Festen ezinbesteko osagaia
Beasaingo festetako ezinbesteko osagaia bihurtu da urtero argitaratzen duten Beasain Jaietan aldizkaria. Ez ditu alferrik bete 90 urte herriko kontuak biltzen dituen agerkariak. Historian zehar, etapa ezberdin asko pasa ditu, baina azken 34 urteetan, Beti-Bizi elkartea arduratu da artikuluak bildu eta argitaratzeaz. Dagoeneko inprentara bidalita dute aurtengo zenbakia, eta hilaren 19tik aurrera jarriko dute salgai. Aurreneko aldizkaria 1922. urtean argitaratu zuten, eta 1927ra arte iraun zuen. Hogei urteko etenaren ondoren, herritar talde batek berreskuratu zuen 1947an, eta beste hogei urtez argitaratu zuten, harik eta 1967an utzi zuten arte. 1973an beste saiakera bat egon bazen ere, ez zuen jarraipenik izan. Beti-Bizi elkartea sortu zenean, 1979an, beraiek hartu zuten, eta geroztik urtero argitaratu dute, etenik gabe. Bost lagunek osatzen dute Beti-Bizi elkarteko kultur komisioa, aldizkaria argitaratzeaz arduratzen den taldea. Juanjo Ruiz, Jesus Mari Sanpedro, Marcos Zurutuza, Antonio Alviz eta Manolo Ferndandez dira boskotea osatzen dutenak. Sanpedrok azaldu duenez, «kultur komisioak bi zeregin nagusi ditu urtean zehar, San Silbestre eguneko krosa eta Beasain Jaietan aldizkaria». Aldizkariaren ezaugarri nagusietako bat, herriko jendeak egindakoa izatea da. Alegia, herritarrek idatzitako artikuluekin osatzen dute. Ruizen hitzetan, «kolaboratzaile gehienak Beasainen bizi den jendea, edo Beasainen jaio arren kanpora bizitzera joandako jendea da». Urtero parte hartzen duten 20-30 bat kolaboratzaile dituzte, betikoak [...]
Beasaingo festetako ezinbesteko osagaia bihurtu da urtero argitaratzen duten Beasain Jaietan aldizkaria. Ez ditu alferrik bete 90 urte herriko kontuak biltzen dituen agerkariak. Historian zehar, etapa ezberdin asko pasa ditu, baina azken 34 urteetan, Beti-Bizi elkartea arduratu da artikuluak bildu eta argitaratzeaz. Dagoeneko inprentara bidalita dute aurtengo zenbakia, eta hilaren 19tik aurrera jarriko dute salgai.
Aurreneko aldizkaria 1922. urtean argitaratu zuten, eta 1927ra arte iraun zuen. Hogei urteko etenaren ondoren, herritar talde batek berreskuratu zuen 1947an, eta beste hogei urtez argitaratu zuten, harik eta 1967an utzi zuten arte. 1973an beste saiakera bat egon bazen ere, ez zuen jarraipenik izan. Beti-Bizi elkartea sortu zenean, 1979an, beraiek hartu zuten, eta geroztik urtero argitaratu dute, etenik gabe.
Bost lagunek osatzen dute Beti-Bizi elkarteko kultur komisioa, aldizkaria argitaratzeaz arduratzen den taldea. Juanjo Ruiz, Jesus Mari Sanpedro, Marcos Zurutuza, Antonio Alviz eta Manolo Ferndandez dira boskotea osatzen dutenak. Sanpedrok azaldu duenez, «kultur komisioak bi zeregin nagusi ditu urtean zehar, San Silbestre eguneko krosa eta Beasain Jaietan aldizkaria».
Aldizkariaren ezaugarri nagusietako bat, herriko jendeak egindakoa izatea da. Alegia, herritarrek idatzitako artikuluekin osatzen dute. Ruizen hitzetan, «kolaboratzaile gehienak Beasainen bizi den jendea, edo Beasainen jaio arren kanpora bizitzera joandako jendea da». Urtero parte hartzen duten 20-30 bat kolaboratzaile dituzte, betikoak direnak, baina «azken bospasei urtetan, 40 bat lagunek» parte hartu dutela azaldu du Sanpedrok. «Badago adinean aurrera doan jendea, idazteari uzten diona, baina baita jende berria ere».
Urtero egiten diete beasaindarrei artikuluak bidaltzeko deia. «Kolaboratzaile berriei irekita egon gara beti. Baldintza bakarrak, astakeria handirik ez idaztea, eta ahal bada behintzat, Beasainekin lotuta dagoen gairen bat izatea dira».
Aurtengo zenbakiak, «ohiko egitura» jarraituko duela azaldu dute Beti-Biziko kideek. Guztira 55 bat artikulu bildu dituzte, eta horietan, urteko albiste nagusien errepasoa, historiaren atala, aisialdia eta kirol taldeen informazioa egongo dira, «baita jendeak oso gustuko duen karikaturen atala ere». Bai gaiei eta bai parte hartu duen jendeari dagokionean, «aniztasun handia» dagoela azaldu dute.
Beti-Biziko kideek, iragarleen laguntza ere eskertu dute. Zurutuzaren arabera, iragarle horietako asko «urterokoak dira, finkoak, eta guretzako haien laguntza hil ala bizikoa da». Laguntza hori eskertzeko, urtero afari bat egiten dute, kolaboratzaile eta iragarle guztiekin.
Hilaren 19an izango da salgai
Beti-Bizi elkartekoek osatua dute dagoeneko aurtengo zenbakia, eta hilaren 19an jarriko dute salgai, goizeko 9:00etan. Bost postu jarriko dituzte: Igartza auzoan, geltokian, San Martinen estatuan, plazan, zine parean eta Ezkiaga auzoan.
Prezioari dagokionean, 7 euroan jarriko dute salgai. «Urte asko daramatzagu prezio horrekin». Izan ere, beraien helburua ez da aldizkariarekin dirua irabaztea. «Ez irabazi eta ez galdu, gastuak estaltzeko eta afarirako iristen bazaigu, nahikoa dugu».