Aitor Araña: «Jendeak uste baino aldaketa gehiago izango da datorren urtean»
Ordizia Rugby Elkarteko lehen taldea egiten ari den denboraldiarekin «pozik» dago Aitor Araña presidentea (Beasain, 1969), baina karguaren ardurak ez dio utzi lorpenekin nahi bezala gozatzen. Titulu bat irabazi dute, eta bigarrena lor dezakete bihar Valladoliden, VRAC Quesos Entrepinares aurka Espainiako Ligako finala jokatuko baitute Pepe Rojo zelaian (18:00). «Titulu bat irabazita lasai gaude, eta horrek arriskutsuagoak ere egin gaitzake». Datorren denboraldia prestatzen ere ari da zuzendaritza, eta Arañak aurreratu du «uste baino aldaketa gehiago» izango direla. Zer moduz ari zara bizitzen ligako finala jokatu aurreko aste hau? Barruan zaudenean ez zara gauza askotaz jabetzen. Ematen du ekaitza sartu dela, eta zurrunbilo handi bat sortu dela. Barruan gaudenok ez gara titulua horrenbeste bizitzen ari. Jende askok esan dit pozik egongo garela lortzen ari garenarekin, eta nik esaten diet pozik nagoela, baina nola horrenbesteko lana suposatzen ari zaigun antolaketa guztia, ez naizela berdin bizitzen ari lortzen ari garen guztia. Eta finala nola ikusten duzu? Quesosek liga erregularreko bi partidak irabazi dizkio Ordiziari, lehen postuan bukatu zuen liga, eta gainera etxean jokatzen du. Ez dakit zenbateko portzentajea emango niekeen, %60a edo %70a, baina printzipioz beraiek dira faboritoak, eta etxean jokatzen dutela kontutan hartua bada… Quesos oso talde orekatua da, eta postu guztietan [...]
Ordizia Rugby Elkarteko lehen taldea egiten ari den denboraldiarekin «pozik» dago Aitor Araña presidentea (Beasain, 1969), baina karguaren ardurak ez dio utzi lorpenekin nahi bezala gozatzen. Titulu bat irabazi dute, eta bigarrena lor dezakete bihar Valladoliden, VRAC Quesos Entrepinares aurka Espainiako Ligako finala jokatuko baitute Pepe Rojo zelaian (18:00). «Titulu bat irabazita lasai gaude, eta horrek arriskutsuagoak ere egin gaitzake». Datorren denboraldia prestatzen ere ari da zuzendaritza, eta Arañak aurreratu du «uste baino aldaketa gehiago» izango direla.
Zer moduz ari zara bizitzen ligako finala jokatu aurreko aste hau?
Barruan zaudenean ez zara gauza askotaz jabetzen. Ematen du ekaitza sartu dela, eta zurrunbilo handi bat sortu dela. Barruan gaudenok ez gara titulua horrenbeste bizitzen ari. Jende askok esan dit pozik egongo garela lortzen ari garenarekin, eta nik esaten diet pozik nagoela, baina nola horrenbesteko lana suposatzen ari zaigun antolaketa guztia, ez naizela berdin bizitzen ari lortzen ari garen guztia.
Eta finala nola ikusten duzu?
Quesosek liga erregularreko bi partidak irabazi dizkio Ordiziari, lehen postuan bukatu zuen liga, eta gainera etxean jokatzen du.
Ez dakit zenbateko portzentajea emango niekeen, %60a edo %70a, baina printzipioz beraiek dira faboritoak, eta etxean jokatzen dutela kontutan hartua bada… Quesos oso talde orekatua da, eta postu guztietan dituzte jokalari onak. Hirugarren lerroan Espainiarekin aritzen den Rolls dago, Waenga ere bai. Waenga beste maila bateko jokalaria da; gure Krollen parekoa da teknikoki, eta fisikoki Corey Simpsonen parekoa. Bien uztartze bat da.
Eta zuen taldea?
Gertatzen dena da etxean galdu genuen partidan ere Xabier Lerma eta Joan Tudela falta zitzaizkigula, berez gure taldeko plakatzailerik sutsuenak. Larunbateko partidarako hor izango ditugu, eta uste dut beste Ordizia bat edukiko dutela parean. Guk Kopa irabazi dugu, eta agian taldeak ardura puntu hori galdu du. Titulu bat irabazi dugu, eta beste bat irabaz dezakegu, baina lasai ere bagaude, aurreko lana egin ditugulako. Arriskutsugoak ere izan gaitezke egoera honetan.
Eta finalari begira talde guztia al dago jokatzeko moduan? Kesomi Lolotongak ez zuen finalerdia jokatu, Julen Goiak min hartu zuen…
Kesomi [Lolotonga] zalantza izango da oraindik, saihetsetako kolpe bat daukalako. Lesio hori ez dago neurtzerik, ondo dagoela uste arren, entrenatzen hasi eta beste ukituren bat hartzen badu gerta daiteke berriz ere kexatzea. Kubanok [Iker Elorza] belauna bihurritu zuen, eta gure medikuaren dei bat jaso dut esanez ostiralera arte [gaur arte] ezingo dugula jakin jokatzeko moduan izango den edo ez. Askotan norberaren gain egoten da erabakia. Baina beno, gaudenak gaudela, aurrera egin behar dugu. Igandean ere erakutsi genuen; Julen [Goia] galdu genuen, Kubano ere bai, Dannyk [Kroll] ere kolpe bat hartu zuen… Etxeko gazte jendea jarri genuen eta partida aurrera atera zen.
Julen Goiarena susto hutsean geratu zen azkenean.
Agian erabakia azkarregi hartu genuen, eta itxoin genezakeen bost hamar minutu ea buelta eman ziezaion. Guk uste genuen saihetsetako kolpea zela atera zenean, baina sabelean hartutako kolpe bat izan zen, botaka egin zuen, gaizki pasa zuen hamar minututan, baina handik aurrera ia buelta emana zeukan. Baina, beno, horrela da, hau kirola da. Iñaki Puyadena eta Aitzol Idiakez sartu ziren eta egia esan partida oso ona egin zuten. Hori da, azkenean hori gure helburua, etxeko jendea sartu eta ordezkoek ere aukerak izatea.
Kopako finala irabazi ondorengo adierazpenetan, hedabide gehientsuenei esan zenien titulu hori urte askoan egindako lanaren ondorio zela. Zer egin du ondo Ordiziako Rugby Elkarteak azken urte hauetan guztietan?
Gakoa izan daiteke ideia garbi bat izan dugula eta irizpide bati heldu diogula. Batzuetan irizpideak zerbait alda daitezke, baina gutxi gorabehera gure filosofia mantendu egin dugu. Horri eutsi diogu eta ez dugu bururik galdu inongo momentutan; ez orain bi urte Sevillan jaisteko egon ginen momentuan eta ez iaz bigarren bukatu genuenean. Guk gure bideari jarraitu diogu. Azken finean, jokalariek beraiek esperientzia hartzen duten bezala, kluba ere esperientzia hartzen ari da gauzak kudeatzeko garaian. Erabaki zailak hartzeko unean ere ikasten ari gara.
Zer erabaki bada?
Adibidez, jende askok gaitzetsi izan du Jim Dixon zuzendari teknikoa aldatzea, eta jendeak galdetzen zigun zergatik hartu zen erabaki hori. Gu ez gara damu. Hiru urte egon zen gurekin, eta badirudi atzerritik norbait etortzen denean amen egin behar zaiola, baina konturatu gara ez duela zertan horrela izan behar. Ez da egia haiek gu baino hobeak direnik. Horri helduta gu hasi ginen bertako entrenatzaileen formazio plan bat egiten. Horrek aurrera jarraitzen du. Gure entrenatzaileak ikasten ari diren eran, errugbia besteei nola erakutsi ikasten ari dira. Hor jabetu ginen gabezia batzuk ere bazituela aurreko kirol zuzendariak. Zuk eskatzen diozuna da, dedikazio osoa baldin badaukazu, zu izan behar zarela gure motorra.
Gorka Nuñez eta Paul Healy ekarri zenituzten iaz.
Aurten, adibidez, asmatu dugu Gorka Nuñez prestatzaile fisikoa ekartzen. Paul Healyk bere ekarpena egin du, baina Gorka Nuñezena… Zuk eskatzen diozu motorra izatea, nahiz eta batzuetan esaten diogun ez garela bere erritmora iristen. Umeak ere gero eta gehiago ditugu, eta ikuspegi horretatik ari gara lanean. Futbola hor dago, kirol erregea da, eta horren kontra ezin duzu borrokatu. Egin behar duzuna da egokitu berari. Orduan guk zer daukagu eskaintzeko? Gure balioak, lana egiteko modua, errugbiak dauzkan balio ukitu ezinezko horiek: adiskidetasuna, gogortasuna… Umeei balio horiek ematen saiatzen ari gara, eta erakutsi behar dieguna gizarte da honetan zerbait lortzeko borrokatu egin behar dela.
Noiz hasi zen gorakada hau? Noiz hasi zen kluba egitura sendo bat hartzen? Hausnarketa bat ere egin zenuten orain dela lau bat urte.
Zuzendaritza guk hartu genuenean. Esan genuen ez zegoela jarraitzerik bi pertsonekin. Azkenean, konpromisoa da behar genuena. Aurreko zuzendaritzan egon zirenek beraiek jasaten zuten presio gehiena eta lan gehiena ere beraiek egiten zuten, baina jabetu ginen horrela ezin zela. Ikusi genuen talde bat sortu beharra zegoela, norberak konpromisoa hartu beharra zeukala, eta dedikazioa eskaini honi. Hazi nahi baduzu dedikazioa behar duzu, eta goren mailan egoteko are eta gehiago. Orain dela lau urte hartu genuen lan egiteko era profesional bat; bakoitzak bere alorra hartzen du, hori lantzen du, hori garatzen du, eta oraindik asko dago egiteko.
Oraindik gabeziak sumatzen dituzuela…
Batez ere jende gehixeago behar dugula. Guk geuk autokritika egiten dugunean gure buruari galdetzen diogu ea zer ari garen gaizki egiten jendea ez inguratzeko. Jokalari ohiak-eta ari dira delegatu lanak hartzen, gurasoak ere bai, eta batzuetan ematen duen inpresioa da hain ondo ari garela gauzak egiten badirudiela ez dagoela inoren beharrik, baina hori ez da horrela, behar handiak dauzkagu. Tarteka morala jaisten zaizu, nekea etortzen zaizu eta gogorra egiten da.
Baina zenbat jendez ari gara hizketan.
Bete-betean zuzendaritza mailan sei bat lagun. Gero partida egunetan-eta beterano taldeko jendea etortzen da muntaia lanetan laguntzera, gero entrenatzaileak daude maila guztietan, gurasoak delegatu lanetan… Zaude eguneroko jardunean gehi lidergoa eramaten, eta bai, neketsua egiten da.
Ordizia mailan zabaldua egongo da, baina Goierri mailan jendeak galdetzen du atzerriko jokalari horiek zer baldintza dituzten horrenbeste denboran Ordizian jarraitzeko, eta integratuta egoteko. Zer hartzen duzuen kontutan atzerriko jokalariak ekartzeko garaian?
Irizpide teknikoa izaten da batez ere. Lehen zuzendaritzan egondako Juanan Alvarez daukagu, beasaindarra, jokalarien jarraipena egiteaz arduratzen dena. Facebook bitartez egiten die jarraipena, eta orduan, era horretan, badaki jokalari bakoitza non dabilen, zer denboraldi egin duen, eta sekulako lana egiten du. Gustatu egin behar zaizu. Gu ezin gara kanpora joan jokalariei jarraipena egitera, dena bertatik garatu beharra daukagu, eta alde daukaguna da izen ona daukagula. Agindutakoa betetzen duen taldea gara, jokalariei eta haien ordezkariei bere garaian ordaintzen diena, ez dugula alde horretatik arazorik ematen eta zorrotzak ere bagarela exijitzeko orduan. Horrek eman digu prestijioa edo jokalari askok hona etorri nahi izatea. Jokalari ohiak izandakoekin ere harremana mantentzen dugu, eta haiei ere galdetzen diegu jokalari baten edo besteen berri. Nik uste dut orain arte zorte handia izan dugula, eta Juananek ere asmatu duela lan horretan.
Are gehiago, batzuk gainera oso ondo integratu dira herrian.
Bai, ez dago ukatzerik. Phil Huxford neska lagunarekin bizi da, Tom Parker ere ekainean ezkonduko da hemen, Thomasek [Hearne] ere oraintxe izan du familia… Nik beti esaten dut euskaldunok zerbait ona izan dugula atzerritar horiek hona etorri eta hemen errotzeko asmoa edukitzeko. Gustura sentitzen dira. Lan baldintzak ere egokiak iruditzen zaizkie, eta hor gaude. Hurrengo pausua hor edukiko genuke klub bezala, profesionaltasun horretan beste pausu bat ematea.
Zenbat urtetako oinarria dauka finkatuta Ampo Ordiziak? Babesle aldetik, talde aldetik…
Ampon, esate baterako, aurten zuzendaritza batzorderako hauteskundeak dituzte, eta esaten digute babeslegoarekin jarraitzeko asmoa dutela. Babesle txiki asko ere badauzkagu, guretzat oso garrantzitsuenak direnak. Guk uste dugu zentzu horretan jarraitzeko moduan izango garela. Uste dut etorkizun ona daukagula. Bi urte edo hiru urte barru belaunaldi oso onak sartuko zaizkigu. Orain ere ari dira sartzen, gertatzen dena da denbora behar dutela egokitzeko. Gizonen kontra borrokatu behar dute, oso ondo prestatuta dagoen jendearen kontra. Eliteko atleta batek bezala entrenatu behar duzu, eta horrek egokitzeko denbora eskatzen du. Gorka Nuñezen etorrera hor kokatu beharra dago. Gaztetatik gimnasiorako ohiturak sortu, prestaketa egokia eraman…
Gorka Nuñezek ez du lehen taldearekin bakarrik lan egiten.
Hamabi urteko umeetatik hasita ia daukagu antolatuta prestakuntza fisikoa nolakoa izango den. Entrenatzaile guztiek ere ikastaroak egin dituzte… Alde horretatik uste dut ondo ari garela lanean. Erronkarik handiena izango da hurrengo denboraldiaren eta hurrenagokoaren arteko lotura hori egitea. Garbi dago Joanes [Aierbe], Xapo [Jon Ander Grende], Urtzi [Abanzabalegi], Mikel [Del Rio]… 33 eta 34 urte artean dituzte, eta esan dute datorren urtean jarraituko dutela, eta hurrenagokoari begirako zubi hori nola antolatzen dugun ikusi beharko dugu. Nola sartzen dugun jende gaztea lehen taldean eta etorkizuneko talde hori nola gauzatzen dugun. Hor egongo da erronka.
Liga irabaziz gero Europan jokatzeko aukera izango duzue. Nola ikusten duzue aukera hori?
Beste kontu bat izango da guk zer erabaki hartzen dugun. Nik badakit zalegoak hori nahi duela, klubarentzat ez dakit zer izan daitekeela… Europara joatea izan daiteke oso ona, edo izan daiteke lurperatuko gaituen egoera bat. Adibidea dago La Vilan edo El Salvadorren. Aurreko urteetan Europan izan dira, eta begira nola dauden; jokalariekin zorretan, denboraldi txarra osatuta… Pertsonalki esaten badizut, gaur egun, orain, klub bezala ez gara gai Europa mailan jokatzeko. Zenbait enpresa konkretu, edo Jaurlaritza eta aldundia etorriko balira diru putzukara batekin…
La Vilako presidentearekin hitz egin nuen orain gutxi, eta hark esan zidan oraingo aurrekontua baino beste 300.000 euro gehiago beharko genituela: bidaiak norberaren kontura dira, kudeaketarako gutxienetik bi liberatu beharko genituzke, hasi beharko ginateke uztailean Frantzian bilerak egiten, eta uztailerako 35 jokalariren zerrenda bat aurkeztu beharko genuke. Orain sei jokalari profesional ditugu, eta Europan aritzeko beharko genituzke beste sei, zazpi edo zortzi. Ez da teknikoki gureak txarrak direlako, baizik eta fisikoki beste maila batez ari garelako hizketan. Iñaki Susok bederatzi postuan jokatzen du, eta haren parean berak baino hogei kilo gehiago edukiko lituzkeen beste bat egongo litzateke. Jokalari guztiak izan beharko lirateke Julen Goia, Toby Freeman edota Corey Simpsonen ezaugarri fisikoak edukiko lituzketenak.
Pentsatzen dut ariko zaretela dagoeneko datorren denboraldia planifikatzen, Europarako sailkatu ala ez. Zerbai aurreratzerik bai?
Bai, gu batez ere ligan zentratzen ari gara, gure taldea izango dena errotzen. Datorren urtean ere izango dira aldaketak, jendeak uste duena baino aldaketa gehixeago izan behar da, eta agian guk nahiko genukeena baino gehixeago ere bai, baina beno, kontziente gara zer egin behar dugun. Orain, liga bukatuko dugu, eta gero hasiko gara gauzak argitzen. Erabakitako aldaketa batek ilusio handia egiten dit. Gero jakinaraziko dugu zein izan den erabaki hori, denborarekin. Erabakia nahiko fuertea da, eta klubaren barruan hartu dugu. Kluba esaten dudanean esan nahi dut entrenatzaileak eta kapitainak ere erabakiaren parte direla. Guk gauzak erabakitzeko daukagun era da kooperatiba baten antzekoa. Erabakiak ez ditugu sei pertsonok hartzen, erabaki estrategikoak denon arten hartzen ditugu, baina badago bat niri behintzat ilusio handia sortzen didana. Ni neroni nahiko nekatuta ari naiz bukatzen denboraldi hau, ia gauza arraroak pentsatzen, baina hartutako erabaki batek indar berria eman dit.
Eta jakinarazi, noiz jakinarazi behar duzue?
Bai, liga bukatutakoan. Hau ez da bukatzen, atzetik beti dago lana. Jendeari esan nahi niokeena da hartzen diren erabakiak barruan ondo hausnartutako erabakiak izaten direla. Batzuei gustatuko zaie edo ez, baina erabakiak ondo hausnartutakoak izaten dira. Perikoren [Martin] eta Matiasen [Tudela] kasuek ere zeresan handia eman dute, bai kalean, bai interneteko foroetan… Hor hartutako erabakiak, gure ustez, erabaki zuzenak izan ziren. Batzuk trenetik jaitsi egingo dira, beste batzuk igo. Lau urte pasa eta gero hauteskundeak izango dira, eta ez dakit aurkeztuko garen edo ez, edo agian beste talde bat aurkeztuko da. Beste lan talde bat etortzen bada oso ondo, baina gu gure bidea jarraitzen ari gara. Akatsak izango ditugula, noski baietz, baina iruditzen zait gauzak nahiko irizpide onarekin egiten ari garela.