Udalekuen “eskaintzari eutsi” egingo diote aurten ere, prezioak mantendu arren
Beasaingo Udalak zabaldu du dagoeneko 2012ko udalekuen eskaintza. Kirola, musika eta aisialdia oinarri hartuta, adin ezberdinetako umeentzako zazpi talde antolatu dituzte. Iazko prezio berak mantendu badituzte ere, eskaintzari eta zerbitzuei eutsi egin nahi izan diote, umeei uda garairako aisialdiko ahalik eta aukera zabalena eskaintzeko asmoz. Iaz 550 haur inguruk parte hartu zuten udako ekintza horietan. Koldo Agirre alkateak azaldu duenez, «umeek ekainean ikasturtea bukatzen dutela ikusita, zerbait berezia egiteko aukera» eman nahi diete bi hilabete horietan zehar. Hala, «eskaintza oparoa» osatu dutela uste dute; bi txandatan banatuko dituzte udalekuak, bata ekainaren 25etik uztailaren 6ra, eta bestea uztailaren 9tik 20ra bitartean. Udalekuak, 4 eta 16 urte arteko haur eta gaztetxoei daude zuzenduta. Eskaintzarik zabalena, kirol arlokoa izango da aurten ere. Jon Alkaiaga kirolaren udal fundazioko ordezkariak azaldu duenez, «aurten 20 urte betetzen ditu kirol udalekuen eskaintzak». Iaz zerbitzuak zabaldu egin zituzten, eta emaitza «oso ona» izan dela dio; guztira, 511 umek parte hartu zuten kirol arloko ekintzetan. Aurten, prezioak mantendu badituzte ere, «eskaintza horri eutsi» egin nahi izan diote. Kirol udalekuen helburu nagusia, «kirol heziketa aberastea, eta horrekin batera, ikasleen heziketa orokorra bultzatzea» dela azaldu du Alkaiagak. Horrekin batera, ordea, «giro alaia eta afektibitatea eta ariketa fisikoa» bultzatu nahi dituzte, beti ere, kirola lagun giroan, elkartasunean [...]
Beasaingo Udalak zabaldu du dagoeneko 2012ko udalekuen eskaintza. Kirola, musika eta aisialdia oinarri hartuta, adin ezberdinetako umeentzako zazpi talde antolatu dituzte. Iazko prezio berak mantendu badituzte ere, eskaintzari eta zerbitzuei eutsi egin nahi izan diote, umeei uda garairako aisialdiko ahalik eta aukera zabalena eskaintzeko asmoz. Iaz 550 haur inguruk parte hartu zuten udako ekintza horietan.
Koldo Agirre alkateak azaldu duenez, «umeek ekainean ikasturtea bukatzen dutela ikusita, zerbait berezia egiteko aukera» eman nahi diete bi hilabete horietan zehar. Hala, «eskaintza oparoa» osatu dutela uste dute; bi txandatan banatuko dituzte udalekuak, bata ekainaren 25etik uztailaren 6ra, eta bestea uztailaren 9tik 20ra bitartean. Udalekuak, 4 eta 16 urte arteko haur eta gaztetxoei daude zuzenduta.
Eskaintzarik zabalena, kirol arlokoa izango da aurten ere. Jon Alkaiaga kirolaren udal fundazioko ordezkariak azaldu duenez, «aurten 20 urte betetzen ditu kirol udalekuen eskaintzak». Iaz zerbitzuak zabaldu egin zituzten, eta emaitza «oso ona» izan dela dio; guztira, 511 umek parte hartu zuten kirol arloko ekintzetan. Aurten, prezioak mantendu badituzte ere, «eskaintza horri eutsi» egin nahi izan diote.
Kirol udalekuen helburu nagusia, «kirol heziketa aberastea, eta horrekin batera, ikasleen heziketa orokorra bultzatzea» dela azaldu du Alkaiagak. Horrekin batera, ordea, «giro alaia eta afektibitatea eta ariketa fisikoa» bultzatu nahi dituzte, beti ere, kirola lagun giroan, elkartasunean eta kooperazioan oinarrituta, lehiakortasunean baino gehiago.
Guztira lau talde osatuko dituzte, bata 4-5 urte artekoena, bestea 6-8 urtekoentzakoa, eta 9 eta 16 urte artekoen bi talde. Horietako batean, tenisa eta ur kirolak landuko dituzte batez ere, eta bestean, eskalada eta naturarekin lotutako abentura kirolak.
Aisialdia eta musika
Aisialdiko ikastaroei dagokionean, Aisihezi taldea arduratuko da horiek koordinatzeaz. Nerea Mantzisidorrek azaldu duenez, bi talde osatuko dituze, bata 9 eta 12 urte artekoa, eta bestea 13 eta 16 urte artekoena. «Bi udalekuen helburuak, opor garaian ongi pasatzea, lagun berriak egitea, eta sormena eta irudimena lantzeko aukera ematen duen eskaintza bat egitea» izango dira. Asmo horrekin, «ahalik eta programa anitzenak eta erakargarrienak» egiten saiatu dira. Aurten egingo dituzten ekintzen artean, break eta funky ikastaroa, hondartzara irteera eta surf ikastaroa, edota lip dub baten grabaketa egongo direla aurreratu du.
Musika udalekuei dagokionean berriz, aurreneko hamabostaldirako eskaintza osatu dute, hau ere, bi taldetan banatuta; umeentzako tailerra eta 6 eta 12 urte artekoena. Piano Estudioko Xabier Lizasok gidatuta, «jolasean musikaren mundu zoragarria ezagutu, ulertu eta bizitzeko helburua» du udaleku horrek.
Udaleku guztien kasuan, hilaren 28tik ekainaren 8ra arteko epea izango da izena emateko. Horretarako, udaleko gazteria sailera, kiroldegira edo musika eskolara jo behar da. Izena emateko garaian emango dute programazioaren eta ordutegien antolaketaren inguruko informazioa.