Gaur arratsaldean, 19:00ak aldera, piztu dute azken asteetan Zaldibian egiten aritu diren txondorra. Herri giroan piztu gainera, dozenaka zaldibitar plazatik kalejiran joan baitira Ibargungo basoa deitzen zaion eremura. Patxi Iraolak eta Joxe Mari Aranburuk hiruna bertso kantatu ondoren, Xanti Lizarraga Xanti naparra eta haren laguntzaileak txondorra pizten hasi dira. Atzoz geroztik zuten prest txondorra piztu ahal izateko brasa, eta dozena erdi bat palakada bota, tximiniaren goiko muturra zotalez eta orbelez estali ondoren, piztutzat eman du Xanti naparrak txondorra. Tximiniaren bueltan haga batekin zulo txikiak egin dizkio txondorrari, eta bildutako herritarrei hainbat azalpen eman dizkie. Izan ere, orain hogei bat egunean txondorra zaindu egin beharko da, eta dagoeneko herritar batzu-batzuk azaldu dute zaintza lan horietan aritzeko asmoa. 30 tona pago egur erabili dute Zaldibian txondorra egiteko, eta San Joan bezpera ingururako dozena bat tona ikatz izatea espero dute. Txondorra pizteko erabilitako brasarekin egindako saiheskia eta txorizo egosia janez bukatu da gaurko ekitaldia.
Beasaingo Loinatz jaietako azken parranda egunean egin ohi den bezalaxe, mozorro eguna ospatzen ari dira gaur. Aurreko asteburuko hotz eta euriarekin ez du zerikusirik oraingoak, eta jende dezente animatu da eguerdiaz geroztik kalera mozorrotuta ater...
Naturgas taldeko Alain Gonzalezek irabazi du 52. Loinatz proba, zortzi-hamar laguneko tropeltxo batean esprintean nagusi izan eta gero. Taldetxo horretan bigarren Jon Ander Intsausti mutiloarra izan da (Bidelan) eta Lizarte taldeko Victor Manuel Moleon hirugarren. Lehen beasaindarraren saria Gopar Ikolan-Lanaldiko Jon Garmendiak jaso du. Hamarretan abiatuko da proba Beasaindik, eta ordubata izateko minutu gutxi falta zirela iritsi dira lehenengoak helmugara. 22 taldek parte hartu dute proban, eta 121 txirrindulari izan dira denera. Loinatz Txirrindulari elkarteak antolatutako probak 122 kilometro izan ditu. Lehendabizi, Eitzagatik gora Legazpira joan dira txirrindulariak, Mutiloako Lierni gainera gero, eta Beasaindik pasa ondoren, Gabiriatik Atagoitiko gaina igo dute, atzera Lierniko gaina pasa, eta Olaberriatik bueltan itzuli dira Beasainera. Proba erditik aurrera tropeltxo bat ibili da lasterketa buruan, eta horixe izan da Beasaingo helmugara iritsi dena. 23 uztez azpikoentzako Loinatz proba Lehendakari txapelketarako baliagarria da, eta Beasaingo karrerak eman duenarekin, lider aldaketa egon da sailkapenean: Aitor Gonzalez (Debabarrena) da lider berria. SAILKAPENAK Lehen hiru sailkatuak 1. Alain Gonzalez (Naturgas) 2. Jon Ander Intsausti (Bidelan) 3. Victor Manuel Mauleon (Lizarte) Taldekakoa 1. Lizarte Mendikoa 1. Gerardo Rienda (Cafes Baque) Lehen beasaindarra 1. Jon Garmendia (Gopar Ikolan-Lanaldi) Lehendakari txapelketako lider berria 1. Aitor Gonzalez (Debabarrena)
Aizkorri-Goierri II. futbol txapelketako partidak ikusteko aukera izango da gaur egun osoan Segurako Alustiza zelaian. Benjamin eta kimu mailako dozenaka mutiko ari dira futbolean. Goierriko taldeak ez ezik, Sakanakoak –Altsasu eta Etxarri– eta Urola klubekoak elkartu dira txapelketan. Mutikoek goizez eta arratsaldez jokatuko dituzte partidak, 25 minutukoak. Arratsaldean, berriz, nesken hiru taldek elkarren kontra jokatuko dute, Goierri, Lazkao eta Ordiziakoek hain zuzen. Benjaminak 1. MULTZOA -Goierri A -Altsasu A -Urola 2. MULTZOA -Etxarri -Goierri B -Altsasu B Kimuak 1. MULTZOA -Goierri A -Lazkao -Altsasu 2. MULTZOA -Etxarri -Goierri B -Urola Neskak -Goierri -Lazkao -Ordizia
Goierriko hiru herritako haurrek dantza emanaldia egin dute gaur arratsaldean Itsasondoko plazan. Olaberria, Legorreta eta Itsasondoko dantza taldeek egin dute saioa –Zaldibiakoak ere joatekoak ziren, baina azkenean ez dira izan–, giro on eta xumean. Olaberrikoen kasuan, gainera, gurasoek haien txikiekin egin dute dantza. Elkartopadantza saioari bukaera emateko, hiru herrietako dantzariek elkarrekin dantzatu dute ikurrin dantza.
Gaur goiz-eguerdi partean Beasaingo Loinatz plazapean jokatu den elkarteko sukaldaritza txapelketa Murumendi elkarteko ordezkariek irabazi dute. Bi platera prestatu behar zituzten txapelketan parte hartu duten hamar elkarteek (babak urdaiazpikoarekin eta mingaina saltsan), eta bi platerak batuta puntu gehien bildu duen elkartea izan da Murumendi Pelotazale elkartea. Lehenengo plater onenaren saria Bareak Merkatari elkarteak jaso du, eta bigarren plater onenarena Alfil xake elkarteak. Beti-bizi elkarteari egokitu zaio aurten txapelketa antolatzea. Elkarteetako ordezkariak bi platerak prestatzen ari ziren bitartean, asko eta asko izan dira plazapera inguratu diren herritarrak. Sukaldariek txorizo pintxoak eta edaria eskaini diete bertaratu direnei, eta giro jatorrean aritu dira denak. Sariak 13:30ak aldera eman dituzte. Epaimahaiak ordu erdia izango du plater denak dastatzeko. Honako sei sukaldariek osatu dute epaimahaia: Aitor Ruiz (Kikara), Iñigo Sanchez (Batzoki), Iker Markinez (Kuko), Juan Manuel Garmendia (Kattalin), Sole Iparragirre (Castillo) eta Jon Aierbe (Salbatore).
Garai batean auzotarrak bideak garbitzen eta elkarri laguntzen aritzen ziren bezala –oraindik ere egiten da hori leku bakan batzuetan– Seguran auzolanean ari da gaur goizean herriko hainbat txoko txukuntzen. 08:30ean 40-50 bat lagun elkartu dira ...