Legorretan gaur hasiko dira Azentzio jaiak, igandera arte ekitaldi herrikoi ugari ospatzeko
Herrikoitasuna izango dute gaur hasiko diren Legorretako Azentzio jaiek ezaugarri nabarmenena. Herriko elkarte, talde eta eragile ugarik jarriko dute aletxoa egitaraua osatzeko, eta ekitaldi gehienak bertakoek egingo dituzte; herritarrek, herritarrentzat. Horregatik ez dute itxura motelagorik Azentzio jaiek. Gaurtik igandera, izaera herrikoia une oro azalera aterako da. Herrigintzan dihardutenei laguntza eman izan zieten Aulia sagardotegiko Juan Inazio eta Sagrario Etxeberria gonbidatu dituzte festen hasierako suziria botatzeko. Erretiroa iaz hartu ondoren, herrikideek ohore horrekin eskertuko diete urtetako lana. Herriko ikurra den Gizon Pikua ere udaletxeko balkoian zintzilikatuko dute, jaiek iraun bitartean hantxe egoteko, igande iluntzean azentzioetako azken egiteko bezala ehortzi arte. Festa kirolarekin hasiko da, ordea, gaur. Gazte asanbladaren olinpiadetako pilota finalak jokatuko dituzte lehenik. Behin kalea jaiz zipriztindutakoan, bi bertsolari talderen arteko desafioa hasiko da, Arantx Berri tabernatik abiatuta. Multzo batean Unai Gaztelumendi, Beñat Iguaran eta Ane Labaka ariko dira bertsotan; bestean Aitzol Barandiaran, Gorka Maiz eta Aitor Sarriegi. Aurkezle eta gidari lanak Egoitz Aizpuruk egingo ditu. Bost eguneko festaldian data seinalatuak biharko zaindariaren eguna, etzi haurrena eta larunbatean mozorrotuena izango dira. Azentzio festaburuaren arratsaldea, bihar, euskal erromeria oparo batekin alaituko dute. Jan-edana ez da faltako, ezta kultura taldeen jarduna ere. Herriko taldeen ekarpenaren tamainaz jabetzeko, Legorretako Musika Eskolako ikasleena aipa [...]
Herrikoitasuna izango dute gaur hasiko diren Legorretako Azentzio jaiek ezaugarri nabarmenena. Herriko elkarte, talde eta eragile ugarik jarriko dute aletxoa egitaraua osatzeko, eta ekitaldi gehienak bertakoek egingo dituzte; herritarrek, herritarrentzat.
Horregatik ez dute itxura motelagorik Azentzio jaiek. Gaurtik igandera, izaera herrikoia une oro azalera aterako da. Herrigintzan dihardutenei laguntza eman izan zieten Aulia sagardotegiko Juan Inazio eta Sagrario Etxeberria gonbidatu dituzte festen hasierako suziria botatzeko. Erretiroa iaz hartu ondoren, herrikideek ohore horrekin eskertuko diete urtetako lana.
Herriko ikurra den Gizon Pikua ere udaletxeko balkoian zintzilikatuko dute, jaiek iraun bitartean hantxe egoteko, igande iluntzean azentzioetako azken egiteko bezala ehortzi arte.
Festa kirolarekin hasiko da, ordea, gaur. Gazte asanbladaren olinpiadetako pilota finalak jokatuko dituzte lehenik. Behin kalea jaiz zipriztindutakoan, bi bertsolari talderen arteko desafioa hasiko da, Arantx Berri tabernatik abiatuta. Multzo batean Unai Gaztelumendi, Beñat Iguaran eta Ane Labaka ariko dira bertsotan; bestean Aitzol Barandiaran, Gorka Maiz eta Aitor Sarriegi. Aurkezle eta gidari lanak Egoitz Aizpuruk egingo ditu.
Bost eguneko festaldian data seinalatuak biharko zaindariaren eguna, etzi haurrena eta larunbatean mozorrotuena izango dira. Azentzio festaburuaren arratsaldea, bihar, euskal erromeria oparo batekin alaituko dute. Jan-edana ez da faltako, ezta kultura taldeen jarduna ere.
Herriko taldeen ekarpenaren tamainaz jabetzeko, Legorretako Musika Eskolako ikasleena aipa liteke. Egunero haiek arduratuko dira goiz eresia jo eta legorretarrak esnatzeaz. Bestetik, Bilkoin elkarteak bi herri oturuntza antolatuko ditu, gaurko kuadrilla-afaria eta ostiraleko bazkaria.
Lehiaketa piloa eta askotakorikoak
Kaleetan nahiz plazan festa pizteko ekitaldi mordoa izango da: asto lasterketa lehen aldiz, irrintzi lehiaketa, herritar guztiek parte har dezakeen txokotan pilota txapelketa, haurren eta helduen play-back kantaldiak, toka tiraldia, paella egitea eta jatea… Eta mozorrotuen jaialdia. Aurten itsasoa jarri dute gaitzat Festa Batzordekoek, eta elementu horrek iradokitako ideiak plazaratu beharko dituzte herritarrek.
Kirolez hasitakoa, kirolarekin bukatuko da. Igande arratsaldeko herri kirol jaialdian Gipuzkoako Harrijasotzaile Txapelketa jokatuko da. Sei kirolari ariko dira: Jokin Eizmendi, Aimar Irigoien, Odei Urretagoiena Izeta IV.a, Joseba Ostolaza, Jagoba Otaegi eta Jesus Mari Alberdi. Hamar arroako (125 kilo) zilindro berria, 9ko kubikoa (112,5 kilo) eta 8ko bola (100 kilo) erabiliko dituzte, bakoitzarekin hiru minutuko lanean.
EGITARAUA
Gaur, asteazkena
- 18:00. Gazte olinpiadetako pilota finala.
- 19:15. Jaien hasierako suziri jaurtiketa, Gizon Pikua jartzea.
- 19:30. Kalejira: buruhandiekin eta musika eskolako ikasleekin.
- 19:45. Bertso desafioa, hiruna bertsolariko bi talderen artean. Kalean.
- 21:30. Afaria, Bilkoinen.
- Ondoren. Kalejira, Burrunbazale txarangarekin.
Bihar, osteguna, Azentzio eguna
- 10:30. Goiz eresia, Legorretako musika eskolako ikasleekin.
- 11:00. Meza.
- 13:30. Buruhandiak, Solano musika eskolako ikasleekin.
- 18:00. Euskal erromeria: agintarien soka-dantza, Irrintzi Alai dantza taldea, trikitilariak, sagardo dastaketa, txorizo jatea.
- Ondoren. Txokotan, pilota txapelketa.
- 23:00. I. Asto lasterketa.
- 02:30. XI. Irrintzi lehiaketa, gaztetxean.
Etzi, ostirala
- 11:30-14:00. Haur jolasak eta puzgarriak.
- 12:30. Kalejira, musika eskolako ikasleekin. Pote, igel eta toka txapelketak.
- 14:30. Herri bazkaria, Bilkoin elkartean.
- 19:00. Haurren ‘play-back’-a.
- 23:30. Helduen ‘play-back’-a.
Larunbata
- 11:30. Goiz eresia, musika eskolako ikasleekin.
- 13:00. Mozorro festaren hasiera, gaitzat ‘itsasoa’ hartuta.
- 13:00. Txakolin dastaketa. Burrunbazale txaranga.
- 13:00. 30. Paella txapelketa.
- 14:30. Lagunarteko bazkaria.
- 19:45. Kontzentrazioa, Herrirak deituta, euskal preso politikoen alde: ‘Plaza bete’.
- 22:30. Dantzaldia, Laket-ekin.
- 01:30. Mozorro lehiaketako sari banaketa.
Igandea
- 11:30. Goiz eresia, musika eskolako ikasleekin.
- 12:00-14:30. Kalejira, Solano musika eskolako ikasleekin.
- 18:30. Herri kirol jaialdia, Harripila kiroldegian: Gipuzkoako harrijasotze txapelketa.
- 20:30. Gizon Pikua ehorztea.