gaur egun kargu politikoek soilik eratzen duten mahai hori eragile desberdinei zabaltzea”.
Gaur egun asmo hori egi bihurtzeko “aspektu juridikoa” lantzen ari dira Goiekin, eta kontseiluak zenbat kide izan beharko lituzkeen finkatzen ere bai. Mahai horretan, eragile politikoak ez ezik, eragile sozialak eta sindikalak ere egongo direla aurreratu du. “Goiekiren sorreran, orain dela 18 urte, adierazi bazen helburua oreka lortzea zela, gure asmoa oreka hori bilatzea izango da”. Goiekik, ehun industrialaz gain, eskualdeko beste hainbat errealitate kontutan izan beharko lituzkela uste du Bilduk; hala nola, sindikatuen papera, turismoaren inguruko lana, euskara, ingurumena, hezkuntza…. “Garai baten egon zen atal soziala ere berreskuratu nahi dugu, eta ahal baldin bada indartu eta gehitu”.
NBF proiektua bertan behera
Goiekira iritsi zirenean, aurreko agintalditik zetorren proiektu bat mahai gainean zegoela gogoratu du Egurenek, NBF New Business Factory izenekoa. “Inkubategi berriaren proiektua zen hori, eta arrazoi desberdinengatik, eta batez ere, diru laguntzen baitako proiektu bat zelako, hemen gauden hilabeteetan jakin dugu proiektua bertan behera geratzen dela”. Espainiako Gobernuak milioi bat euro bideratu behar zuen proiektu horretara, baina diru hori bidaltzeari uko egin dio, eta horregatik geratu da bertan behera. “Proiektua bertan behera geratzearen erantzule nagusia Espainiako Gobernua da”.
Gertaera horrek Goiekiren egoera finantzieroa “nahiko trakets” utzi du, Egurenen esanetan. “Kudeaketa horretatik eratorritako zor batzuk agertu dira mahai gainean, 400.000 eurotik pasakoak. Goiekik Ordiziako Udalarekin konpromiso bat zeukan lur erosketa baterako, eta horren urbanizazio gastuei dagokion zor batzuk agerian geratu dira”. Eguren “kezka eta kritika” azaldu nahi izan du, eta gaineratu du ea zergatik hartu ziren konpromiso finantziero horiek modu horretan. “Uste dut hausnartzekoa dela hori, eta kezkatzekoa dela honen kudeaketa nola gauzatu den eta zer punturaino ekarri gaituen”.
Egurenek, hala ere, nabarmendu du zor hori Goiekik Ordiziako Udalari saldu dion lokal batekin estalita geratu dela. “Garbi aipatu behar da baita ere, lokal horrek salmenta aurreikusita zegoela New Business Factory proiektutik eratorritako gastuak ordaintzeko”. Proiektua bertan behera geratuta, hiru hausnarketa daude orain mahai gainean: proiektua bera egokia den ala ez; non kokatu beharko litzatekeen; eta nola gauzatu beharko litzatekeen.
Hausnarketa prozesuaren epeak
Bertan behera geratu den proiektu horren inguruan Goiekin lan egiten duten teknikarie izan duten ardura nabarmendu du lehendakariak. “Diru hori jaso artean proiektuaren garapena aurrerago ez eramatea erabaki zuten. Horren ondorioz, gure egoera ez da beste batzuena bezain txarra momentu honetan”.
Eragileen artean abiatutako bilera txandaz gain, Goieki barruan ere hausnarketa egiten ari direla azaldu du. “Teknikariak beraiek ere hausnarketa prozesuan daude, Goiekik aurrerantzean zer eta nolakoa izan behar duen erabakitzeko”. Bilduren asmoa prozesu horrek epe muga bat izatea dela ere esan du, eta uda aurretik edo ondorenerako bukatuta egongo dela.
Eragileekin egindako bilerak
Azeari Andonegik azaldu ditu eragile politikoekin, enpresa mundukoekin, eta eragile sindikal eta sozialekin egindako bileren nondik norakoak. Eragile politikoekin egindako bileran “hutsune asko” egon zirela esan du, eta ekarpenak jaso ordez, New Business Factory proiektuaren inguruan hausnartzen aritu zirela. “Gabezia horiek nabaritu genituen, baina izandako arreta eskertzen da. Aniztasuna lortze aldera, eragile politikoen presentzia bermatu egin behar da, Goiekin ordezkaritza izan ala ez”.
Bigarren bileran enpresa munduko eragileekin izan zuten, eta “harrera oso ona” izan zuela gogoratu du. Goiekiren orekaren inguruan ekarpenak egin zituztela esan du, eta eskualde enpresa handien, ertainen eta txikien artean ere oreka egon beharko litzatekeela. “Goieki zer den kaleratzeko ere eskatu ziguten, ezagutza hori kaleratu beharra daukagula, jendeak jakin dezan zer den Goieki eta zertan ari den”. Horrez gain, helburuak zehazteko beharra eskatu zieten enpresa munduko eragileek Goiekiko ordezkariei. “Bilera positibotzat jo genuen, beraien inplikazioa handia izan zelako”.
Bilerarik jendetsuena eragile sozial eta sindikalekin egindakoa izan zen. Euskara munduko ordezkariak, migraziokoa, gazteak, emakumeak, sindikatuak… izan ziren bilera horretan, Andonegik adierazi duenez. “Goiekiren oreka hori bilatzeko bidean ontzat jo zuten beraien presentzia. Goiekin denok eduki beharko genukeela parte esan zuten, horrela ulertu behar dela Goierriren garapena”.