Nikolas Alustiza Euskatel taldeko onena Trans-Himalaya lasterketaren lehen etapan
Bederatzigarren postua lortu zuen txirrindulari zumarragarrak.
Euskaltel-Euskadik atzo abiatu zuen Trans-Himalaya Cycling Race, Tibeteko 3.500 metrotik gorako lautadetan jokatzen den lau etapako proba berezia. Lehen egunean, Nikolas Alustiza zumarragarra izan zen talde laranjaren sailkatu onena, bederatzigarren postuan helmugaratuta.
Taldearen apusturik handiena Jon Aberasturi zen, esprintean garaipenak bilatzeko eta sailkapen nagusian puntu baliotsuak eskuratzeko. Hala ere, arabarrak ezbeharra izan zuen eta eroriko batek kanpoan utzi zuen lehen etapan garaipenaren lehian, nahiz eta kolpeak ez diren larriak izan. Une honetan, Aberasturi 24. postuan dago, 34 segundora.
Euskaltel-Euskadik puntu baliotsuak bilatzen ditu munduko ProTeam sailkapenean 30 onenen artean sartzeko, eta horrela 2026ko Giroa, Tourra edo Vueltarako gonbidapenak jasotzeko aukera izateko. Gaur egun, 32. postuan dago (1.176 puntu), Bardiani (30. postua) baino 683 puntura.
Trans-Himalaya lasterketa estrategikoki aukeratu du taldeak, maila apalagoko lehiakideekin puntu gehiago eskuratzeko asmoz, aurretik Taiwanen, Hainanen eta Qinghaiko etapak baliatu bezala.
Hurrengo etapak izango dira Euskaltelentzat —eta bereziki Alustizarentzat— aukera nagusia, sailkapen nagusiko puntu erabakigarriak lortzeko eta talde laranja 30 onenen zerrendara gerturatzeko.













