Espainiatik Goierrira
Joan zen mendearen erdialdean jende asko etorri zen Espainiatik Goierrira, bizimodu hobe baten bila. Azkenaldian asko hitz egiten da immigrazioaz, baina Goierrik joan zen mendearen erdialdean jaso zuen etorkin uholderik handiena. Espainiatik etorritako langileak eta haien familiak eskualdeko lantegietara etorri zirenean izan zen. Arruntena, lehenengo senarra etortzea zen, eta ondoren emaztea. Baina Maria Antonia Hortiguela (Burgos, 1939) lagun batekin etorri zen, eta Ana Requerey (Kordoba, 1943) gurasoekin eta anaia-arrebekin. Gizonek lanean igarotzen zuten eguna, eta emazteek etxean, eta hala, bizitoki berrira egokitzea zailagoa izan zen emakume horientzat guztientzat. Hortiguela Villayerno Morquillas herrian jaio zen, eta 17 urterekin iritsi zen Zumarragara. «Nire jaioterria nekazal herria da eta ez nuen gabeziarik ezagutu. Haurtzaro oso polita izan nuen, baina 1956an Gipuzkoara etortzea erabaki nuen». Ez da hartutako erabakiaz damu, baina berak orduan egindakoa ez egiteko aholkatzen die orain gazteei. «Maistra ikasketak hastekotan nintzen, baina dirua irabazi nahi nuen eta lagun batek eta biok Telefonicak Bergaran (Gipuzkoa) langileak behar zituela ikusi genuen iragarki batean. Hala etorri ginen». Requerey, berriz, 40.000 biztanle pasatxo dituen Kordobako Lucena herrian jaio zen. Bilore enpresak bertan lantegia zuen, eta familia ia osoari Goierriko lantegian aritzeko aukera eskaini zion Bilorek. Requereyk 13 urte zituen Goierrira etorri zenean. «Aitak Lucenan taberna [...]
Joan zen mendearen erdialdean jende asko etorri zen Espainiatik Goierrira, bizimodu hobe baten bila.
Azkenaldian asko hitz egiten da immigrazioaz, baina Goierrik joan zen mendearen erdialdean jaso zuen etorkin uholderik handiena. Espainiatik etorritako langileak eta haien familiak eskualdeko lantegietara etorri zirenean izan zen. Arruntena, lehenengo senarra etortzea zen, eta ondoren emaztea. Baina Maria Antonia Hortiguela (Burgos, 1939) lagun batekin etorri zen, eta Ana Requerey (Kordoba, 1943) gurasoekin eta anaia-arrebekin. Gizonek lanean igarotzen zuten eguna, eta emazteek etxean, eta hala, bizitoki berrira egokitzea zailagoa izan zen emakume horientzat guztientzat.
Hortiguela Villayerno Morquillas herrian jaio zen, eta 17 urterekin iritsi zen Zumarragara. «Nire jaioterria nekazal herria da eta ez nuen gabeziarik ezagutu. Haurtzaro oso polita izan nuen, baina 1956an Gipuzkoara etortzea erabaki nuen».
Ez da hartutako erabakiaz damu, baina berak orduan egindakoa ez egiteko aholkatzen die orain gazteei. «Maistra ikasketak hastekotan nintzen, baina dirua irabazi nahi nuen eta lagun batek eta biok Telefonicak Bergaran (Gipuzkoa) langileak behar zituela ikusi genuen iragarki batean. Hala etorri ginen».
Requerey, berriz, 40.000 biztanle pasatxo dituen Kordobako Lucena herrian jaio zen. Bilore enpresak bertan lantegia zuen, eta familia ia osoari Goierriko lantegian aritzeko aukera eskaini zion Bilorek. Requereyk 13 urte zituen Goierrira etorri zenean. «Aitak Lucenan taberna zuen, baina ostalaritzaz nekatu eta Bilorek langileak behar zituenez, bertan genuen etxea saldu eta guztiok Ordiziara etorri ginen: gurasoak eta hamar anaia-arreba. 13 urterekin hasi nintzen lanean».
Biloren lan egin zuen erretiratu zen arte, baina Hortiguela hainbat tokitan aritu zen. «Telefonicatik botoiak egiten zituen lantegi batera joan nintzen, eta handik Plasnorrera». Hortiguela eta Requerey ez bezala, hainbat emakumek ez zuten lanik egiten orduan, eta haien egoera bestelakoa zela diote bi emakumeek: «Gizonezkoek lantegian jendea ezagutzeko aukera zuten, baina emazteak etxean gelditzen ziren, eta horrela oso zaila da leku berri batera egokitzea. Emakume batzuek gaizki pasatu zuten garai hartan».
Hona etorri aurretik, ez batak ez besteak ez zekien ia ezer Euskal Herriaz. «Nire anaiak hemen egin zuen soldadutza, eta berak esandakoa bakarrik nekien», dio Hortiguelak. Bere kasuan, ez zuen Zumarragara egokitzeko aparteko zailtasunik izan. Izan ere, bere ustez, «immigranteak hartu duen herrialdera egokitu behar du. Nik asko ikasi dut hemen, eta sekula ez dut arazorik izan. Hemengo hamaika ekimenetan parte hartu dut gainera».
Dena den, lehen hilabeteak gogorrak izan zirela onartu du. «Laguna eta biok martxoan heldu ginen, eta Santa Isabel egunean –uztailaren 2an, Zumarragako jaietako egun handian– gaizki pasatu genuen. Ez genituen hemengo ohiturak ezagutzen eta izkina batean gelditu ginen. Kokilduta jaitsi ginen Antiotik herrira. Hurrengo urtean, ordea, festan murgildu ginen eta primeran pasatu genuen. Ordutik, urtero dantza egin dut eta erretiratuen egoitzan antolatu den arin-arin eta fandango ikastaroan parte hartzen ari naiz». Requereyri, berriz, gutxien gustatu zitzaiona eguraldia izan zen: «Abuztuan heldu ginen eta zirimiria ari zuen orduan ere».
Ez batak eta ez besteak ez dute euskara ikasi. Requereyk garai hartan ez zutela kalean hitz egiten uzten dio, baina Hortiguela ez da iritzi berekoa. «Nik pixka bat bat bakarrik ikasi nuen, eta dakidan apurra Jazinto Galartzari zor diot. Hala ere, euskara ikasi ez izanak penatzen nau». Dena den, apur bat saiatu da. «Heldu bezain pronto, nire lagunak eta biok pasiotarren elizako 08:00etako mezara joateko ohitura hartu genuen, euskara ikasteko».
Biek hala biek, ederki bat egin dute Ordiziako zein Zumarragako ohiturekin, baina ez dute jaioterria ahaztu, eta sarritan itzultzen dira Burgosera eta Kordobara. Requereyk, oraindik, ez du Andaluziako azentua galdu.
Hortiguelak dio, Burgosen ere nabaria dela immigrazioaren eragina, «udan han ere euskara entzuten baita kaleetan, garai hartan, hango jende asko etorri baitzen Euskal Herrira». Lucenatik ere jende asko etorri zen, Bilorek ekarrita, eta Requerreyk gogoan ditu denek elkarrekin Larraitzen igarotzen zituzten egunak.
Bizimodu berri baten bila etorri, eta bilatzen zuten hura aurkitu zuten bi dira Hortiguela eta Requerrey. Orain dela hamarkada batzuk ekin zioten bilaketa hari eta, egun, esperientzia hura gogoan, Euskal Herriaren historiaren zati dira, industrializazioak eta ekonomiak bultzatuta aurrera egiteko beharrezkoa aurkitu zutenetako bi.