Udaleko partaidetza sustatzeko batzordearen ekimenez, auzolanean txondorra egiten ari dira Zaldibian. Xanti Lizarraga ‘Xanti naparra’ txondorgilea ari da taldea gidatzen, beste hainbat lagunekin. Bihar arratsaldean piztuko dute.
Zaldibiako Udaleko parte hartzea sustatzeko batzordean herritar batek egindako proposamenari heltzetik sortu zen orain hilabete batzuk herrian txondorra egiteko asmoa. Galtzen ari diren ofizioei buruz aritu ziren bilera horietako batean, eta herritar batek honako galdera egin zuen: «Zenbatek ezagutuko dute gure herrian zer den txondorra?». Galdera horixe izan zen ekimen parte hartzaile honen abiapuntua.
Zaldibian bada gizonezko bat ofizioz txondorgile izana. Xanti Lizarraga da bera, Xanti naparra ezizenez ezagunagoa. Urte askoan lanbide izan zuen txondorgintzari grinaz eusten dio oraindik, eta bi aldiz pentsatu gabe eman zion baiezkoa proposamenari. Hori ikusita, herriko eragileak, elkarteak eta norbanakoak bilduko lituzkeen lan talde bat osatzea erabaki zuen udalak. Zaldibiako txondorra, iraganera bidaia izena jarri zioten egitasmoari.
Zubi-Buru eta Gaztelu elkarteek, Beti Gazte jubilatuen elkarteak, Lardizabal herri eskolako zuzendaritzak eta guraso elkarteak, gazte asanbladak, eta udaleko ingurumen eta kultura batzordeek egin zuten bat ekimenarekin. Baliabideak aurkitzea, ekintzaren prozesua zehaztea, txondorra egiteko leku egokia aurkitzea eta egitasmoa bera nola finantzatu erabakitzea izan zen lehen bilera hartako gai ordena. Egurra erosteko dirua udalak eta herriko bi soziedade gastronomikoek jarriko zutela adostu zuten.
Maiatzaren 6an aurkeztu zien udalak herritarrei txondorraren proiektua, Ibargungo basoan bertan. Ordurako hainbat zeregin aurreratuta zituzten lehen lanak egiteaz arduratzen ari diren lau lagunak, denak ere adinean aurrera joanak: Xanti naparra, Antonio Iraola (Arruko Antonio), Ramon Gorostizu (Elormendiko Ramon) eta Manuel Labaka (Agotxaneko Manuel). Txondorra eraikitzeko eremua zopizartua zuten ordurako –eremua garbitu, belar guztiak kenduta–, eta egur pixka bat ebakita ere bai jendeari azalpenak eman ahal izateko.
Txondorraren tximinia izango zena eraiki zuen orduan laukoteak, eta segidan oinarria edo parrilla kokatu zuten. Ondoren, inguru guztia zutikako egur puskekin betetzeari ekin zioten. Erakustaldi moduko bat izan zen igande hartakoa, hortik aurrerako hamabost hogei egin dute benetako lana. Herritarrei egin zieten egur txikitzen aritzeko deia, eta banaka batzuk izan badira ere, jendeak erantzun dio deiari. Aste honetan bukatu dute egur denak txondorrean pilatzeaz. Garoz eta lurrez ere estali dute, eta piztea falta da soilik.
Festa moduko bat eginez piztuko du bihar, 18:30ean, Xanti naparrak txondorra, tximiniatik brasa botata. Eta orduan hasiko da benetako parte hartzea. Hogei bat egunez zaindu beharko dute herritarrek txondorra, gau eta egun. Txandak egiten hasiak dira dagoeneko, jende askok azaldu baitu zaintza lanetarako borondatea. San Joan bezperarako-edo zakuetan behar du ikatzak, lurrez eta orbelez freskatu ondoren.
Xanti Lizarraga ‘Xanti naparra’: «Pagoa egur garbiagoa da, baina artea gogorragoa da, eta gehiago irauten du»
Aitarekin ikasi zuen gaztetan Xanti Lizarragak (Dorrao, Nafarroa, 1938) txondorrak egiten. Aitarekin eta lau anaiekin aritzen zen batean eta bestean ofizio horretan: Dorraon, Arbizu inguruan, Etxarri-Aranatzen, eta baita Ataunen ere, besteak beste.
Makina bat txondor egindakoa izango zara ba…
Uff! Asko. Herrian, Sakanan, Igaratza aldean ere bai, Putterri inguruan. Handik Kifosara bi gurdikada jaisten genituen idiekin egunean. Inguru hartan 25 bat txondor egindakoak bagara. Ataungo Arzarekin ere ibiltzen nintzen. Hamalau bat urte izango nituen orduan.
Jendeak hala eskatuta txondorra egindakoa ere bazara.
Zaldibian egin nuen orain hamabost bat urte, Ataunen gerora ere egin nuen bat, eta baita Salbatoren ere. Salbatoren mutilzahar baten kapritxoz egin nuen, txondorreko ikatzarekin egindako txuleta jan nahi zuela eta [barrez].
Udaberria garai ona da txondorra egiteko.
Bai, orain ona, negua tristea izaten da. Neguan egindakoak bagara, baina gutxi. Euria ugari, eta lanerako asunto txarra. Hemen bero pixka bat pasatu beharko dugu, baina gutxienez lehorrean ari gara.
Zein da egurrik egokiena txondorra egiteko?
Artea da onena. Hemen pagoarekin ari gara. Pagoa egur garbiagoa da, baina artea gogorragoa da, eta gehiago irauten du. Barruan egosten ari denean alde ederrekoa da artea. Gainontzean, lan egiteko pagoa da hobea, egur gozoagoa.
Zenbat tona egurreko txondorra egiten ari zarete hemen?
38.000 kilorekin, bi kamioikada egur. Iratitik ekarritakoa dela esan didate, ez dakit egia edo gezurra den [barrez]. Egur gogorra da, baina ona. Adardunak-eta ez dago sartzertik.
Eta zenbat ikatz aterako dela kalkulatzen duzu?
Jo ezazu 32.000 kilo inguru erabiliko ditugula. Sartutako egurraren erdia baino gutxiago izango da ikatza. Egur hau egosten denean arina gelditzen da. Dozena bat tona ikatz aterako dira, ateratzen badira.
Eremua zopizartu zenuten aurrena, egurra txikitu ere bai, eta orain txondorra egiten ari zarete. Aurreko lanak ondo egitea garrantzitsua izango da, ezta?
Terrenoa ondo prestatu behar da, bueltan-bueltan belarra kenduta. Gero parrilla jarri beharra dago, lurraren gainean jarriz gero ez delako egosten egurra. Tximinia egin, eta txondorraren ipurdian egur lodiak jarri behar dira. Gero meheagoak, eta azkeneko errematea egurrik meheenekin egiten da, dena gozatzeko eta zirriztuak-eta tapatu eta ixteko. Ondoren garoarekin, orbelarekin eta lurrarekin estaliko dugu, eta tximinitik brasa botata piztu.
Zein da txondorraren etsairik handiena? Euria, haizea…
Haizea okerrena. Haizeak segun eta nondik jotzen duen, horko zuloak tapatu egin behar dira, bestela tira egiten du bestaldera. Eta bere kasa zuloa egiten bada, pare hori garbitu egin behar da, berriz ere egurra sartu, estali eta aurrera. Txondorrari zutik eutsi behar zaio.
Bihar piztuko duzu txondorra, eta zaintza lanetan herritarrek aritu behar dute. Zer da jendeak kontuan hartu behar duena?
Zuloren bat sortuz gero, garoa eta lurra kendu beharra dago, dena ondo garbitu, eta ingurua atzera egurrarekin bete. Gaur igual alderdi batean egingo da zuloa, eta hurrengoan bestean. Hori eginez gero, txondorra lehen bezalaxe geratuko da.
Eta noiz jakiten da ikatza eginda dagoela.
Hori goitik egiten da. Makila batekin zuloak egin bueltan-bueltan, eta kea botatzen hasten da suabe-suabe. Gero beheraxeago egin, gero beheraxeago… Behera etorritakoan berak erakusten du, kea joan egiten da ia.