Arama-Altzagarate bidean hobekuntzak egingo ditu Aldundiak, bost lekutan
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako departamentuak Aramatik Altzagaratera doan Gi-3871 errepidean berrikuntzak egiteko proiektua onartu du, egitasmoari aurkeztu zitzaizkion bi helegiteak ezetsi ondoren. Bidea zabaldu egingo dute bost lekutan, eta segurtasun baldintzak hobetuko dituzte. Bestetik, errepide zati baten behealdean jausitako luiziaren gunea sendotuko dute. Proiektua iazko maiatzaren 10ean hasi zen tramitatzen aldundia. Informazio aldian bi helegite aurkeztu zizkioten partikularrek, eta horiek aintzat ez hartzea erabaki ondoren, Diputatuen Kontseiluak martxoaren 27ko bileran onartu zuen behin betiko obra, baita berori egiteko beharko diren ondasunen zerrenda ere. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak maiatzaren 2an argitaratu zituen egitasmoaren xehetasunak eta hartuko dituen lur desjabetzeen zenbatekoak nahiz eskubideak. Aramako herrigunearen irteeratik Altzagako auzo den Altzagarate gainera bitartean bost bide zatitan egingo dituzte obrak, Gi-3871 errepidearen 0,2 kilometro puntutik 4,4ra. Proiektuan bost zati hobetzea aurreikusten da, egungo errepidearen zabalera handituz. Lanak egingo dituzten zati guztietan gehienez sei metro zabaleko plataforma geratuko da. Ikuspen-distantzia hobetuko dute, bihurgune itxietan trazatua leunduta. Bestetik, Aramatik Altzagara bitartean luizia etorri zen gunean dagoeneko harrizko lubeta eraikitzen ari dira foru langileak, 1,45 eta 1,6 kilometro puntuen artean. Arama-Altzagarate errepidea hobetzeko proiektuak 1.156.523,82 euroko aurrekontua dauka. Lanak egiteko, berriz, «bost hilabete inguruko» epea mugatu du aldundiak. Itsasondo-Ordizia bidegorria Foru Aldundiak, bestetik, Itsasondo eta [...]
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako departamentuak Aramatik Altzagaratera doan Gi-3871 errepidean berrikuntzak egiteko proiektua onartu du, egitasmoari aurkeztu zitzaizkion bi helegiteak ezetsi ondoren. Bidea zabaldu egingo dute bost lekutan, eta segurtasun baldintzak hobetuko dituzte. Bestetik, errepide zati baten behealdean jausitako luiziaren gunea sendotuko dute.
Proiektua iazko maiatzaren 10ean hasi zen tramitatzen aldundia. Informazio aldian bi helegite aurkeztu zizkioten partikularrek, eta horiek aintzat ez hartzea erabaki ondoren, Diputatuen Kontseiluak martxoaren 27ko bileran onartu zuen behin betiko obra, baita berori egiteko beharko diren ondasunen zerrenda ere. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak maiatzaren 2an argitaratu zituen egitasmoaren xehetasunak eta hartuko dituen lur desjabetzeen zenbatekoak nahiz eskubideak.

Aramatik Altzagara bitartean, dagoeneko ari dira zati bat berritzen, lur jausia izandako tokian. Arg.: Aimar Maiz
Aramako herrigunearen irteeratik Altzagako auzo den Altzagarate gainera bitartean bost bide zatitan egingo dituzte obrak, Gi-3871 errepidearen 0,2 kilometro puntutik 4,4ra. Proiektuan bost zati hobetzea aurreikusten da, egungo errepidearen zabalera handituz. Lanak egingo dituzten zati guztietan gehienez sei metro zabaleko plataforma geratuko da. Ikuspen-distantzia hobetuko dute, bihurgune itxietan trazatua leunduta.
Bestetik, Aramatik Altzagara bitartean luizia etorri zen gunean dagoeneko harrizko lubeta eraikitzen ari dira foru langileak, 1,45 eta 1,6 kilometro puntuen artean.
Arama-Altzagarate errepidea hobetzeko proiektuak 1.156.523,82 euroko aurrekontua dauka. Lanak egiteko, berriz, «bost hilabete inguruko» epea mugatu du aldundiak.
Itsasondo-Ordizia bidegorria
Foru Aldundiak, bestetik, Itsasondo eta Ordizia bitartean oinezkoen eta bizikletarien bidegorria eraikitzeko prozedura hasi du.
Proiektua garatu ahal izateko behar diren lursailen Hartu Aurreko Akta osatzeko deialdia egin du. Desjabetuko diren ondasunen eta eskubideen zerrenda argitaratu du.













