Sarako bidean
Agauntza errekaren bazterretik eta Barandiaranen pausoak jarraituz, ia Ataun osoa zeharkatzen du bideak.
Itzal luzea utzi zuen Joxemiel Barandiaranek, eta herritarrek beti agertu izan diote esker ona. Haren omenez egindako museoa dago Ataunen; baita haren izena daraman eskola ere. Duela urte batzuk konpondu eta erabilgarri jarri zuten herribideak ere, ikerlari ezagunari egiten dio erreferentzia, Sara bidea izena hartu baitu.
Lazkaoko Zubierreka industrialdean hasiko dugu txangoa. Presaren ondotik doan bideari ekingo diogu. Ibilbide osoan, Agauntza erreka izango dugu bidelagun. Berehala, Lazkaoren eta Ataunen arteko muga egiten duen Urmakiko zubira iritsiko gara. Otadizelai baserria eskubira utzita, gasolindegi aldean, errepidea zeharkatuko dugu aurrena, eta erreka gero.
Hogei bat minuturen buruan iritsiko gara San Martin auzora. Bidarteko zubian, herrigune aldera egin eta San Martin elizaren ondotik pasako gara. Plaza atzean utzita, zubia zeharkatu eta erreka bazterretik jarraituko dugu, atzera herribideari heldu arte. Errekaz bestaldera utziko ditugu Joxemiel Barandiaran ikastetxea eta garai bateko eskola izan zen Gabrielenea. Geldiune bat egin nahi duenak, Astigarragako atsedenlekuan du horretarako toki aproposa.
Bideari berriro ekin, eta kilometro batera, Murkondo auzora iritsiko gara, Barandiaran jaio zen tokira. Han dago Ipar Euskal Herritik bueltan eraiki zuen Sara etxea, 1953tik 1991. urtera arte, bizitoki izan zuena. Aurrera jarraituta, errotatxoa eta Barandiaran museoa daude, ikerlariaren inguruan gehiago jakin nahi duenarentzat.
San Gregorioko auzogunea atzean utzita, errotaren aldaparoari jarraituko diogu, presara iritsi arte. Errekaren aldamenetik jarraituta, beste kilometro eta erdira dago Ergoiena auzoa; bertan bukatzen da Ataungo herribidea.