Inguruko ondarea ezagutu, gogoratzeko
Sarri, kanpora jotzen dugu paisaia ederren eta txundituko gaituzten istorioen bila, etxean daukagunari erreparatu gabe. Hain zuzen, hori balioan jartzeko sortu zen eta jarraitzen du lanean Legazpiko Burdinola kultur elkarteak. Ildo horretan, Izadi Zaleak mendi taldearekin batera, inguruko ondarea eta natura ezagutzera emateko irteera antolatu zuten pasa den igandean. Zegamako apeadero zaharretik irtenda, Aizkorpeko mandabide eta ubidean zeharreko ibilbidea da antolatu zutena, tartean interes handiko zenbait leku eta paraje ikusteko, eta hauen gainean ezagutzen ez denaz ikasteko aukera izan zuten. Autobusa Legazpin hartuta, 08:45 inguruan iritsi ziren mendizaleak, ibilbidearen abiapuntua izango zenera, Zegamako apeaderora, hain zuzen. Handik, 11 kilometro inguruko bideari ekin zioten, garaiera txikikoa, eta edonork egiteko modukoa. Apeaderotik Oazurtza, Mandabidea, Ballestaleku, Iturbieta eta Arkurutzerreka izenez ezagutzen diren lekuek osatzen duten zirkulu formako ibilbidea osatu zuten, berriz, apeaderoan amaitzeko. Balio historiko handiko guneak ikusi zituzten, baita garai bateko arbasoen bizimoduaren inguruko aztarnak erakusten zituzten hainbat azpiegitura ere. Tartean, aipatu daitezke, adibidez, Oarzutzako artzain herri abandonatua, Arabako herrietara zihoan antzinako mandabidea edo galtzada, Pagamotzen basoak, 1925. urtean Zegamako papertegiarentzako propio egin zen ubidea edo Iturbegieta edo Iturbieta izenez ezagutzen den errekaren iturburua. Guztira, 45 bat lagunek hartu zuten parte igandeko irteeran, horietatik erdia, gutxi gorabehera, haurrak ziren. Irteeraren helburua, mendiaz [...]
Ildo horretan, Izadi Zaleak mendi taldearekin batera, inguruko ondarea eta natura ezagutzera emateko irteera antolatu zuten pasa den igandean. Zegamako apeadero zaharretik irtenda, Aizkorpeko mandabide eta ubidean zeharreko ibilbidea da antolatu zutena, tartean interes handiko zenbait leku eta paraje ikusteko, eta hauen gainean ezagutzen ez denaz ikasteko aukera izan zuten.
Autobusa Legazpin hartuta, 08:45 inguruan iritsi ziren mendizaleak, ibilbidearen abiapuntua izango zenera, Zegamako apeaderora, hain zuzen. Handik, 11 kilometro inguruko bideari ekin zioten, garaiera txikikoa, eta edonork egiteko modukoa. Apeaderotik Oazurtza, Mandabidea, Ballestaleku, Iturbieta eta Arkurutzerreka izenez ezagutzen diren lekuek osatzen duten zirkulu formako ibilbidea osatu zuten, berriz, apeaderoan amaitzeko.
Balio historiko handiko guneak ikusi zituzten, baita garai bateko arbasoen bizimoduaren inguruko aztarnak erakusten zituzten hainbat azpiegitura ere. Tartean, aipatu daitezke, adibidez, Oarzutzako artzain herri abandonatua, Arabako herrietara zihoan antzinako mandabidea edo galtzada, Pagamotzen basoak, 1925. urtean Zegamako papertegiarentzako propio egin zen ubidea edo Iturbegieta edo Iturbieta izenez ezagutzen den errekaren iturburua.
Guztira, 45 bat lagunek hartu zuten parte igandeko irteeran, horietatik erdia, gutxi gorabehera, haurrak ziren. Irteeraren helburua, mendiaz gozatzea zen, baina baita inguruko mendiek gordetzen duten ondarea eta historia ezagutzera ematea ere.
Kultur eta natura ondarea
Horretarako, ibilbidearen hasieran, galdera sorta eta arkatz bana banatu zituzten Burdinolako arduradunek haurren artean, ibilaldiak iraun bitartean bete zezaten. Helburua, modu xume eta ludiko batean gaztetxoenak inguruko kultur eta natur ondareaz jabetzea zen.
Zazpi galderaz osatuta zegoen sorta, ibilbidean zehar emandako azalpenen ingurukoak denak. Oarzutza izeneko lepoan zenbait artzain txabola gelditzen diren gaur egun, legazpiarrek Aizkorpeko mandabidea nora joateko erabiltzen zuten, edo ubidea bera zertarako eraiki zen galdetu zuten, besteak beste. Zazpi galderetatik bost ongi erantzuten zutenen artean kirola egiteko bi osagarri zozketatu ziren.
Ondareaz gainera, uretan ibiltzen diren makina bat animalia ikusteko eta ezagutzeko aukera ere izan zuten bertan bildu zirenek. Igelak, arrabioak, sugeak eta zizareak, batzuk aipatzearren.
Pausoz pauso, eta ibilian-ibilian inguruko ondarea belaunaldi berriei gerturatzea da Burdinolaren helburu nagusietako bat, ikasitakoak gogoan hartu eta etorkizunean iraun dezaten.