Gibelurdinak eta onddoak, tokia hartzen
Lierni Elortza • Azokako berriemalea Ferian ez ezik, feriatik kanpo ere jakinmin handiena sortzen duten produktuak dira mikologia arlokoak. Atzo ere bertako lehen on-ddo eta gibelurdinak hasi zireneko berria ailegatu orduko iritsi zitzaigun. Izan ere, askorentzat, jatea bezain besteko plazerra edota handiagoa baita horiek aurkitzea, gero kontatzean hartzen den poza barne. «Nik ixilik gordetzea nahiago, jendea hasi ez dadin» pentsatzen duenik ere bada, noski, eta ez gutxi gainera. Kontuak kontu, gibelurdinez eta onddoz osatutako denboraldiko lehen kiloa eraman zuen Aierbe ataundarrak, eta Lasaren postuan jarri zuten salgai, kiloa 30 euroan. Ingurukoan aukera osatzeko, 6 kilo ziza gehitu behar, prezio berean. Barazkietan, berriz, borraja berriak hasi dira 1,20 euroan sorta. Eta berrienen artean tomatea –negutegikoa, noski– 3 eta 5 euro artean kiloa. Postuz postu, ilar eta baba asko zegoen, joan zen asteko prezioei eutsiz. Frutei dagokionez, gereziak aipatu behar. Goierri ingurukorik ez ordea; plaza barruko postuetan ez zegoen alerik, bai ordea, inguruko posturen batean edo bestean. Nafarroako Etxauritik ekarritako lehen gereziak zeuden salgai, oso prezio onean (3 euro). «Gaur erositako prezioan ematen ari naiz, promozioa egiteko; gero garestiago izango dira bai», zioen saltzaileak. Bestela momentu honetan Aragoitik ekarritakoa da jaun eta jabe, 4 eta 6 euro artean. ‘Gildak’ jateko prest Patxi [...]
Ferian ez ezik, feriatik kanpo ere jakinmin handiena sortzen duten produktuak dira mikologia arlokoak. Atzo ere bertako lehen on-ddo eta gibelurdinak hasi zireneko berria ailegatu orduko iritsi zitzaigun. Izan ere, askorentzat, jatea bezain besteko plazerra edota handiagoa baita horiek aurkitzea, gero kontatzean hartzen den poza barne. «Nik ixilik gordetzea nahiago, jendea hasi ez dadin» pentsatzen duenik ere bada, noski, eta ez gutxi gainera. Kontuak kontu, gibelurdinez eta onddoz osatutako denboraldiko lehen kiloa eraman zuen Aierbe ataundarrak, eta Lasaren postuan jarri zuten salgai, kiloa 30 euroan. Ingurukoan aukera osatzeko, 6 kilo ziza gehitu behar, prezio berean.
Barazkietan, berriz, borraja berriak hasi dira 1,20 euroan sorta. Eta berrienen artean tomatea
–negutegikoa, noski– 3 eta 5 euro artean kiloa. Postuz postu, ilar eta baba asko zegoen, joan zen asteko prezioei eutsiz.
Frutei dagokionez, gereziak aipatu behar. Goierri ingurukorik ez ordea; plaza barruko postuetan ez zegoen alerik, bai ordea, inguruko posturen batean edo bestean. Nafarroako Etxauritik ekarritako lehen gereziak zeuden salgai, oso prezio onean (3 euro). «Gaur erositako prezioan ematen ari naiz, promozioa egiteko; gero garestiago izango dira bai», zioen saltzaileak. Bestela momentu honetan Aragoitik ekarritakoa da jaun eta jabe, 4 eta 6 euro artean.
‘Gildak’ jateko prest
Patxi Atienzaren postuan ikusi ditugu Ibarrako Zubelzu enpresa komertzializatzen hasi den gildak; bi neurritako plastikozko ontzitan salgai: 6koa 4,50 euroan eta 15ekoa 9,50ean. «Produktu aukeratuak erabili dituzte, eta aurrera ikusi egin behar, baina oraingoz, oso harrera ona egin diote bezeroek» zioen Atienzak, erostera etorri den emakume batekin berriketan ari zen bitartean. «Berria baldin bada, onena probatzea da, merezi duen jakiteko».
Denboraldiz denboraldi, etorriko denaren iragarle dira landareak. Uda betean prest izango direnak aldatzen ari garen honetan, Esther Illarramendik dagoeneko salgai ditu negu beteko eskarola eta kardu landareak. Garaiz dela jakinda ere, beti dago bezeroren bat aurrera begira, aurrenetan aurrenak landatzeko gogoz.
Lazkao Txikiren eta azokako saltzaile baten arteko elkarrizketa, gereziei buruz
Aurten Goierri inguru honetan gerezi urtea izango den itxurarik ez bada ere, oraintxe gaude garaian, eta aste honetan ere, gerezi kontua dakargu sail honetara. Eta berriz ere Lazkao Txiki, Joxe Migel Iztueta zena, du protagonista hil berria den Florentino Goiburu Idiazabalgo bertsolariari entzundako kontu honek.
Ba omen zebilen Joxemiel ferian batetik bestera, eta mahai batetik bai eta hurrengotik ere bai, gereziren bat edo beste hartu eta jan, hartu eta jan. Saltzaileren bat konturatu eta baita esan ere:
– Aizu Joxemiel, zu ai zea jan ta jan baino hok eosi ein behar die.
– Hok eosi? Hok gordiñek e eztare txarrak – erantzun omen zien Lazkao Txikik, ohikoa zuen abileziaz eta graziaz.