Lurdes Landa: «Sei hilabeterako etorri nintzen, eta bederatzi urte igaro dira ordutik»
Lurdes Landa 1971n jaio zen Zumarragan. 14 urte zituela irten zen lehenengo aldiz bere jaioterritik: «Ingalaterrara, ingelesa ikastera joan nintzen», dio. Turismo ikasketak egin zituen Donostian, eta ikasketak amaituta, zortzi urtez aritu zen lanean Beasaingo bidaia agentzia batean. Orain bederatzi urte, Alemaniara bertako hizkuntza ikastera joateko erabakia hartu zuen arte.
Nolatan aukeratu zenuen Nuremberg hiria?
Egiaz, ez nintzen zuzenean Nurembergera etorri. Bambergen bizi izan naiz orain dela gutxira arte. Nurembergetik 80 kilometrotara dagoen herri bat da.
Zergatik utzi zenuen Bamberg?
Lan kontuengatik etorri nintzen Nurembergera, duela urte bete inguru. Lantokitik gertuago gelditzen zait orain bizitokia. Hasiera batean, sei hilabeterako etorri nintzen aleman ikastaro trinko bat egiteko. Baina oraindik hemen jarraitzen dut!
Zertan egiten duzu lan Nurembergen?
Bertako enpresa ezagun batean salmenten eta esportazioen saileko komertziala naiz.
Bavierako hiri honetatik zer nabarmenduko zenuke?
Nuremberg historia luzeko herria da. Horretaz gainera, agenda kultural oso zabala dauka urte guztian zehar, baina batez ere uda partean. Aire libreko kontzertuak, antzerkia eta hainbat ikuskizun antolatzen dituzte, besteak beste. Sasoi honetan kaleak jendez betetzen dira, eta bizi-bizirik daude. Zer esanik ez, hemen hain ohikoak diren garagardotegiak ere lepo egoten dira.
Nolakoa da zure eguneroko bizitza bertan?
Zorionez, lagun asko ditut hemen, ez alemanak bakarrik, baita beste herrialde batzuetakoak ere. Orokorrean, hemengo jendea oso atsegina da eta beste kulturekiko jakin-min handia dute.
Zer botatzen duzu faltan Zumarragatik?
Gauza asko, baina, batez ere nire familia. Baita kuadrilla eta lagunak ere, eta noski herriko festak ere bai. Faltan botatzen dudan beste gauzetako bat janaria da, batez ere arraina, hemen, aurkitzea oso zaila baita.
Noiz etorri zinen azkeneko aldiz Zumarragara?
Azkenezkoz Gabonetan izan nintzen. Gainerakoan, urtean lau edo bost aldiz joaten saiatzen naiz. Eta, ahal dela, festaren bat edo beste dagoen garaia aukeratzen saiatzen naiz.
Zure lekua aurkitu al duzu Nurembergen ala Zumarragara bueltatzeko asmoa al duzu?
Azkenaldian, inoiz baino gehiago etortzen zait burura bueltatzearen aukera. Dena dela, lan egoera nola dagoen ikusita, oraindik itxaron egin beharko dudala badakit.
Bueltatzen zarenean, zer ekarriko duzu Nurembergetik?
Oroitzapen onak, batez ere.