Herri ekimeneko euskal hedabideek sektorearen diagnostikoa aurkeztu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari
Aurreko asteetan Eusko Jaurlaritzan eta Bizkaiko Foru Aldundian egin bezala, herri ekimeneko euskal hedabideen ordezkariek sektoreak azken urtean egin duen diagnostikoa aurkeztu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Xabier Letoan Argiako zuzendariak, Iban Arregi Berria Taldeko hedabideen arduradunak, eta Inazio Arregi TOKIKOMeko zuzendariak Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun nagusiarekin eta Zigor Etxaburua Euskararako zuzendariarekin bilera egin dute goizean, hedabideen sektorearen diagnostikoa eta erronkak jasotzen dituen txostena azaldu eta aurrera begirako asmoen berri emateko. Tartean, hedabideekin batera hausnarketa mahai bateratua eratzeko gonbita luzatu diote Garitanori, elkarrekin sektorearen aurrera begirako estrategiak eta lan ildo nagusiak adosteko.
Hedabideen ordezkariek nabarmendu dutenez, Gipuzkoak pisu espezifiko berezia dauka sektorearen jardueran, bertan kokatuta baitaude esparruko eragile gehienak. Hori dela eta, ordezkarien iritziz, erakunde foralak “zeresan handia du sektorearen etorkizunean”.
2011n elkarrekin hasitako bideari segituz, herri ekimenez sortutako euskarazko hedabideek agerraldi bateratua egin zuten Andoainen (Gipuzkoa) martxoaren 14an, sektorearen diagnosia eta erronka komunak identifikatzen dituen dokumentua sinatu eta jendaurrean aurkezteko eta, momentuz, 46 dira dokumentua sinatu duten hedabideak.