Koldo Urrestarazu: “Lehen urtean, poza sufrimenduaren maila berekoa izan zen: handi-handia”
[Zegama-Aizkorri lasterketako elkarrizketak] Koldo Urrestarazu lazkaoarrak Zegama-Aizkorri lasterketako edizio guztietan hartu du parte. Aurten hamaikagarrena izango du, eta lehen urteko ilusioarekin egingo du. Hamargarren urtea duzu aurten Zegama-Aizkorrin parte hartzen. Asok gustatu zaizun lasterketa dela esan daiteke… Bai. Orain arte egin diren hamar lasterketetan ibili naiz, eta aurten, hamaikagarrenean, ateratzeko intentzioarekin nabil. Urtero errepikatu dut, lasterketa honek bere xarma berezia du. Euskal Herrian horrelako distantzia batean egiten zen lehena izan zen eta paisaia zoragarria du. Antolakuntza ere oso ona da eta egia esan, gogoa pizten du. 10 urteren buruan, lasterketa lehen urtean bezain gogorra egiten al da? Beno, nik uste esperientziak beti erakusten dizula zerbait, eta lehen urtetik hamargarrenera, urte guztietan hobetzen ikasten duzula. Lasterketari neurria hartzen diozu eta esperientzia gauza positiboa da. Hala ere, bere gogortasuna mantentzen du. Zertan aldatu da? Hasierako urteetatik, batez ere, herrikoi izaera hori izatetik -lehen 2-3 urteetan-, munduko txapelketan edo Europakoan sartzera pasa dela. Parte hartzaileen maila asko aldatu da. Horrek, antolatzaileek aspektu guztiak zaindu ditzaten ekarri du, eta lehen urtetik gaur arte, hor ere hobekuntzak egin dituzte. Ikusleen aldetik ere erakargarriagoa egin da, agian. Maila horretako jendeak ikusle kopurua igotzea ekarri du, eta lasterketa festa handi batean bihurtu du. Nola oroitzen duzu lehen [...]
[Zegama-Aizkorri lasterketako elkarrizketak] Koldo Urrestarazu lazkaoarrak Zegama-Aizkorri lasterketako edizio guztietan hartu du parte. Aurten hamaikagarrena izango du, eta lehen urteko ilusioarekin egingo du.
Hamargarren urtea duzu aurten Zegama-Aizkorrin parte hartzen. Asok gustatu zaizun lasterketa dela esan daiteke…
Bai. Orain arte egin diren hamar lasterketetan ibili naiz, eta aurten, hamaikagarrenean, ateratzeko intentzioarekin nabil. Urtero errepikatu dut, lasterketa honek bere xarma berezia du. Euskal Herrian horrelako distantzia batean egiten zen lehena izan zen eta paisaia zoragarria du. Antolakuntza ere oso ona da eta egia esan, gogoa pizten du.
10 urteren buruan, lasterketa lehen urtean bezain gogorra egiten al da?
Beno, nik uste esperientziak beti erakusten dizula zerbait, eta lehen urtetik hamargarrenera, urte guztietan hobetzen ikasten duzula. Lasterketari neurria hartzen diozu eta esperientzia gauza positiboa da. Hala ere, bere gogortasuna mantentzen du.
Zertan aldatu da?
Hasierako urteetatik, batez ere, herrikoi izaera hori izatetik -lehen 2-3 urteetan-, munduko txapelketan edo Europakoan sartzera pasa dela. Parte hartzaileen maila asko aldatu da. Horrek, antolatzaileek aspektu guztiak zaindu ditzaten ekarri du, eta lehen urtetik gaur arte, hor ere hobekuntzak egin dituzte. Ikusleen aldetik ere erakargarriagoa egin da, agian. Maila horretako jendeak ikusle kopurua igotzea ekarri du, eta lasterketa festa handi batean bihurtu du.
Nola oroitzen duzu lehen urte hura?
Distantzia nahiko berria zen, eta Gipuzkoan lehen aldia zen halakorik egingo zena. Nik dudan oroitzapena, korrikalariok, oro har, asko sufritu genuela da, nik bereziki. Distantziari neurria hartu gabe geunden, mendian gauza berria zen, hainbeste aldapa, gora ta behera…. bero handia egin zuen eta oso gogorra egin zitzaigun. Horrek nahiko jota utzi ninduen. Bukatzea lortu nuen eta poza sufrimenduaren maila berekoa izan zen: handi-handia. Urtero lortu dut amaitzea, batzuetan gehiago kostata eta beste batzuetan errazago.
Helbururik jarri al diozu zure buruari?
Bai. Urtero gauza bera esaten dut. Denbora gehiagoan edo gutxiagoan, nire helburua osorik eta ondo bukatzea da, eta hurrengo urtean errepikatzea. Ilusioa dut, behintzat. Minik ez hartzea eta sentsazio onarekin amaitzea, bere gogortasunaren barruan. Denbora ona egiteari ez diot garrantziarik ematen. Hala ere, beti nahiko erregularra izan naiz eta bost orduen inguruan ibiltzen naiz.