Goierriko museoak kalera aterako dituzte larunbateko turismo azokarekin
Goierriko museon eta eskaintza turistikoaren berri zabaltzeko asmoz, «museoak kalera» aterako dituzte asteburuan. Ordizian Ertaroko Azoka egingo dutela aprobetxatuz, Goierriko Museon Azoka ere egingo dute bertan; Barrena parean, bost haima edo postu jarriko dituzte, eskualdeko baliabide turistikoen inguruko informazioa emateko. Beasaingo Igartza jauregian eman zuten atzo, astebururako antolatutako ekimenaren berri. Igor Eguren Goiturreko lehendakariak azaldu zuenez, «tokian tokiko museo eta interpretazio zentro horiek ezagutzen ditugu, baina antolakuntza aldetik, batasun bat eta osagarritasun bat dagoela erakusteko beharra ikusten zen». Hori dela eta, eskualdeko eskaintza osoa azoka bakar batean erakutsi nahi izan dute, eta horretarako, Ordizian asteburuan egingo den Ertaroko Azoka aprobetxatuko dute. Niko Osinalde Goiturreko teknikariak, azoka bere testuinguruan kokatu nahi izan zuen aurrena. Batetik, hilaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna izango dela gogorarazi zuen, eta bestetik, bihartik igandera, Barakaldoko BECen Expo Vacaciones azoka ospatuko dela. Horrek, «Euskal Herri mailako promozioa» egiteko aukera ematen duela uste du. Goierriko Museon Azokari dagokionez, ekimen horren atzean duela zenbait urte antolatu zuten Etxetik museora ekimena dagoela esan zuen, baina aurten, beste pauso bat eman eta Museoak kalera atera nahi izan dituzte. Osinaldek azaldu zuenez, «Goierriko Turismoaren Azoka izena jarri diogu, ez baitira museoak bakarrik». Hala, eskualdeko jatetxeen, zerbitzu turistikoen eta alojamenduen gaineko informazioa ere emango dute. Larunbatean bost haima edo postu jarriko dituzte Ordiziako Nikolas Lekuona plazan, Barrena parean. Turismo baliabideen [...]
Goierriko museon eta eskaintza turistikoaren berri zabaltzeko asmoz, «museoak kalera» aterako dituzte asteburuan. Ordizian Ertaroko Azoka egingo dutela aprobetxatuz, Goierriko Museon Azoka ere egingo dute bertan; Barrena parean, bost haima edo postu jarriko dituzte, eskualdeko baliabide turistikoen inguruko informazioa emateko.
Beasaingo Igartza jauregian eman zuten atzo, astebururako antolatutako ekimenaren berri. Igor Eguren Goiturreko lehendakariak azaldu zuenez, «tokian tokiko museo eta interpretazio zentro horiek ezagutzen ditugu, baina antolakuntza aldetik, batasun bat eta osagarritasun bat dagoela erakusteko beharra ikusten zen». Hori dela eta, eskualdeko eskaintza osoa azoka bakar batean erakutsi nahi izan dute, eta horretarako, Ordizian asteburuan egingo den Ertaroko Azoka aprobetxatuko dute.
Niko Osinalde Goiturreko teknikariak, azoka bere testuinguruan kokatu nahi izan zuen aurrena. Batetik, hilaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna izango dela gogorarazi zuen, eta bestetik, bihartik igandera, Barakaldoko BECen Expo Vacaciones azoka ospatuko dela. Horrek, «Euskal Herri mailako promozioa» egiteko aukera ematen duela uste du. Goierriko Museon Azokari dagokionez, ekimen horren atzean duela zenbait urte antolatu zuten Etxetik museora ekimena dagoela esan zuen, baina aurten, beste pauso bat eman eta Museoak kalera atera nahi izan dituzte.
Osinaldek azaldu zuenez, «Goierriko Turismoaren Azoka izena jarri diogu, ez baitira museoak bakarrik». Hala, eskualdeko jatetxeen, zerbitzu turistikoen eta alojamenduen gaineko informazioa ere emango dute. Larunbatean bost haima edo postu jarriko dituzte Ordiziako Nikolas Lekuona plazan, Barrena parean. Turismo baliabideen berri emateaz gain, aisialdirako ekintzak ere izango dira bertan. «Plaza borobila denez, karpak borobilean kokatuko dira, erdian espazio bat utziz, eta hor tailerrak, sagardo eta gazta dastaketa bat eta umeentzako jolasak» egingo dituztela esan zuen Osinaldek.
Donostiarekin elkarlanean
Goitur turismo agentziak Donostia Turismorekin duen itun estrategikoaren barruan, bi eskualdeen arteko elkarlana ere bultzatuko du larunbateko azokak. Izan ere, Goierriko informazioa emateaz gain, Donostiak ere izango du bere postua, hango turismo baliabideen berri emateko. Manu Narvaez Donostia Turismoko zuzendariak, larunbateko ekitaldiak bi helburu izango dituela azaldu zuen.Batetik, azoka hori «sekulako aukera da guretzat, gertueneko turismo hori erakartzeko; bertako biztanleei gogorarazteko, Donostiak badituela erakargarri diren baliabide turistiko batzuk». Hala, Aquariuma edota Eureka eta San Telmo museoez gain, Donostia «egunerokotasunetik atera nahi dugun une horietarako» toki aproposa dela gogorarazi zuen.
Bigarren helburua, turismo eskaintza bateratua egitea dela esan zuen Narvaezek. «Turista batek ez daki herri bat non hasten den eta non bukatzen den. Guk ere turismo eskaintza ikuspegi horrekin egin behar dugu, eta turistari erakutsi, dena bat dela; alegia, Goierriko eskaintza ematen denean, Donostiakoa ere hor sartzea, eta alderantziz». Larunbatekoa bezalako ekintzekin, hori aldarrikatu nahi dute, «elkarrekin zenbat eta eskaintza zabalagoa egin, aurrerago joango garela.
AZOKA:
- Tokia. Ordiziako Nikolas Lekuona plaza, Barrena parean, bost postu jarriko dituzte.
- Eguna. Larunbata, hilak 12.
- Ordutegia. Goizez (11:00etatik 14:00etara) eta arratsaldez (17:00etatik 20:00etara).
POSTUAK:
- Ordiziako D’Elikatuz museoa eta Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroa.
- Ataungo Barandiaran museoa eta Aralarko Interpretazio Zentroa (Lizarrustin).
- Zerain Paisaia Kulturala (museo etnografikoa, Aizpitta, zerrategia…) eta Segurako Erdi Aroko Interpretazio Zentroa.
- Ormaiztegiko Zumalakarregi museoa eta Zegaman dagoen Aizkorriko Interpretazio Zentroa
- Donostiako museoak (Aquariuma, San Telmo museoa, Eureka…) eta baliabide turistikoak.













